Atzean geratu da Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa aurrez aurre biltzeko aukera, baita Ukrainako gerrarako «bake akordio bat» negoziatzeko elkarrizketak ere. Asteon koska bat areagotu da gatazka, eta Errusiaren ofentsiba baterako prestatzen hasi da Polonia, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen laguntzarekin. Bielorrusia eta Errusia «errutinazko» entrenamendu militarrak elkarlanean egiten ari diren honetan, Mendebaldeko aliantza militarra Polonia ekialdea indartzen hasi da.
«NATOren Ekialdeko zentinela operazioa abian dago jada; operazio horrek Europaren segurtasuna babestuko du, gure aliatuen laguntzarekin», jakinarazi du Poloniako Defentsa ministro Wladyslaw Kosiniak-Kamyszek, sare sozialen bidez. Hain justu, aliantza horretako kide diren hainbat herrialdek, hala nola Frantziak, Alemaniak eta Danimarkak, ekipamendu militarra bidali dute Polonia ekialdera, eta espero da datozen egunetan Erresuma Batuak eta Espainiak gauza bera egitea.
Errusiak Poloniako aire eremua urratu zuen asteazken goizaldean, eta, Poloniako armadak Moskuk jaurtitako drone gehienak eraistea lortu bazuen ere, batzuk Polonia ekialdeko lurraldeetan erori ziren. Zelenskik eta Poloniako lehen ministro Donald Tuskek berehala leporatu zioten Moskuri erasoa «nahita» egitea. AEBetako presidente Donald Trumpek, berriz, esan zuen agian «akats bat» izan zela. Halere, nabarmendu zuen ez dagoela pozik gaur egungo egoerarekin.
AEBek NBE Nazio Batuen Erakundean duten ordezkari Dorothy Seak bart NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako adierazpenek agerian utzi dute Washingtonen haserrea. Seak Errusiari leporatu dio AEBei «adarra jotzea», eta Ukrainako gerra bukatzeko egindako «ahaleginak» gutxiestea. «AEBek NATOren parte den lurralde oro defendatuko dute», ohartarazi zuen. Hain zuzen, Poloniak eskatuta, NBEko Segurtasun Kontseiluaren ezohiko saio bat egin zuten atzo New Yorken, asteazkeneko erasoaz hitz egiteko.
Beste kasu bat
Errumaniako armadak Errusiak jaurtitako drone bat atzeman du gaur iluntzean bere aire espazioan, Ukrainako mugatik hogei kilometrora. Iturri horren arabera, gertutik jarraitu dute drone hori, eta beren aire espaziotik «azkar» desagertu bada ere, «adi» jarraitzen dute. Azken egunetako gertaerek alertan jarri dituzte EBko eta NATOko kideak, eta areagotu egin dituzte beren arteko harreman diplomatikoak, hurrengo pausoak erabakitzeko. Hain justu, hori izango dute hizpide, asteartean, Alemaniako kantziler Friedrich Merzek eta Nawrockik, Berlinen.