Nazioarteko klima zuzenbidean aditua

Pedro Cisterna Gaete: «Hagaren iritziak pisu juridikoa ematen dio nazioarteko legediari»

Cisternak uste du epaileek eta salatzaileek argudio juridiko gisa erabili ahalko dutela Hagak uztailean esandakoa, iritzi soila izanagatik ere, eta horrek iritzia bera indartuko duela gutxinaka.

PEDRO CISTERNA
Pedro Cisterna Gaete. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vanuatuko ikasgela batean hasi zen dena: zuzenbide graduko klase batean, ikasle talde batek proposatu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiari iritzi bat eskatzea, herrialdeek klima aldaketaren gainean zer erantzukizun dituzten argitzeko. Ideia indarra hartzen hasi zen, eta, kanpaina baten ostean, iritzia eskatzea lortu zen, eta uda honetan jaso zuten erantzuna: Hagak ondorioztatu zuen herrialdeek betebeharra dutela klima larrialdiari aurre egiteko. Belemen (Brasil) egingo den COP30 biltzarraren aurretik, Pedro Cisterna Gaetek (Concepcion, Txile, 1987) uste du iritzi horrek oraindik ez duela intzidentzia handirik izango nazioarteko goi bilera handietan, baina espero du gutxinaka indarra hartuz joatea, herrialdeetako auzitegietako epaiketetan batez ere.

Nola ikusi zenuen Hagak eman zuen iritzia?

Garrantzitsua da gogoratzea hiru epaitegik eman dutela klima aldaketari buruzko iritziren bat, eta Itsasoko Auzitegiak emandakoa izan zen lehena. Deigarria da ikustea nola badauden estatu batzuk halako galderak egiten dizkietenak nazioarteko epaitegiei, estatuek dituzten eta bete behar dituzten klima betekizunei indar handiagoa emateko.

Eta erantzunekin, oro har ondo definitutako iritzi lerro bat ari dira sortzen: estatuek gutxinaka beren gain har ditzatela klima betebeharrak. Itsasoko Auzitegiak, adibidez, ebatzi zuen berotegi gasen emisioak itsas kutsadura gisa hartu daitezkeela, eta horrela betebeharrak sortu daitezke kutsadura hori kontrolatzeko.

Zer diote beste epaitegiek?

Giza Eskubideen Auzitegi Interamerikarrak iritzi anbiziotsuago bat eman zuen, esaten baitu estatuek arretaz jokatzeko eginbeharra indartu behar dutela, eta estatuei dei egiten die bere klima ekintza etengabea izan dadin. Bestalde, klima larrialdian giza eskubideak jartzen ditu erdigunean.

«Iritziak duen eragin juridiko garrantzitsuena zera da, indar handiagoz exijitu ahalko zaiela herrialdeei Parisko Akordioak ezartzen dizkien eginbeharrak betetzeko

»

Eta horren ostean etorri zen Nazioarteko Justizia Auzitegiak eman zuen iritzia; auzitegi horrekin beti dago kontserbadoreegia izatearen beldurra, askotan saiatzen baita ez asko lerratzen alde batera, baina uda honetan eman zuen iritzia hortik aldentzen da, ausartagoa izan baitzen. Ez zuen zehaztu herrialde bakoitza zenbateraino den errudun, baina nabarmendu zuen herrialdeek arretaz jokatzeko eginbeharra dutela, eta klima betebeharrak lotesleak direla; hau da, pisu juridikoa ematen dio nazioarteko legediari, eta exijitzeko moduko bihurtzen du.

Egiten duen beste gauza interesgarri bat da kalteen prebentzioa klima betebehar gisa ulertzea, eta hori nazioarteko zuzenbidearen betekizun gisa interpretatu da. Beraz, hirurak gutxi gorabehera ados daude estatuek anbiziotsuagoak izan behar dutela eta arauak daudela. Orain, kontua da ea estatuek auzitegien mezu hori hartzen duten edo ez.

Eragin al dezakete iritzi horiek COP30eko negoziazioetan?

Iritziak ekarpen handia egiten du, baina kontua da ea nork ekiten dion horri. Hagak dio hemen erantzule historikoak daudela klima aldaketaren sorkuntzan, eta horiek hartzen ari diren baino neurri gogorragoak hartu behar dituztela. Uste dut Belemgo negoziazioetan argumentu gisa erabiliko dela iritzi hori, ez duelako indar loteslerik. Beraz, agian, eztabaidetan eta erabakietan eragina izan dezake COP honetan. Garrantzitsua izango da ikustea herrialde kutsatzaileenek nola hartuko duten iritzi hori, eta ea praktikara eramaten duten edo ez.

Brasil, adibidez, iritzi hori lehen lerrora eramateko lanetan dabil, batez ere finantzaketaren aferan eragin nahian, nabarmenduz baliabide transferentzia bat beharrezkoa dela Ipar Globaletik Hego Globalera.

Halako iritziek zerbait ona badute, hori da betiko direla. Batek beti erabil ditzake jarrera bati pisu juridikoa emateko, eta hori COP30 biltzarrean gerta daiteke, baina baita COP31n eta COP35ean ere, eta beste eragin batzuk izango dituela uste dut.

Zertan?

Orain eztabaiden orientatzaile funtzioak beteko ditu, baina elur bola baten modukoa izango dela uste dut, indarra hartuko du eta.

Uste duzu egongo dela aukerarik iritzi hori lotesle bihurtzeko?

Iritzi kontsultiboa gaur egun nazioarteko zuzenbidearen parte da, iritzi gisa, baina herrialdeetako epaitegiak erreferentzia gisa erabiltzen hasten diren unetik, gerta daiteke ebazpen batzuk egitea iritzi horretan oinarrituta, horregatik hartuko du indar handiagoa. Bestalde, nazioarteko auzitegietara kasu gehiago heldu hala, indar juridikoa hartuko du.

Baina gaur egun, iritziak duen eragin juridiko garrantzitsuena zera da, indar handiagoz exijitu ahalko zaiela herrialdeei Parisko Akordioak ezartzen dizkien eginbeharrak betetzeko. Parisko Akordioari kutsu berria ematen dio, batzuetan kolokan geratzen baita hitzarmen hori, zati asko ez baitira lotesleak; hori dela eta, iritziak indartu egiten du akordioa, eta hori nabarituko da aurrerantzean.

Beraz, herritar talde batek bere herrialdearen kontra egiten badu klima kontuengatik, epaitegiek iritzi hori erabili ahalko dute epaiketa hipotetiko batean?

Gero eta klima kasu gehiago daude epaitegietan, eta Hagaren iritziak balioko die ez soilik epaileei, baita salaketa jartzen dutenei ere, demanda argudiatzeko. Klima aldaketaren eraginak sufritzen dituzten edo sufritzeko arriskua dutenei balioko die argudio asko emateko, ikusten badute klima aldaketaren aurrean estatuak ez dituela bete bere betebeharrak.

«Gatazka humanitario handiak daude, eta gobernu asko ez dira klima agenda lehenesten ari»

Kasuek gora egingo dute zure ustez?

Elur-bola efektu bat egon daiteke, azken finean gero eta kasu gehiago oinarrituko baitira Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzian; auzitan aritze horrek jarraitzen badu, iritzi horren erabilerak berdin egingo du, eta erreferentzia bat izango da ekintza judizialerako, baina baita ebazpenak egiterakoan ere.

Lex specialis doktrinaren erabilera baztertu zuen Hagak. Horrek indartu egingo al du estatuei erantzukizunak eskatze hori?

Hagak dioena da Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmena eta Parisko Akordioa ez daudela nazioarteko zuzenbidetik at, baizik eta haren parte direla. Beraz, herrialde batzuek erabiltzen zuten aitzakia ezabatzen du, eta herrialdeen arintze, kooperazio eta finantzaketa-laguntza betebeharrak interpretatzen ditu nazioarteko zuzenbidearen arau orokorrak erabiliz. Beraz, esplizituki integratzen ditu hitzarmen horiek, eta koherentzia sistemikoago bat ahalbidetzen du; hau da, Parisko Akordioa ez du interpretatzen bakarrik hegan dabilen kometa bat bezala, baizik eta nazioarteko sistema oso baten parte gisa.

Zer espero dezakegu COP30 biltzarrean?

Asko espero zen, Parisko Hitzarmenetik hamar urte betetzen zirelako, baina uste dut espektatibak apaldu behar ditugula, nazioarteko testuinguruagatik batez ere. Glasgowko COP26 biltzarrean, adibidez, klima ekintza agenda politikoaren lehen lerroan zegoen, baina gaur egun ez dago hor. Gatazka humanitario handiak daude, eta gobernu asko ez dira klima agenda lehenesten ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.