COP30

Munduko birikara erremedio bila

Astelehenean hasiko da COP30 goi bilera Brasilgo Amazonian, iaz adostutako finantzaketa helburua garatzeko asmo nagusia duela. Egokitzapenean ere urratsak egin nahi dituzte, baina estatu gehienek ez dute aurkeztu zer ekarpen egingo duten.

Lula da Silva eta Antonio Guterres, herenegun, elkarri eskua ematen, Belemen. ANTONIO LACERDA / EFE
Lula da Silva eta Antonio Guterres, herenegun, elkarri eskua ematen, Belemen. ANTONIO LACERDA / EFE
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo COP30 goi bilerak erregai fosilen esportatzaileen herrialdeetatik munduan karbono gehien xurgatzen duen lekuetako batera egingo du bidaia: Brasilgo Amazoniako Belem hirira. Ikusmin handia sortu zuen orduan izendapen horrek, kokalekuagatik bereziki. Izan ere, munduko birika gisa izendatu ohi da Amazonia, xurgatzen duen karbono dioxidoagatik batez ere. Baina, kezka iturri ere bihurtu da, klima aldaketa dela eta, basoak karbonoa finkatzeko ahalmena galtzen ari baitira. Horrez gainera, beste arazo garrantzitsu bat ere badu Amazoniak: deforestazioa. Beraz, aurreikusten da Brasilek anbizio handiagoko agenda bat eramango duela bilkurara, multilateralismoaren eta klima aldaketaren kontrako borrokaren bultzatzaile handienetako bat bihurtua baita, batez ere Luiz Inacio da Silva Lula presidente denetik.

33 urte beteko dira aurten Rio de Janeiron (Brasil) Nazio Batuek Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmena sinatu zutela, eta ordutik hona egiten den 30. bilkura izango da —COP, ingelesezko Conference of the Parties-en siglak— . Hitzarmena sinatu zenetik ez da biltzarrik egin Brasilen, eta Elisa Sainz de Murietak uste du Brasilgo konferentziaren presidentetza aurreko urteetakoak baino asmo handiagoko agenda prestatzen ari dela. Geologoa da Sainz de Murieta, eta EHUren eta Eusko Jaurlaritzaren BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzailea da; azaldu duenez, iazko COParen Azerbaijango presidentetza «nahiko kritikatua» izan zen, «ahula» izan zelako jarrerari eta agendari dagokienez.

Finantzaketaren garapena

Aurtengo helburuen artean, Sainz de Murietak nabarmendu du iaz onartu zen finantzaketa helburua garatzea dela lehentasunetako bat. 2024ra arte adostua zuten herrialde industrializatuek garabidean daudenei urtean 100.000 milioi dolar emango zizkietela klima aldaketari aurre egiteko neurrietarako, eta iazko biltzarrean, Bakun egindako COP29an, adostu zuten 2035erako urtean 300.000 milioi dolar jartzea. Negoziazio horiek luze jo zuten, eta adostasuna hala-holakoa izan zen, Hegoalde Globaleko herrialdeek diru gehiago eskatzen baitzuten.

Sainz de Murietak gogorarazi duenez, txostenean argi adierazi zuten finantzaketa egoki bat izateko 1,3 bilioi dolar beharko liratekeela, eta horixe eskatzen dute garabidean dauden herrialdeek: «Aurretik ezarritako helburua halako hiru zen adostutakoa, baina, halere, oso urrun dago finantza txostenean adierazi zuten kopurutik.

«Urtez urte azpimarratzen da arlo pribatuaren rolak ere garrantzitsua izan behar duela finantzaketan, baina ez da ezer gehiago zehazten»

ELISA SAINZ DE MURIETA BC3 zentroko ikertzailea

Bada, pozik ez badaude ere, hori adostuta dago jada, baina asko dago egiteko oraindik. Sainz de Murietak azaldu duenez, finantzaketa hori nola gauzatuko den zehaztu behar da orain: «Iaz Bakutik Belemerako bide orri bat ezarri zen, eta finantzaketaren inguruan ere espero da aurrerapausoren bat egitea».

Izan ere, akordio hori lortuta, erabaki behar da bakoitzak zenbat emango duen, eta hor sektore pribatua sartzen da: «Urtez urte azpimarratzen da arlo pribatuaren rolak ere garrantzitsua izan behar duela finantzaketan, eta horretarako ere bideak jarri behar dira. Aipatu egiten da, baina zehaztu gabe; beraz, ez dakit zenbateraino lortuko den zehaztea finantzaketaren inguruko konpromisoa nola aldatzen den».

GERMANY CLIMATE PROTEST
Fridays for Future eragileko hainbat kide, Berlinen, Friedrich Merz kantzilerraren kontrako protesta bat egiten. FILIP SINGER / EFE

Nahiz eta negoziazioak astelehenean hasi, munduko lider asko asteon elkartu dira Belemen, bilkuraren atariko gisa. Han izan da Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia, eta goi bilerako hainbat gai izan ditu hizpide. Finantzaketari dagokionez, herrialdeei eskatu die horretarako bide orri «sinesgarri» bat diseinatzeko, helburua bete dadin: dirua Hegoalde Globalera iristea.

Egokitzapenaren garrantzia

Klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoa da karbono isuriak murriztea, eta horretan jarri dute arreta azken urteetan, nahiz eta emaitza onik ez duen ekarri: Lurrak 1,5ºC-ko berotzea gainditu zuen urtebetean lehenengoz 2024an, eta karbono isuriek handitzen jarraitzen dute —2023tik 2024ra %2,4 handitu ziren isuriak, NBEren arabera—. Eta helburu horiek betetzen ari direnez, klima agendaren beste erpin bat garrantzia irabazten ari da: egokitzapena.

Herrialde gehienek ez dituzte bete isuriak murrizteko konpromisoak, eta nabaria da dagoeneko horren eragina: klima aldaketarekin zerikusia duten fenomenoak —bero boladak, muturreko ekaitzak, uholdeak, suteak, lehorteak...— ugaritzen ari dira, baita gogortzen ere. Hori kontuan hartuta, ezinbestekoa da biztanleria babesteko esku hartzea, eta horretarako ere bada Iparralde Globalak Hegoalde Globalari eman beharreko dirua. Sainz de Muruetak azaldu duenez, tropikoetatik gertuago dauden herrialdeetan nabaritzen da gehien fenomeno horien eragina, eta, Iparralde Globalean ere ugaritzen ari badira ere, prestatuago daude halakoei aurre egiteko.

64

Zenbat herrialdek aurkeztu dituzten nazio mailako ekarpen zehatzak (NDC). NBEren arabera, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Hitzarmena sinatua duten herrialdeen herenek entregatu dituzte bakarrik 2035erako nazio mailako ekarpen zehatzak, irailaren 30ean egin zuten kontaketaren arabera.

Gainera, historikoki herrialde garatuenek erantzukizun handiagoa dute klima larrialdian, gehiago isuri dutelako, eta BC3ko ikertzaileak ezinbestekotzat jotzen du egokitzapenerako finantzaketa handitzea: «Gertatzen ari diren fenomenoak ikusita, egokitzapena derrigorrezkoa da; jada ez da arintzearen senide txikia, eta aurrerapausoak eman behar dira».

Ekarpen berrien falta

Biltzar honen agendako parte ez bada ere, gailurra hasi baino lehenago herrialde guztiek nazio mailako ekarpen zehatzak (NDC) ezarri behar zituzten, baina gehienek ez dituzte 2035erako helburuak berritu. NBEk irailaren 30era bitartean estatuek aurkeztutako NDCak aztertu ditu: soilik 64 herrialdek aurkeztu zituzten.

NBEren esanetan, ezarritako NDC horiek asmo handiagokoak dira, baina berotzea 1,5ºC-ra mugatzeko oraindik nahikoa ez direla nabarmendu du. Egokitzapenari dagokionez, aurkeztutako NDCen %27k ez dute horrekin lotutako neurririk biltzen. Hori dela eta, NBEk herrialdeei eskatu die Parisko Itunaren inplementazioa azkartzeko.

 
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.