Nabulusen, Zisjordaniako leku askotan baino gehiago, Israelgo okupazio indarren blokeoa pairatzen dute, Hala ere, egoera ez da II. Intifadan zen bezalakoa: hiriak ez du horren goiz loak hartzen, eta ez da espero izaten armadaren erasorik egun bat joan eta bestea etorri. Baina kaleetatik ibiltzeak, hiri zaharrak, gertatu zenaren oroitzapenak erakartzen ditu. Jendeak irribarrez hartzen du bisitaria, eta merkatariek —Palestinako merkataritzarentzat eta industriarentzat ezinbesteko jarduera dago Nabulusen— eskuz egindako kalitatezko produktuak erakusten dituzte, oliba oliozko xaboiak edota eztiz eta gaztaz estalitako kenafa tokiko jaki gozoak. Oraindik tentsioa sentitzen da. Hangoek esaten dute estres psikologikoa dutela, eta etxeratze aginduak berriz gertatzeari beldurra, maiz egun osoan irauten zuten-eta. Hiri zaharrean, goxokien fabrika ikusi bitartean Abu Ashra errefuxiatu eta bidelagunak gogoan du goxokien azukrez elikatzen zirela 2000ko otsaileko egunetan, elikagairik ia ez zegoenean, eta etxeetatik ateratzeko arazoak zituztenean.
Zisjordaniako lekurik zailenetakoan, Hauarako kontrolgunean, ez dago ia murrizketarik duela bi urtetik. Hori da Israelekin eseri denean Palestinako Aginte Nazionalak lortu dituen garaipen txikietako bat. Horren ordainez, 2.500 etxebizitza gehiago kolonoentzat Palestinako lurraldean.
Kolonoak nonahi
Hala eta guztiz ere, militarrak hantxe dira, eta kolonoen autobusek Nabulusko errepideak zeharkatzen dituzte euren etxeetara joateko. Nahiz eta egoera lehen baino lasaiagoa den soldadu israeldarrak errepidea zeharkatzeko hartutako taxira gerturatzen dira, eta beste norabide bat hartu beharraz jarduten dute, errepidea moztu dutelako. Soldadu drusua da hitz egiten ari dena; arabieraz mintzo da, baina hala ere, ez du azalpen gehiagorik ematen. Edonora joateko denbora hartuta ere beti berandu iristeko arriskua dago Nabulusen, egunero ohikotasuna apurtzen duen edozer. Beti zerbait.
Abu Ashra Balata eremuan dago errefuxiatu, Zisjordania osoko eremurik handienean, eta berak badaki Nabulusko herritarrek jasatendutena: okupatuta dituzten hiri askotan baino nabariagoa da haienganako jazarpena.«Nabulus Palestinako merkataritzaren eta industriaren bihotza da, Hebronekin batera, eta horrekin batera errefuxiatu guneetatik erresistentzia handiagoa dago, bizitza baldintzak oso eskasak direlako».
Hiria lau base militarrek inguratuta dago, eta haietatik Israelgo armadak mugimendu guztiak kontrolpean dauzka. Kaleetan baina, borrokan hil diren martirien argazkiak daude zintzilikatuta, eta haien oroitzapenak ematen die indar Ashra eta bera bezalako milaka herritarri.
Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn
Nabulus, Hamasen Zisjordania
Zisjordanian Al Fata nagusi ez den gune gutxietako bat da Nabulus hiria, eta Israelen okupazioa beste edonon baino gehiago jasan behar izaten dute hangoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu