Kutsaduraren eta karbono isurien alorrean, arrakala handiak daude. Arrakala horiek izan daitezke generoaren araberakoak, herrialdearen araberakoak eta klasearen araberakoak, frogatuta baitago batez beste gizonek emakumeek baino gehiago kutsatzen dutela eta Iparralde Globaleko herrialdeek Hegoaldekoek baino karbono gehiago isurtzen dutela atmosferara. Bada, ezagunenetako bat dirudunen eta txiroenen arteko arrakala da, eta hori bera berretsi du Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak: munduko %0,1 dirudunenek —zortzi milioi pertsona— 3.500 milioi txiroenek adina karbono isurtzen dute atmosferara.
Urtero egin ohi du erakunde hark karbono isurietan dagoen desparekotasunari buruzko azterketa, eta azaldu dutenaren arabera, 1990. urtetik hona munduko %1 pertsona dirudunenek isuri guztien %20 sortu dituzte. Kalkulatu dutenez, %1 horien urtebeteko isuriek sortu duten gehiegizko beroaren ondorioz ia bi milioi pertsona gehiago hil dira; 1,9 milioi horietatik %78 errenta ertaineko eta baxuko herrialdeetan hil dira. Klima larrialdiari buruzko COP31 goi bileraren aurretik argitaratu du txostena GKEak.
Klima larrialdia areagotzen duten eta aldi berean klima aldaketara prestatzeko, moldatzeko eta berreraikitzeko proiektuak dituzten 217 enpresa antzeman ditu Oxfamek, Suntsitu eta Berreraiki Indizea deitzen dioten horretan. Eta horien atzean inbertsio funtsak daude: BlackRock eta Vanguard funts pribatuek, munduko handienek, 217 enpresa horietako %92an inbertitzen dute.
Sofia del Valle Oxfameko Klima Justizia arduraduna da, eta nabarmendu du baliabide gehien dituztenak hobeto babestu daitezkeela klima larrialdiaren inpaktuen aurrean, batez ere aseguru pribatuen bidez. Bestalde, haien etxebizitzak hobeto prestatuta daudela ere nabarmendu dute, kokalekuagatik eta materialengatik, besteak beste. Kontrara, txiroenek etxeak, uztak eta bestelako baliabideak gehiago galtzen dituztela nabarmendu du, baita berreskuratzeko zailtasun gehiago dituztela ere.
Desparekotasun hori nazioartean ere ikusten da: herrialde industrializatuenek gehiago kutsatzen dute biztanleko, eta kalte gutxiago jasaten dituzte. Horrez gain, baliabide gehiago dituzte ez soilik jasandako kalteak konpontzeko, baita azpiegiturak eta ekonomiak prestatzeko galera eta kalte gutxiago sufritzeko.
Tresna fiskalak
Beste behin, Oxfamek gobernuei eskatu die tresna fiskalak erabiltzeko gehien kutsatzen duten enpresak eta pertsonak zigortzeko. Uste dute krisi klimatikoan erantzukizun handiena dutenek krisi hori bera konpontzeko ekarpen handiena egin behar dutela; horregatik, erregai fosil enpresei zergak handitzeko eskatu dute, baita karbono asko isurtzen duten luxuzko ondasunei ere, hegazkin pribatuei bereziki.
Halaber, diru bilketa hori Hegoalde Globalarentzako klima finantzaketara bideratzeko eskatu dute, zuzeneko diru laguntza moduan. Izan ere, gaur egun klima finantzaketa laguntza eta mailegu bidez egiten da, eta azken horiek zorra handitzen dute eta hartzekodunen irabaziak handitzen dituzte. Uste dute 2035erako klima aldaketaren moldaketarako baliabideak hirukoiztu behar direla.