Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia

Murrizketen ordua iritsi da

Frantziako sozialistek gehiengo osoa lortu dute parlamentuan, eta François Hollandek eskuak libre ditu bere politikak ezartzekoGobernuak murrizketak egingo dituela iragarri du, baina «bidezkoak» izango direla

Murrizketen ordua iritsi da.
Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Legebiltzarrean gehiengo osoa lortu ostean, iritsi da egiaren unea François Hollande presidentearentzat. Amaitu dira kanpainak, promesak eta berba leunak. Bere politikak ezartzen hasteko unea da, eta azken hilabeteetan Alemaniaren murrizketa ereduaren aldean hazkundearen bandera astindu duten sozialistek aitortu dute zein izango den bidea: Frantziako Gobernuak murrizketak egingo ditu. Manel Valls Barne ministroak, baina, zehaztapen bat egin du:ez dira edonolakoak izango. Murrizketa «bidezkoak» izango dira.

Inork ez die «errealitatea» ezkutatu herritarrei, Vallsen arabera. «Frantziarrak oso argiak dira, eta denek ezagutzen dituzte zailtasunak». Finantza publikoen egoera larria dela aitortu du ministroak, eta gaineratu du horregatik egingo dituztela murrizketak. Pierre Moscovici Finantza ministroak, berriz, lasaitasun mezua eman nahi izan du: «Gure proiektua ez da zorroztasunarena». Hala ere, aitortu du Parisek «esfortzu fiskalak eta gastuen gainekoak» ezarriko dituela.

Oraingoz ez du inork argitu non sartuko dituzten guraizeak, baina nabarmendu dute bi direla Hollanderen lehentasunak eta eremu horiek ez dituztela ukituko: hezkuntza eta segurtasuna. «Zorroztasuna beharrezkoa da», Vallsen esanetan, eta gobernuaren helburua legealdi amaierarako, 2017rako, zero defizitera iristea da. «Zaila izango da helburua lortzea, baina horixe da gure egitekoa».

Joan den domekan lortutako gehiengo osoak erabat erraztuko dio agintaldia Hollanderi. Alderdi sozialistak eta haren aliatuek 314 diputatu lortu dituzte Asanblea Nazionalean. Erraz gainditu dituzte gehiengo osoa lortzeko behar diren 289 eserlekuak, eta, beraz, ez dute ez Berdeen ez EF Ezkerreko Frontearen babesik beharko legeak onartzeko —ekologistak gobernukide izan arren—. Berdeek gorakada nabarmena izan dute hamazazpi eserleku lortuta, eta talde propioa osatzeko aukera izango dute, gutxienez hamabost diputatu behar baitira horretarako. EFk, berriz, hamar diputaturekin, ez du talderik izango. Dena dela, Jean-Luc Melenchon EFko buruak legebiltzarreko araudia aldatzeko eskatu die sozialistei, talde propioa izan dezaten.

Porrot nagusia eskuinak izan du, UMP kontserbadoreak eta haren aliatuek. Orain bost urte, gehiengo osoa zuten legebiltzarrean; orain, berriz, oposiziora pasa dira, 229 diputaturekin —320 lortu zituen 2007an—. Gainera, Marine Le Penen Fronte Nazionala Parisko legebiltzarrera itzuli da hogei urteren ostean, eta bi eserleku lortu ditu. Parlamentuko eskuinak, nolanahi ere, ez du eragiteko tarterik izango, boterea erabat baitago Alderdi Sozialistaren esku.

Bestalde, bi datu eta hiru izen nabarmendu dira Frantziako Legebiltzarrerako bigarren itzulian. Datuei dagokienez, abstentzio altua izan da lehena, %43,71, eta diputatu emakumeen gorakada bigarrena. Lehen aldiz 155 emakume daude 577 eserlekuko ganberan, %27. Gorakadak gorakada, ordea, gutxiengoan jarraitzen dute emakumeek Asanblea Nazionalean. Izenei dagokienez, Segolene Royal sozialista, Marine Le Pen FNko burua eta François Bayrou zentristen burua nabarmendu dira, hiruretako inork ez baitu eserlekurik lortu.

Royal jarri nahi zuten sozialistek Asanblea Nazionalaren presidentetzan, baina 2007ko presidentetzarako PSren hautagaiak ezin izan dio Olivier Falorni sozialista ohiari irabazi Arroxelako barrutian. Dena den, laster bete dute haren hutsunea. Claude Barolone diputatu sozialistak dagoeneko esan du kargu horretarako hautagaia izango dela bera.

«Erronka handiak» Europan

Hollandek guztiz libre ditu eskuak. Kontrolpean ditu gobernua, senatua eta parlamentua, baina etxetik kanpo jarri ditu erronka nagusiak. «Hollanderen politikaren helburua Europa hazkundera bideratzea da, eta espekulazioaren ondorioak saihestea», azaldu du Jean-Marc Ayrault lehen ministroak. Datozen asteetan Hollandek izango dituen bi hitzordu aipatu ditu «Europako kideak mobilizatzeko» aukeratzat. Datorren barikuan, Erroman izango da Hollande, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin eta Mario Monti Italiako lehen ministroarekin. Bestalde, hilaren 28an eta 29an, Europako Kontseiluko kideek bilera egingo dute Bruselan.

Parisko gobernuak, berriz, dimisioa aurkeztu dio Hollanderi, bozen ostean gobernu berria osatzeko. Ministro gehienak sozialistak dira, baina Berdeek ere badute ordezkaritza. Hala ere, adituek ez dute aldaketa handirik espero; gobernuak bere horretan jarraituko duela uste dute. Presidenteak Ayraulti eman dio gobernu berria osatzeko ardura, eta hark etzi emango du osaketaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.