Nazioarteak moderazioa eskatu die Thailandiari eta Kanbodiari

Jada hamabi lagun hil dira Asia hego-ekialdeko bi herrialde horien arteko erasoetan. Thailandiak esan du egun ez dagoela tarterik irtenbide diplomatikoetarako.

 Thailandiako soldaduak gaur, ibilgailu batean, Prasat Ta Khwai tenpluaren inguruan. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Thailandiako soldaduak gaur, ibilgailu batean, Prasat Ta Krabey tenpluaren inguruan. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko abenduaren 9a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berriro elkarri eraso egiten hasi dira Kanbodia eta Thailandia, eta azken bi egunetan gutxienez hamabi pertsona hil dira bi herrialdeen arteko mugan. Asia hego-ekialdeko bi herrialde horien mugak 820 kilometro ditu, eta, iturri ofizialen arabera, mugaren inguruko herrietatik ihesi joan dira 500.000 pertsona, gehienak Thailandiakoak. Bangkoken arabera, Kanbodiako indarrek Thailandiako hiru soldadu hil dituzte gaur, eta Kanbodiako Nazioaren Defentsarako Ministerioak adierazi du Thailandiak bederatzi herritar hil dituela azken bi egunetan. Nazioarteak moderazioa eskatu die bi herrialdeei.

Alde bakoitzak bestea jo du gatazka berriro piztearen erantzuletzat. Urriaren amaieran sinatu zuten bake akordio bat bi aldeek, Donald Trump AEB Amerikako Estatu Batuetako presidentearen bitartekaritzarekin. Uztaileko borroketan gutxienez 48 lagun hil ziren, eta horren ostean hasi ziren bake negoziazioak. Besteak beste, adostu zuten erasoak etetea eta gerra gatibu batzuk trukatzea; ez zieten heldu, ordea, sakoneko arrazoiei. Bi gobernuek akordioa urratzea leporatu izan diote elkarri, eta, joan den hilabetean, Thailandiak bertan behera utzi zuen egindako ituna, argudiatuta Kanbodia minekin erasoak egiten aritua zela.

Sihasak Phuangketkeow Thailandiako Atzerri ministroak Al-Jazeera hedabideari esan dio Kanbodia ez dagoela «prest» bake negoziazioetarako, eta egungo gatazkan ez dagoela tarterik irtenbide diplomatikoetarako. «Egoerak horretarako modua ematen duenean funtzionatuko du diplomaziak. Orain, ez dugu horretarako espaziorik». Gainera, ministroak berak Reuters berri agentziari esan dio muga zergak ez liratekeela erabili behar presio mekanismo gisa Kanbodiarekin akordioak egiteko. Izan ere, Trumpek mehatxu egin zielako sinatu zuten akordioa bi aldeek: esan zien hala egin ezean muga zergak ezarriko zizkiela.

Beren lurraldea defendatzearen alde agertu da Hun Sen Kanbodiako Senatuko presidentea ere. «Kanbodiak bakea behar du, baina kontraerasora jotzeko beharra ikusten dugu, gure lurraldea defendatzeko», idatzi du Facebook sare sozialean. Gaineratu du Kanbodiak bunkerrak eta arma indartsuak dituela, eta horrek abantaila ematen diola.

Gatazka alde batera uztea

Guo Jiakun Txinako Atzerri ministroak prentsaurreko batean adierazi duenez, Txinak, «Kanbodiaren eta Thailandiaren bizilagun eta lagun gisa», espero du bi aldeek «moderazioz» jokatuko dutela. Bi herrialdeei gomendatu die «akordioak erdiesten saiatzeko», egoera are gehiago gaiztotzea eragozteko. «Txinak zeregin eraikitzailea izango du aurrerantzean ere, tentsioak arintzeko eta egoera lasaitzeko», esan du.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ere bi herrialdeei eskatu die «gatazka areagotzea eragozteko». Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak elkarrizketa jo du irtenbidetzat: «Bi aldeei eskatzen diet neurriz jokatzeko, su etenarekin duten konpromisoa berresteko, eta elkarrizketa mekanismo guztiak erabiltzeko. Hau da, bide baketsuen bitartez gatazkaren irtenbide iraunkorra aurkitzeko», idatzi du X sare sozialean.

Frantziak ere gaitzetsi egin ditu eraso horiek. Kanbodia Frantziaren kolonia izan zen 1863tik 1953ra arte, eta Parisek kartografiatu zuen bi herrialdeen arteko muga. Thailandiari ez zitzaion egokia iruditu lurraldeen zatiketa; izan ere, Kanbodiaren esku geratu ziren gatazka iturri diren lurraldeak.

Eremu horretan, XI. mendeko zenbait eraikin erlijioso daude. Preah Vihear tenplua da garrantzitsuenetako bat, baina beste asko ere badaude, eta Kanbodiak Thailandiari leporatu dio gaur Prasat Ta Krabey tenplua suntsitzea, hori ere XI. mendekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.