Argudiatuta «lan garrantzitsua» egiten duela «nazioarteko legedia eta justizia defendatzen», NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak irabazi du Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria, Europako Parlamentuak emandakoa. Horren berri eman du gaur Roberta Metsola europarlamentuko presidenteak.
Noiz, eta AEBen eta Israelen jopuntuan dagoen honetan saritu dute, eta auzitegi horretako magistratu ohi Navi Pillayk Bakearen Nobel saria irabazi eta bi astera. Europako Parlamentuko talde sozialdemokratak proposatu zuen Hagako auzitegia hautagaien artean egotea. NZArekin batera, Tanzaniako oposizioburu Tundu Lissu eta giza eskubideen aldeko Irango bi ekintzaile izan dira finalistak. Abenduan banatuko dute saria.
Metsolak ohar batean azpimarratu du EB Europako Batasunak oinarri duela multilateralismoari eta nazioarteko instituzioei dien «errespetua». Eta NZAko presidente Tomoro Akanek esan du ez dagoela bakerik «justiziarik, segurtasunik eta zuzenbiderik gabe». Komunikatu batean nabarmendu du, bide batez, «inoiz ez bezalako desafioei» aurre egin behar dien garai batean heldu dela saria.
Izan ere, Pillayri Bakearen Nobel saria emango ziotela iragarri zuten egunean, AEBek jakinarazi zuten NZAri zigorrak ezarriko zizkiotela, iritzita «mehatxu onartezina» zela. Ez zuen esan zergatik. 2002an sortu zuten auzitegi hori, estatuburu, gobernuburu eta, besteak beste, armadaburuak ere krimen larriengatik epaitu ahal izateko. Hagan du egoitza (Herbehereak), eta 125 estatu daude haren jurisdikziopean; AEBak eta Israel, adibidez, ez.