NATOk 5.000 militar gehiago zabalduko ditu Afganistanen

Aliantza Atlantikoko buruak nabarmendu du Afganistango gerra ez dela AEBena bakarrik, eta laguntza eskatu die aliatuei

2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Barack Obamak Afganistanera 30.000 soldadu estatubatuar gehiago bidaliko dituela iragarri eta biharamunean, NATO aliantza militarrak zehaztu zuen berak ere 5.000 militar gehiago bidaliko zituela. Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak, Anders Fogh Rasmussenek, du iragarpen hori egin, Aliantza Atlantikoko partaideei eta aliatuei «elkartasuna agertzeko» deia zabalduta. Buruzagiak nabarmendu du Afganistango gerra ez dela bakarrik AEBena, eta laguntza eskatu die aliatuei, gatazkari «azken bultzada» emateko.

«Ziurtatzen ahal dut NATOko partaide eta aliatuek Afganistanen tropa gehiago zabalduko dituztela, gutxienez 5.000 soldadu gehiago bidalita», adierazi du Rasmussenek, NATOren egoitza nagusian, Bruselan, eginiko agerraldian. Iragarritako kopuru horren barne daude Afganistanen, presidentetzarako bozen garaian, zabaldu zituzten 1.500 soldaduak.

Rasmussenen zenbaketan sartzen dira, halaber, Erresuma Batuko Gobernuak herenegun hitzemandako 500 soldaduak; ez, ordea, Poloniak bidal ditzakeen 600 militarrak edo Italiak igor ditzakeenak, Silvio Berlusconiren aginteak ez duelarik orainokoan kopuru zehatzik aipatu.NATOn kide horiez gain, Aliantza Atlantikoak Afganistanen zabaldu duen ISAF segurtasun indarraren osagai diren herrialde aliatu batzuen tropa gehigarriak ere egon daitezke. Hala nola Georgiak eta Hego Koreak bidal ditzaketenak, hots, 1.500 militar inguru. Orainokoan ez da batere argi ikusten, beraz, NATOk nola lortuko lukeen epe laburrera 5.000 soldadu bidaltzea, eta are gutxiago gehiago biltzea. Aliantza Atlantikoko agintari militarrak datorren astelehenean -abenduaren 7an- biltzekoak dira, arazoari heltzeko.

Londresko bileraren zain

ISAFen laguntzaile nagusietatik diren Alemaniak eta Frantziak, anartean, ez dute oraindik argi zehaztu tropa gehiago igorriko duten, eta, hala egitekotan, soldadu horien zeregina zein izango litzatekeen. Londresen datorren urtarrilaren 28rako antolatuko duten Afganistanentzako nazioarteko konferentzian hitzartuko dutenaren zain geratu dira Berlin eta Paris.

Tropa gehiago bidaltzeari buruz zuhur edo herabe agertzen diren herrialdeei mintzaturik, Rasmussenek hauxe gaineratu du: «Une garrantzitsu batean aurkitzen garelarik, NATOk argi erakutsi behar du batuta eta indartsu dagoela. Hortaz, kide eta aliatu orok gehiago egin behar dugu. Guztion ardura den guduka bat da eta, arrakasta lortuta, bururaino eraman behar dugu».

Ildo honi eutsita, AEBetako Defentsa idazkari Robert Gatesek adierazi du NATOko partaideek Afganistanera 5.000 eta 7.000 soldadu gehiago artean bidaltzea espero duela. «Gure aliatuengandik espero dugu lagundu gaitzaten Afganistango segurtasun indarren trebakuntza, hornikuntza eta finantzaketaren zamari aurre egiten. Horiek Afganistan ipar eta mendebaldean zabaldu behar dituzte euren indarrak, jazarleek [talibanek] ez dezaten base gehiago eratu bertan». Gauzak horrela antolatuz gero, Gatesek zehaztu du AEBetako tropek talibanei aurre egin ahal izango dietela Afganistango hegoaldean eta ekialdean.

Bukatzeko data

West Pointeko akademia militarrean herenegun [atzo goizaldea Euskal Herrian] eginiko hitzaldian, Obama ez zen mugatu tropa gehiago bidaliko zituela iragartzera, zehaztu zuen ere tropa gehigarri hauek «lehenbailehen zabaltzea» nahi duela. Dena den, erretiratzeko data ere jarri du Etxe Zuriko egoiliarrak. Gauzak ondo bidean, 2011ko uztailean soldaduak etxeratzen hasiko lirateke eta 2013rako denak AEBetan beharko lukete. AEBetako estatuburuak, bestalde, ohartarazte irmoak egin zizkien Afganistango gobernu agintariei: «Ordainetan ezer eskatu gabe txekeak egiten ziren garaiak amaitu dira. Gure laguntza jasotzen dutenengandik zer espero dugun esango dugu argiki. Ustelkeriaren kontra jardungo duten ministroak, gobernadoreak, eta tokiko agintariak sustatuko ditugu; alderantziz, ezertarako gai ez direnek eta ustelek beren erantzukizunak onartu beharko dituzte».

AEBetako presidentearen aholkulariak hasiak dira gerrarako finantzaketa bila. Hillary Clinton Estatu idazkaria, Robert Gates Defentsakoa eta Mike Mullen armadaburua Kongresuan izan ziren atzo, estrategia berria defendatzen. Soldadu gehiago bidaltzeko 30.000 milioiko aurrekontua lortu behar du Obamak.

Afganistango presidente Hamid Karzai pozik agertu da.«AEBetako tropak ugaltzeak segurtasuna handitzen lagunduko gaituela espero dugu. Erretiratzen hasteko data iragartzeak gure segurtasuna gu geuk bermatzera bultzatuko gaitu». Karzaik ez ezik, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere begi onez hartu du erabakia. Haren iritziz, Obamaren planak indar zibilak eta militarrak orekatuko ditu.

Talibanek aitzitik, ohartarazi dute soldadu estatubatuar ugariren hilkutxak etxeratzen ikusiko dituztela. «Gure herrialdea mendean hartzeko esperantza gauzatzerik ez dute lortuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.