Resistencia hiriko (Argentina) auzitegi batek ebatzi du estatuak erantzukizuna izan zuela Napalpiko sarraskian. Qom eta moqoit komunitateetako nekazariek lan baldintza kaskarren kontra abiatutako protestak zapaltzeko, Argentinako jendarmeek eta paramilitarrek 200-300 indigena hil zituzten 1924an, tiroketa baten bidez. Zunilda Niremperger magistratuak atzo kaleratutako epaiaren arabera, frogatuta gelditu da «gizateriaren kontrako krimenak» egin zituztela «indigenen genozidio baten» testuinguruan, eta estatua horien erantzule dela.
Epaian zehaztu dute «erreparazio historikoa» egin dadila. Biktimen senideek ez diete kalte ordainik emango, nahiz eta tokiko hedabideek argitaratu duten posible dela horiek jasotzea, epaiketa zibil bat hasten badute. Apirilaren 24an hasi zen epaiketa.
Eta erreparazioa egiteko neurri batzuk agindu ditu epaileak. Esaterako, eskoletako hezkuntza programetan gertatutakoaren berri ematen duen informazioa jasotzea, eta biktimen gorpuzkinak bilatzen jarraitzea —gorpuak erraustu egin zituzten, eta hilobi komunetan lurperatu—. Sententziaren arabera, estatuak ekitaldi bat antolatu beharko du bere erantzukizuna onartuz, eta horretan parte hartu beharko dute biktimen senideek. Epaileak eskatu du, era berean, gertakarien lekuan museo bati eta memoriaren gune bati leku egitea.
Indigenen ahotsa
Chaco probintzian gertatu zen sarraskia, Resistencia hiritik 150 kilometrora, eta han bizi ziren herritarren %70-80 hil zituzten 1924ko uztailaren 19 hartan. Sententziaren berri izan ondoren, qom komunitateko biktima baten senide Raquel Esquivelek AFP berri agentziari adierazi dio badela «indigenen ahotsak entzunak izateko garaia».
2014an, Fiskaltzak atariko ikerketa bat eginarazi zuen, eta, horren bidez, bizirik ateratako qom eta moqoit komunitateetako kideen ahotsak bildu ahal izan ziren. Gero, egiaren aldeko epaiketa bat egiteko modua eman zuen Justizia Federalak.