Porrot egin du Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran energia alorreko menia bat ezartzeko Donald Trump AEBetako presidentearen nahiak. Errusiak atzo jada Ukrainako energia instalazioak jo zituen, argudiatuz su eten hori zehaztu gabea zela —gaur ere bonbardatu ditu—. Eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «kito» esan ondoren, Kievek Errusiako findegi bati eraso egin dio gaur, Moskutik 200 kilometro ingurura, Riazanen. AEBetako agintaldi erdiko bozen atarian, hortaz, Trumpek, oraingoz, ezingo du esan su eten bat lortu duela.
Trumpekin duen harremana tentsio betean dagoen honetan, Zelenskik berriro erasora jotzea erabaki du. Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu zen atzo Londresen, eta Financial Times hango egunkariari elkarrizketa eman zion. Gaur kaleratu dute, eta Ukrainako estatuburuak esplikatu du horretan menia hiru egunez errespetatzeko konpromisoa hartu zuela Ukrainak —orain arte ez du halakorik esan—, baina Errusiak ez zuela gauza bera egin.
Dena den, hasieratik izan da hauskorra tregoa. Trumpek igandean iragarri zuen, eta, Ukrainak, Errusiak eta Trumpek esandakoak aintzat hartuz, ematen du Etxe Zuriko maizterrak bere kabuz hartu zuela erabakia. Bi egun lehenago jakinarazi zuen Errusiako dieselari ezarritako zigorrak indargabetu zituela, Moskuk, berriro, erregai hori esporta zezan. Ukrainak, baina, findegi bati eraso egin zion larunbatean, eta Trump Zelenskirekin haserretu zen.
Horren harira, Zelenski azken egunetan ari da Washingtoni egozten nahita ukatzen diola zerbitzu sekretuen informazioa. Hain zuzen, Elon Musk enpresariak hori bera iradoki zuen atzo gauean. Zelenskiren esanetan, horrek zera ekarri du, beren aire eremuko defentsa sistemak ohi baino geroago aktibatzea, eta, horrenbestez, Errusiak egindako erasoen kalteak handiagoak izatea. Hain zuzen, Muskek sortua da Space X enpresaren Starlink satelite bidezko Internet zerbitzua, eta erabilera militarrerako bertsioa da Starshield, Pentagonoarentzat propio garatua.
«AEBetako Gobernuaren kontrolpean daude Starshield sistemak. AEBetako armadak erabakitzen du horiek nola erabili, eta azken hitza presidenteak du», nabarmendu zuen Muskek, munduko pertsonarik aberatsenak, X sare sozialean idatzitako mezu batean. Trumpen aholkularia izan zen Musk, Etxe Zuriko maizterra iazko urtarrilean kargura itzuli zenean. Muskek bere rolari uko egin zion iazko maiatzean, baina harreman ona dute. Hala, Trumpek egin bezala, Muskek ere esan du azken orduetan badela garaia Ukrainak beste presidente bat izan dezan.
Halere, neurri batean arrazoia ematen ari zaio Zelenskiri. Ukrainako presidentea Erresuma Batuko telebista kate batean elkarrizketatu zuten atzo, eta kazetariak galdetu zion ea Trumpek traizio egin ziolako irudipena duen. «Bai, baietz esango nuke... Baina nire emozioetatik eta irudipenetatik haratago doa auzia».
Financial Times-en gaur adierazi du Errusiaren erasoak detektatzeko sistemaren abiadura moteltzea ez zela arazo tekniko batengatik gertatu —esan du hala azaldu ziola enpresa horrek—, «nahita» moteldu zutela. Areago joan da, eta azpimarratu zera esan zietela AEBetako buruzagi militarrek Ukrainakoei: «Ez baldin badituzue erasoak eteten, zerbitzu sekretuen informazioa blokeatuko dugu». Zelenskik ez du, dena den, akusazio hori egiteko frogarik erakutsi.
Bulgaria, errusia akusatzeko frogarik gabe
Bulgariak ez du frogarik topatu baieztatzeko Errusia dagoela asteartean bere kostaldetik gertu, Itsaso Beltzean, droneekin bi zamaontziri egindako erasoaren atzean. Rumen Radev lehen ministroak hori esan die gaur kazetariei Bruselan, Europar Kontseiluaren bilerara iristean. Dena den, bere tesiari eusten dio, eta Errusia egin du erantzule: «Ez dugu uste Ukrainak bere ontziei eraso egingo dienik. Ez du logikarik. Beraz, eraso honen emaitzek Errusiari mesede egiten diote, nahiz eta ez dugun frogarik esateko droneak errusiarrak direla». Zamaontzietako bat Errusiako enpresa batena da; bestea, hondoratu zena, ez. Hain zuzen ere, azken horretan zihoazen 11 marinelak desagertuta daude oraindik ere —bost onik erreskatatu zituzten—.
Bien bitartean, Moskuk eta Ukrainak kateatuta segitzen dute, eta aurreko egunetan ere Trumpek iragarritako tregoa urratzen aritzea egotzi dio Errusiak Kievi. Hori azpimarratu du Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek gaur, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Iruditzen zaio, bide batez, Ukrainak ez duela «bakearen alde» egiteko «borondaterik», eta AEBetako ordezkarien lana goratu du, «beren ahaleginagatik».
EBren kritikak Errusiari
Errusiako Defentsa Ministerioak zehaztu du 69 dronek eta lau misilek jo dutela Riazango findegia. Haren irudi batzuk zabaldu dituzte sare sozialetan, findegia sutan. Errusiak hiru pertsona hil ditu Ukraina erdialdeko Kirovohrad eskualdean, aire eraso batzuetan. Bonbardaketa horiek azpiegitura zibilak, logistikakoak eta etxebizitzak jo dituzte, Andrii Raikovitx hango gobernadoreak ohar batean esan duenez.
Eta EB Europako Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek, berriz, AEBei egotzi diete Errusiari gerra finantzatzen laguntzea, Moskuren dieselari jarritako zigorrak bertan behera utzi dituelako. Hori adierazi dute gehienek gaur, Europar Kontseiluak Bruselan egindako bilerara iritsi berritan. Kaja Kallas talde komunitarioaren diplomaziaburuak adierazi du ematen duela Washingtonek eta Bruselak gerraren «ikuspegi desberdinak» dituztela.