Nazioartearen gaitzespenari entzungor eginez, Israel areagotzen ari da Zirsjordaniako okupazioa

Kolonoek berriro hartu dute Kadim kolonia, armadaren babespean. Tel Avivek E1 planeko etxeak banatzeko lehiaketa iragarri du.

Israelgo kolono batzuk atzo, militarren babespean, Kadimera bidean (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE
Israelgo kolono batzuk atzo, militarren babespean, Kadimera bidean (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 21a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zisjordanian okupazioa areagotzeko estrategia bizkortu du Israelek asteotan. Hango kolonoen batzordearen arabera, Kadim mendira 30 familia iritsi dira azken egunetan, Tel Avivetik. Armadaren babespean joan dira haraino, eta autoetan Israelgo bandera zintzilik zeramatela zeharkatu dituzte bidean igaro dituzten palestinarren etxeak eta lurrak.

Israelgo Gobernuak berriki eman die baimena kolonoei Kadim mendia hartzeko. Duela hogei urte, gobernuak berak kanporatu zituen israeldarrak kokaleku horretatik, eta, ordutik, debekatuta egon da lurralde horretan koloniak ezartzea. Orain, ordea, Israelen babesarekin egin dute okupazioa —lurralde hori hartzea legez kanpokoa da, bai nazioarteko legediaren arabera, baita Israelgo legediaren arabera ere—.

Kolonia horren inaugurazioan, Israelgo  Finantza ministro Bezalel Smotrichek atzo adierazi zuen «oker historiko bat zuzentzea» dela 2005ean itxitako kokalekua «berreskuratzea». Smotrichek eskualdeko kolonoen batzordeko buru Yossi Dagan ondoan zuela egin zituen adierazpen horiek, eta Daganek gaineratu zuen Israelgo kolonoak «noizbait» gai izango direla Gazara «itzultzeko». 

Israelgo Gobernuak, gainera, beste aurrerapauso bat eman du aste honetan Zisjordaniako okupazioa areagotzeko: E1 planeko etxe lehiaketa iragarri du. Jerusalem ekialdearen eta Zisjordaniako gainontzeko lurraldeen artean israeldarrentzat 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzean datza plan hori, eta Jerusalem bereizi egingo du Zisjordaniako palestinarren gainontzeko lurraldeetatik. Nazioarteko presioak zirela eta, plana lau urtez egon zen etenda; baina, aurreko udan, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk martxan jartzea onartu zuen, eta, orain, 1.234 etxebizitza banatzeko lehiaketa iragarri du Israelgo Etxebizitza Ministerioak. 

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentetzaren bozeramaile Nabil Abu Rudeinehek gogor gaitzetsi du lehiaketa, eta nazioarteari «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu zion igandean, Wafa berri agentziak zabaldutako komunikatu batean. Haren esanetan, «orain arteko gaitzespen adierazpen hutsek» ez dute eraginik izan, eta Israelek okupazioa sakontzen jarraitu du, «zigorrik gabe».

Hori ikusirik, Kanadak, Australiak eta Europako zenbait estatuk beren enpresei ohartarazi diete «ondorioak» izango dituela Zisjordaniako kolonien eraikuntzan parte hartzeak, bai «legalak», bai «ospean» eragingo dietenak. Gainera, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Herbehereek, Italiak eta Norvegiak adierazpen bateratu bat kaleratu zuten atzo, Israelek E1 planean aurrerapausoak ematea gaitzesteko. Herrialde horiek, gainera, ohartarazi zuten ezen, kolonoen indarkeria handitzen ari den honetan, E1 planak are gehiago zailduko dituela Palestinaren eta Israelen arteko «bake aukerak».

Indarkeria ere areagotu dute

Yesh Din GKE gobernuz kanpoko erakundeak aztergai izan ditu israeldarrek Zisjordanian egiten dituzten erasoak, gaur argitaratu duen txosten batean, eta ohartarazi du palestinarren aurkako indarkeria areagotzen ari direla oro har. Txostenen azaldu dutenez, Israel gero eta kokaleku gehiago ari da okupatzen Palestinan, eta, horiek berenganatzean, kolonoek gero eta gehiago erabiltzen dute indarkeria: palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko, izua sentiarazteko eta haien gainean duten kontrola sendotzeko. Yesh Dinek salatu du, gainera, indarkeria horrek Israelgo Gobernuaren eta haren erakundeen babesa izan duela urteetan.

GKEak datuen bidez frogatu du kolonoen indarkeria handiagoa dela, eta bereziki A eta B eremuetan areagotu dela adierazi du —berez, A eremuan PANek du kontrol guztia, eta B eremuan, berriz, aginte politikoa—. 

Okupazioa handitzearekin batera, beraz, Israelgo armadaren presentzia eta jarduera militarrak nabarmen areagotzen ari dira, eta, hortaz, palestinarren aurkako errepresioa eta indarkeria ere bai. Gainera, Yesh Dinek ohartarazi du palestinarrei gero eta eremu gehiagoetan ukatzen zaiela sarbidea, bai kolonoen eta armadaren indarkeriaren ondorioz, bai Israelgo Gobernuaren aginduen ondorioz. Israelek, palestinarrak lekualdatzera behartzeaz gain, murriztu egiten die bizitzeko eta mugitzeko duten eskubidea, indarkeriaren bidez.

Esate baterako, gaur bertan, Israelgo armadak palestinar bat hil du Jenin hirian, Zisjordania iparraldean. Tel Avivek azaldu duenez, hildakoa Israelgo soldadu bati eraso egiten saiatu da, eta, hortaz, «terroristatzat» jo du.

Israelgo Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du armadaren irratiaren itxiera

 

Israelgo Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du abenduan Galei Tzahal Israelgo Armadaren irratia ixteko gobernuak hartutako erabakia. Auzitegiak aho batez adierazi du Netanyahuren gobernuak «arrazoi desegokiak» aintzat hartuta agindu zuela itxiera.

Epaileak bat etorri dira irratiaren itxierak ez zuela zertan «legez kanpokoa» izan, baina, frogei erreparatuz, adierazi dute gobernuak irratia zigortu nahi zuela, beraren aurka egindako kritikengatik.

Hortaz, azaldu dute agintari batek ezin duela hedabide bat isilarazi «esatari baten adierazpenak gaitzesgarriak iruditzen zaizkiolako». Gainera, jakinarazi dute irratia ixteko prozeduran hutsegiteak izan zirela, eta froga falta aipatu dute. Nolanahi ere, itxiera ez dute jo adierazpen askatasunaren urraketatzat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA