Navi Pillay juristak irabazi du Bakearen Nobel saria

Epaimahaiaren esanetan, haren «adorea eta zintzotasuna» saritu dituzte.

Navanethem Pillay, artxiboko argazki batean. EFE.
Navanethem Pillay, artxiboko argazki batean. EFE.
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 9a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Navi Pillay jurista hegoafrikarrak irabazi du Bakearen Nobel saria. Epaimahaiaren esanetan, haren «adorea eta zintzotasuna» eta hala bakearen nola nazioarteko zuzenbidearen alde egin duen ahalegina saritu dituzte. «Gure garaiko epailerik prestigiotsuenetako bat da». Ez zen agertzen kinieletan. 85 urte ditu, eta, 2008tik 2014ra bitarte, esaterako, Giza Eskubideen NBE Nazio Batuen Erakundearen goi mandataria izan zen. 1901ean hasi ziren Bakearen Nobel saria ematen, eta hori lortzen duen 21. emakumea da Pillay.

Norvegiako Nobel Batzordeak ematen du saria, eta, irabazlea nor zen iragartzeko ekitaldian aurkezleak nabarmendu duenez, Pillayren jarduna «ezinbestekoa» izan da gerra krimenak, gizateriaren kontrakoak eta genozidioa epaitzen direla bermatzeko. Are, epaimahaiak uste du «buru» aritu zela «munduan ordena juridiko osoago bat izatearen aldeko bidean».

Jatorri tamila zuen familia batean jaio zen, Durbanen, eta apartheid sistema arrazistaren pean hazi. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Harvard Unibertsitatean doktore bihurtu. Jaioterrira itzulita, aitzindaria izan zen sistema juridikoan, eta, hain zuzen, apartheidaren kontra borrokatu zen. Jardun horretan, egiturazko diskriminazioari aurre egin behar izan zion. 

(ID_16518605) (FILE) NORWAY NOBEL PEACE PRIZE
Pillay 2012an, Giza Eskubideen NBE Nazio Batuen Erakundearen goi mandataria zenean. EFE

Pillay hegoafrikarra izanik, epaimahaiak uste du «hari bat» dagoela Nelson Mandela eta apartheidaren kontra aritu ziren beste batzuk defendatzeko egin zituen aurreneko lanen, eta «auzi judizial garaikiderik garrantzitsuenetako batzuetan epaile gisa» jokatutako rolaren artean.

Sari banaketa, abenduaren 10ean

Epailea izan da, besteak beste, Hegoafrikako Auzitegi Nagusian, Ruandarako Nazioarteko Auzitegian, eta Nazioarteko Zigor Auzitegian. Gainera, Palestina okupatuan Israelek egiten dituen gehiegikeriak ikertzen dituen NBERen batzorde independente baten burua izan da duela gutxira arte. Gaur-gaurkoz magistratua da Nazioarteko Justizia Auzitegian, genozidiogatik Myanmarren aurkako abiatutako auzian.

Norvegiako Nobel Batzordeak, sariketaren antolatzaileak, gaur iragarri du nork irabazi duen. Saria emateko ekitaldia, baina, Oslon egingo dute abenduaren 10ean. Hala egin izan dute 1901etik, sariketa antolatzen hasi zirenetik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA