Europako herrialdeek AEBei lagundu behar diete operazio militarretan, baina, aldi berean, gehiago inbertitu behar dute defentsan, Washingtonen mendeko ez izateko. Gutxi-asko, hori izan da gaur Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak aliantzako kideei eman dien aholkua. Beste behin, Etxe Zuriaren exijentziei men egin die Ruttek, eta Irango gatazkaren «hurrengo fasean» AEBekin elkarlanean aritzeko eskatu die aliantza militarreko kideei.
Ruttek NATOko Atzerri ministroen bilkura hasi aurretik esan duenez, aliantzako kideek AEBekin elkarlanean jardun beharko lukete Ormuzko itsasartea irekitzeko ahaleginetan, «itsas nabigaziorako askatasuna bermatzeko». Horren harira, Suediako Atzerri ministro Maria Malmer Stenergardek aitortu du badakiela AEBek «desengainua» hartu dutela, baina ziurtatu du prest daudela aurrerantzean itsasarte horretan libre nabigatzeko aukera bermatzen laguntzeko. Kanadako Atzerri ministro Anita Anand ere prest agertu da itsasartea irekitzen laguntzeko; hori bai, «behin betiko menia bat onartu ostean».
NATOko Atzerri ministroak batzartuta daude atzotik Helsingborg hirian (Suedia), eta, oraingoan ere, Donald Trump AEBetako presidentearen erabakiak eztabaidagai bilakatu dira. Rutte apirilaren hasieran joan zen Etxe Zurira, eta jakinarazi du Trump «dezepzionatuta» sumatu zuela. Halere, uste du Europako herrialdeek «mezua entzun» dutela, eta orain AEBek nahi luketen moduan jarduten ari direla.
Ez da iritzi berekoa Marco Rubio AEBetako estatu idazkaria. Suedian argitu duenez, Irango gerran Europako herrialdeek Washingtoni nahi baino laguntza gutxiago eman diotelako dago «dezepzionatuta» Trump. Horregatik, Rubiok ohartarazi du NATOko liderren hurrengo bilkura aliantzaren historiako bilerarik «garrantzitsuenetako bat» izango dela. Aliantza militarreko estatu kideetako gobernuburuak eta estatuburuak uztailaren 7an eta 8an elkartuko dira, Ankaran. Ruttek gaur jakinarazi duenez, bilkura horretara gonbidatuko dute Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea.
Bart, Trumpek zertxobait apaldu du NATOko herrialdeei egiten ari zen presioa. Izan ere, apirilaren amaieran Trumpek iragarri zuen AEBetako 5.000 soldadu aterako zituela Alemaniatik, Friedrich Merz kantzilerrak esan ostean Iran Washington «umiliatzen» ari zela. Gainera, jakinarazi zuen ez zituela bidaliko Poloniara bidaltzekoa zen 4.000 militar. Azkenean, atzera egin du, eta atzo gauean esan zuen 5.000 soldadu bidaliko dituela Poloniara.
Rubiok argitu du tropen mugimendu horiek ez direla Europako herrialdeak zigortzeko modu bat: «AEBek hainbat konpromiso dituzte nazioartean; hortaz, etengabe aztertu behar dugu tropak non hedatu», argitu du.
NATOko buruak begi onez hartu du erabakia, baina ohartarazi du Europak defentsa indartzen jarraitu beharra daukala: «Izan gaitezen gardenak: Europak indartsuagoa izan behar du NATO indartsuagoa izateko; horrela ez gara herrialde bakar baten hain mendeko izango». Etxe Zuriaren eskakizunetako bat da hori: Europako herrialdeek defentsako gastua areagotzea. Rubiok gaur ere bidali die mezua herrialde horiei: «Edozein aliantzak onuragarria izan behar du alde guztientzat».
Aeb-etako armadak esan du arma salmenta eten diola taiwani
AEBetako itsas armadako buruak, Hung Caok, gaur jakinarazi duenez, AEBek eten egin diote arma salmenta Taiwani. Caok argudiatu duenez, Iranen aurkako operaziorako behar beste munizio dutela bermatzeko hartu dute erabaki hori. AEBek, batez beste, urtean 14.000 milioi dolarren —12.000 milioi euro inguru— arma salmentak egiten dizkio Taiwani. Halere, Washingtonek aitortu du munizio «ugari» duela oraingoz, eta salmentak berrabiaraziko dituztela Etxe Zuriak hala erabakitzen duenean. Bestalde, Taiwango Gobernuak jakinarazi du ez duela jaso «doikuntza» horien inguruko informaziorik.