AEBek eta Kubak harreman diplomatikoak abiatzeko erabakiak hainbat ate ireki ditu azken hilabeteetan, eta horietako bat zeharkatuko du NBAk. AEBetako saskibaloi liga profesionalak apirilaren 23tik 26ra Kuban campus bat egingo duela iragarri du, Kubako saskibaloi jokalarien garapenerako.
Quin Snyder Utah Jazz-eko entrenatzaileak, James Borrego Orlando Magic-ekoak, Steve Nash eta Dikembe Mutombo NBAko jokalari ohiek eta Ticha Penicheiro WNBAko izarrak gidatuko dute campusa. Horrez gain, NBAk Kuban hiru saskibaloi kantxa egokitzeko lanetan parte hartuko du, FIBArekin batera.
Kuban ibilbide luzeko kirola da saskibaloia, baina, bi herrialdeen arteko harreman txarraren ondorioz, jokalari kubatarrek beti izan dituzte AEBetako ligetako ateak itxita. Kubak munduko lau txapelketatan jokatu du.
Zorioneko iragarpena
Kubako saskibaloi federazioko presidente Ruperto Herrerak esan du pozgarria dela NBA eta FIBA Kuban saskibaloia garatzen laguntzen izatea. Mutombok esan du Kubako bisita euren balioak erakutsi eta kubatarrenak ikasteko aukera bat izango dela. Horacio Muratore FIBAko presidenteak esan du zorioneko iragarpena dela.
Ez da kirol arloan egiten den horrelako ekimen bakarra. Maiatzean New Yorkeko Cosmos futbol taldeak Kuban jokatuko du hango selekzioaren aurka. AEBetako beisbol ligak ere antzeko zerbait egiteko asmoa du, eta denboraldi-aurreko hainbat partida Kuban jokatzeko asmoa dute.
AEBen eta Kubaren arteko harremanak abenduan leundu ziren 50 urteren ostean.