Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburua kargutik kendu dute, sexu erasoak egotzita

Karim Khan fiskalburua 2024an salatu zuten sexu erasoak egiteagatik, eta ikerketa abian den bitartean kargutik kendu dute. NZAko estatu kideek izango dute azken hitza.

Karim Khan NZAko fiskalburua, iazko martxoan. PETER DEJONG / EFE
Karim Khan NZAko fiskalburua, iazko martxoan. PETER DEJONG / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 9a
09:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak behin-behinean kargutik kendu du Karim Khan fiskalburua. Sexu erasoak egitea egotzita, ikerketapean dago, eta ikerketa abian dagoen bitartean fiskalburua baztertzea erabaki du NZAren organo exekutiboak. Atzo arratsaldean eman zuten erabakiaren berri. Auzitegi horretako 125 estatu kideek ezohiko batzar batean erabakiko dute Khanek karguan jarraitu ahal izango duen edo ez; «ahalik eta azkarrena» egingo dute batzar hori.

Epaitegiko organo exekutiboak gehiengo bidez hartu zuen erabakia; horretarako, oinarri moduan hartu zuten NBE Nazio Batuen Erakundeko Barne Ikuskatze Zerbitzuen Bulegoak osatutako txosten bat. Besteak beste, ikerketan zehar jasotako frogak eta alegazioak biltzen ditu txosten horrek. Halere, auzitegiak oroitarazi du erabakia behin-behinekoa dela, eta ez duela argitzen ikerketaren emaitzak zein izango diren.

Fiskal eskoziarraren inguruko ikerketa 2024ko apirilean hasi zen. Abokatu batek sexu erasoak salatu zituen, eta NZAko zuzendaritzak ikerketa hasi zuen. Halere, egun batzuen buruan kasua bertan behera utzi zuten. Hilabete batzuk geroago, NBEko ikuskatze zerbitzuak hasi ziren kasua ikertzen, eta, behar beste froga lortu ez bazituzten ere, adierazi zuten bazeudela salaketa berresten zuten zantzuak. Ordutik, NZAko estatu kideak eztabaidan aritu dira. Batzuek Khan kargutik kentzeko exijitu dute, eta beste batzuek uste dute ez dagoela horretarako behar beste frogarik.

Fiskalburuak albo batera egitea erabaki zuen iazko maiatzean, ikerketaren emaitzen berri izan arte. Halere, salaketa guztiak ukatu ditu, eta hartu dituen erabakiengatik bera kargutik kentzen saiatu direla salatu izan du. Khanek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohiaren aurkako atxilotze aginduak eskatu eta gutxira atera zen kasua argitara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE