Txina

Munduko itsas zubirik luzeena inauguratu du Txinak

55 kilometroko luzera du eta horietatik 30 itsasoa zeharkatzen dute gainetik. Azpiegiturak helburu du Hong Kong eta Macao hiriak Txina kontinentalarekin gehiago integratzea. Azpiegiturak kritika ugari jaso ditu, izan ditzakeen ondorio politikoengatik eta ingurumenari eragindako kalteengatik.

Zhuhai, Macao eta Hong Kong lotzen dituen itsas zubia. JEROME FAVRE, EFE
2018ko urriaren 23a
15:15
Entzun

Txinak beste azpiegitura bat gehitu du obra faraonikoen zerrendara. Munduko itsas zubirik luzeena inuguratu du, gaur, herrialdearen hego ekialdean. Zubiak Perla ibaiaren deltako Zhuhai, Macao eta Hong Kong hiriak lotuko ditu, eta Hong Kong eta Macao hiri autonomoak Txina kontinentalean gehiago integratzea du helburu. Txinako gobernuak adierazi du azpiegitura funtsezkoa dela lurralde, merkataritza eta ekonomia batasuna indartzeko.

Zubiaren eraikuntzarako 400.000 tona altzairu erabili dituzte; 60 Eiffel dorre egiteko adina. Egitura horrek 55 kilometro luze den bideari eusten dio. 30 kilometro itsasoaren gainetik eraiki dituzte, eta beste 6,7 kilometro lur azpitik, tamaina handiko itsaontzien joan-etorria ez eragozteko. Hong Kong hiriko Lantau irlan du zubiak muturretako bat, eta Macao eta Zhuhai hirien arteko irla artifizial batean du bestea.

Kritikoen arabera, zubiaren eraikuntza lanek 15.000 milioi dolar baino gehiagoko kostua izan dute, eta aurreikusitakoa baino %26 garestiagoa izan da azkenean. 2009ko abenduan hasi ziren zubia eraikitzen eta proiektuak hainbat atzerapen izan ditu ordutik. Gobernuaren esanetan, eraikutzaren konplexutasunak behartu du atzerapen horietara eta aurreikusi gabeko gastuak egitera. 20 langile hil dira lanetan eta 600 baino gehiago zauritu.

Hong Kongen eragin du zubiak kritika gehien oposizio politikoaren aldetik. Zubiarekin, Pekinek hiri autonomoaren gaineko presioa handituko duela ohartarazi dute ahots kritikoek. Orain hilabete, Hong Kongeko Abiadura Handiko Trena inauguratu zuen gobernuak, hiri autonomoa Txinako tren sarearekin lotze aldera.

Horrez gain, azpiegiturak talde ekologisten kritikak ere jaso ditu. Itsasoko hainbat espezieren habitata larriki murriztu duela salatu dute. Nabarmendu dutenez, izurde txinatar zuria inguru horretatik desagertu da, lanen ondorioz.

Itsas zubi erraldoia beste urrats bat da Txinako Gobernuak herrialdearen hego-ekialdea eraldatzeko duen proiektuan. AEBetako Silicon Valleyrekin lehiatuko den industria eta teknologia berrikuntzarako gune bihurtu nahi du eskualdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.