NATO

NATOk zatituta ospatuko du 70. urteurrena

Aliantzak 70 urte bete dituela ospatzeko ekitaldia egingo du bihar, Londresen. Trumpek eta Macronek erakundearen ildo estrategikoa aldatu nahi dute, norabide desberdinetan. Europako kideek diru ekarpena handituko dute aurten ere, bosgarren urtez jarraian.

Emmanuel Macron eta Jens Stoltenberg, Parisen, joan den azaroaren 28an. IAN LANGSDON / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 2a
20:55
Entzun

Ospakizunetarako aldarte handirik gabe egingo du NATOk bere 70. urteurreneko ekitaldia, bihar, Londresen. 1949an sortu zen defentsarako aliantza, Bigarren Mundu Gerraren ostean, Sobietar Batasunari aurre egiteko. Zazpi hamarkadaren ondoren, zalantzaz beterik begiratzen dio etorkizunari. Kideetako batzuk kritikatu dute erakundea urrun dagoela egungo erronka geopolitikoei erantzutetik, eta aldaketa sakonak behar dituela. Hori dela eta, ospakizun ekitaldietan parte hartzeaz gain, aliantzaren norabide estrategikoaz eztabaidatuko dute erakundean pisu handiena duten estatuetako agintariek.

NATOren barruko ahots kritikoak ez dira edonorenak. Donald Trump AEBetako presidenteak «zaharkituta» zegoela esan zuen, 2017ko urtarrilean. Handik gutxira atzera egin bazuen ere, ordutik, behin eta berriz errepikatu du beste era batera banatu behar dela kideek aliantzari egiten dioten diru ekarpena, eta estatu europarrei presio egin die BPGaren %2 NATOra bideratu dezaten. Hori izango da AEBen kezka nagusietako bat Londresko bilkuretan.  

Diru kontuetatik harago, aliantzaren estrategia bera jarri du auzitan Emmauel Macron Frantziako presidenteak. Erakundea «garun heriotzak» jota dagoela adierazi zuen, joan den astean. Macron ez dago ados Errusia eta Txina etsai nagusi gisa hartzearekin. Moskurekin eta Pekinekin hurbilagoko harremana bilatzea defendatzen du, eta, aldiz, ahalegin handiena «terrorismoaren» kontrako borrokara bideratzea. Horrez gain, Europako estatuen arteko defentsa elkarlana bultzatzearen beharra nabarmendu du.

Macron oso kritiko agertu da Turkiak Sirian izan duen jokabidearekin. NATOtik kanpo aritu dela salatu du. AEBak Siriatik erretiratu ondoren, Turkiak Rojavari egin zion eraso eta su etena negoziatu zuen bere kabuz Errusiarekin. Macronen kritikei berehala erantzun zien Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Macroni gomendatu zion ziurtatzeko ea ez ote den bera «garun heriotzan» dagoena. Auziaz hitz egiteko, Londresen bilduko dira Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania Turkiarekin. Beste bilkura batean elkartuko dira Macron eta Trump, aurrez aurre.

Macronen hitzek kezka eragin dute aliantzako hainbat kiderengan. Europa ekialdeko herrialdeek ez dute inolako hurbilketarik nahi Errusiarekin. Alemaniak ere bestelako ikuspuntua du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren esanetan, «Europa ez da gai uneotan bere kabuz defendatzeko», eta NATO mantentzea derrigorrezkoa zaio, «orain, Gerra Hotzean baino gehiago». Defentsara bideratutako diru kopurua handitzearen alde agertu da Merkel, eta goratu egin du NATOk Afganistanen eta Balkanetan jokatu zuen rolaren garrantzia.

Errusia ere «mehatxu»

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia Macronekin bildu zen joan den ostiralean, Parisen, Londresko bilkurak prestatzeko. Bileraren ostean, bereari eutsi zion Frantziako estatuburuak. Stoltenbergek, aldiz, «mehatxu guztiei» erantzuteko beharraz ohartarazi zuen: «terrorismoari», baina baita Errusiari ere. Haren esanetan, Moskuk aliatu bakar bati ere eraso egin ez dion arren, Ukraina eta Georgia «bizilagunei» eraso egin die.

Stoltenbergek ziurtatu du NATOk «bide bikoitza» lantzen jarraituko duela Moskurekin: defentsa jarrera indartsu bat eta, aldi berean, elkarrizketarako eskaintza.

Txinak nazioartean duen pisuaren eragina ere aztertu behar du NATOk, Stoltenbergen iritziz. «Aliatuek kontuan hartu behar dute Txinako Armadaren modernizazioa, eta Artikotik Balkanetara nahiz ziberespazioan duen presentzia geroz eta handiagoa».

Gastuak, gora

NATOren gastua 360.000 milioi eurokoa izango da 2024an. Stoltenbergek nabarmendu du bosgarren urtez jarraian handituko dutela ekarpena europarrek eta Kanadak aurten. Haren esanetan, ez da Trump asetzeko erabakia, «aliantza osoarentzako» neurri garrantzitsua baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.