Natura Leheneratzeko legea onartu du Europako Parlamentuak

Behin betiko testua adosteko negoziazioei ekin behar diete orain europarlamentuak, Batasuneko kide diren gobernu nazionalek eta Europako Batzordeak. Legeak helburu du 2030erako ekosistemen %20 leheneratzea.

Europa Parlamentuko saioa, herenegun, Estrasburgon. JULIEN WARNAND / EFE
Maddi Iztueta Olano.
2023ko uztailaren 12a
13:03
Entzun

Txalo zaparrada batek egin du eztanda Europako Parlamentuan. Estu, baina, azkenean, Europako Parlamentuak oniritzia eman dio Natura Leheneratzeko legeari. Europako Batzordeak iaz aurkeztutako lege proiektuak aldeko 336 boto, kontrako 313 eta 13 abstentzio izan ditu, eta 2030erako ekosistemen %20 leheneratzea du helburu. Europako Batzordearen arabera, egoera «kaskarrean» edo «eskasean» daude EB Europako Batasuneko landa eta itsaso eremuen %80 baino gehiago, eta horiek leheneratzeko «ezinbestekoa» da araudia.

Natura Leheneratzeko legea onartzeko bigarren saiakera izan da gaurkoa. Europako Ingurumen Batzordeak bozkatu zuen lehenbizi, ekainaren 27an, baina bertan behera gelditu zen —44 legegilek bozkatu zuten alde, eta 44k kontra—. Bozketa estuak eta korapilatsuak izan dira orain artekoak; bai Europako Ingurumen Batzordeak egindakoa, bai gaur goizean europarlamentuan egindakoa. Izan ere, legeak parez pare jarri ditu ezkerreko alderdiak, talde ekologistak eta zientzialariak; eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren industriako lobbyak eta eskuineko alderdiak.

Hain justu, EAP Europako Alderdi Popularrak du lege proiektuaren aurkako jarrera ezkorrenetako bat. Eskuineko alderdiaren arabera, legea «lehen sektore osoaren, nekazarien, abeltzainen eta arrantzaleen kontrakoa da», eta «behin betiko» baztertzen saiatu da. Lege proiektua bozkatu baino lehen, alderdi eskuindarrak proposatutako beste bozketa bat izan dute europarlamentuan: legea erabat baztertzekoa. Edonola ere, ez du aurrera egin; aurka bozkatu baitu gehiengoak —324 boto aurka, 312 alde eta 12 abstentzio—.

Ikusi gehiago:Natura leheneratzeko legea atzera bota du Europako Parlamentuko batzorde batek

Azken bi asteotan, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa, BirdLife eta beste zenbait elkarte ekologistak legearen alde egin dezatela galdegin diote europarlamentuari. Haien eskariarekin bat egin dute enpresa batzuek ere, hala nola Nestlek. Elikagaien industriako konpainiak nabarmendu du «erraldoiak» izan daitezkeela naturarentzat positiboa den ekonomia batek eskainitako aukera komertzialak.

Baina nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektoreak ez du begi onez ikusten Europako Batzordearen proposamena. Industriako zenbait talde kezkatuta azaldu dira, legeak nekazariei «kalte egingo» dielako eta janariaren segurtasuna «arriskuan» jarriko duelako. Are, legea kritikatu dute Irlandako eta Belgikako gobernuek, eta ohartarazi EB «arau gehiegi» ezartzen ari zaiela industriei.

Baina batzordeak emandako datuen arabera, legea atzera bota eta egungo joerei eutsiz gero ere, kalte handiei egin beharko diete aurre nekazariek. «Osasungarritasunik gabe» daude lurzoruen %70 baino gehiago; horien artean, zohikaztegiak, larreak eta dunak dira gehien kaltetuak, eta horrek «urtean 1.250 milioi euroren galerak» eragiten dizkio nekazaritzaren sektoreari.

Natura zaintzea, lehen lerroan

Europako Batzordeak iaz onartu zuen natura leheneratzeko lege proposamena, Europako Itun Berdearen eta biodibertsitatearen estrategiaren helburuei jarraituz. Araudiak xede du hamarkada honen amaierarako EBko landa eremuen %20 eta itsas eremuen %20 leheneratzeko neurriak ezartzea. Asmoak are handiagoak dira mendearen erdialderako; helburua da 2050erako eremu horien %90 leheneratzea. Horrez gain, EB osoan 2030erako pestizida kimikoen erabilera %50 murriztea ere jasotzen du legeak.

Batzordearen arabera, onura asko izango ditu hezeguneak, basoak, belardiak, ibaiak, aintzirak eta itsas ekosistema leheneratzeak. Besteak beste, landa eta itsaso eremuetako biodibertsitatea haztea ahalbidetuko luke, berotze globala eteten lagunduko luke, eta airearen zein uraren kalitatea bermatu eta hobetuko luke.

Orain, negoziazioei ekingo diete europarlamentuak, EBko kide diren gobernu nazionalek eta Europako Batzordeak, hiru aldeen artean behin betiko testu bat adosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.