Lehen aldiz, Muammar Gaddafi koronelaren tropei eraso egiteko, helikopteroak erabili ditu NATOk Libian. Erresuma Batuko zein Frantziako helikoptero horiei esker erregimenaren aldeko indarrak errazago aurkitu ahal izango dituztela eta «eraso zehatzagoak» egin ahalko dituztela azaldu dute nazioarteko indarrek.
«Beharrezkoa den guztietan helikopteroak erabiltzen jarraituko dugu», adierazi du Charles Bouchard nazioarteko operazioaren buruetako batek. Izan ere, orain arte erabili dituzten hegazkinak baino baxuago eta mantsoago hegan egiteko gai dira. Hori horrela, zibilen artean ezkutatzen diren diktadorearen indarrei ere eraso egin ahal dietela adierazi dute, «zeharkako biktimen kopurua gutxituz». Dena den, hegazkinak baino jomuga errazagoak direla ere argitu dute.
Erreboltarien hiriburura, Bengazira, joan da Erresuma Batuko Atzerri ministro William Hague. Gaddafik zibilen aurka egin dituen erasoen aurrean ezin dituztela begiak itxi adierazi du, eta horregatik erabaki dutela helikopteroak bidaltzea operazioan parte hartzeko. «Gaddafik bere herritarrei eraso egiten jarraitzen dien bitartean, guk bera geldiarazteko ahaleginak indartuko ditugu», jakinarazi du.
Erreboltariek, hain zuzen ere, pozik hartu dute helikopteroen erabileraren berria. Izan ere, ostiralean mendebaldean lau herri mendean hartzea lortu bazuten ere, azken asteetan ez dira gai izan aurrerapen handirik egiteko zabalik dituzten gerra fronteetan. Hori horrela, NATOri erasoak indartzeko eskatu diote behin eta berriz. «Gaddafiren eta bere erregimenaren gainbehera eragingo duen neurri oro gogo onez hartzen dugu», azaldu du Mustafa Abdeljalil matxinoen Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak.
Bahituak eta desagertuak
Bestalde, Misrata hirian erasoak indartu egin dira azken egunotan, Gaddafik ez baitu hiria galdutzat eman nahi.
Gainera, erregimenaren indarrek mila lagun inguru bahitu edo desagerrarazi dituztela salatu dute lekukoek. Hiria erabat setiatuta eta inkomunikatuta dagoenez, inor bilatzea kasik ezinezkoa dela diote erreboltariek.
Adituen arabera, Mediterraneo itsasoko portu horretan erabaki daiteke, hein handi batean, herrialdearen etorkizuna. Erreboltariek badakite Misrata erregimenaren esku geratuz gero Gaddafik mendebaldearen kontrola hartuko lukeela, eta, ziurrenera, iraultzak porrot egingo lukeela.
NATOk lehen erasoak egin ditu helikopteroekin Libian
Zibilen artean ezkutatzen diren Gaddafiren indarrak aurkitzeko eta eraso zehatzagoak egiteko erabiliko dituzte helikopteroakErregimenaren gainbehera eragin dezakeen oro ongi etorria dela diote erreboltariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu