Israelek esaten du Gazan ez dagoela goseterik. NBE Nazio Batuen Erakundeak gosete izendatu zuen atzo zerrenda iparraldeko janari gabezia, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erreakzionatu zuen adieraziz gezurra dela hori; are, zinismoa erakutsiz, gaineratu zuen Israelek ez duela «gosete politikarik», ezpada «gosete politika saihesteko politika». Hain zuzen, Israelek erabaki zuen ia hiru hilabetez blokeatzea —martxotik maiatzera— zerrendarako laguntza humanitarioaren sarrera, eta ordutik nekez uzten du hori banatzen. Horiek horrela, Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendari nagusiak gaur Tel Avivi eskatu dio utz diezaiola Gazan eragin duen gosetea ukatzeari.
Sare sozialetan mezu bat idatzi du, eta bertan, bide batez, «eragiteko gaitasuna» dutenei esan die «erabakitasunez eta betebehar moralak bultzatuta» erabil dezatela gaitasun hori. 2023ko urrian Gazan hasi zuen sarraskia eten dezala eskatzen diotenen hotsak gero eta ozenago entzuten dira azken asteetan, nahiz eta AEBek, Israelen aliatu nagusiak, segitzen duen setioa babesten eta justifikatzen. «Ordu bakoitza garrantzitsua da», gehitu du UNRWAko buruak.
Azken orduetan, nazioartearen gaitzespen mezuei entzungor eginez, Israelek Gaza bonbardatzen segitu du, eta han bizi direnak hiltzen. Hango osasun iturrien arabera, gaur 51 pertsona hil ditu gutxienez —62.600 pasa dira 2023ko urritik—, eta gosez hil diren zortziak gehitu behar zaizkie; tartean, bi adingabe. Al-Jazeera hedabideak Gaza hiriko Al-Xifa ospitaleko zuzendari Mohammed Abu Salmiyarekin hitz egin du, eta, haren arabera, zerrendan 320.000 adingabe malnutrizio larria pairatzen ari dira, eta erietxeetan dauden zauritu guztiek malnutrizioa dute.
NBEren agentzia IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak izendatu zuen atzo gosete zerrendako egoera, ondu duen txosten baten emaitzak kontuan harturik. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak ohar bat argitaratu zuen gero, eta ohartarazi Gazako haur askorentzat «berandu» dela jada.
Gobernu krisia Herbehereetan, israelen aurkako neurriengatik
Caspar Veldkamp Herbehereetako Atzerri ministroak dimisioa eman zuen atzo gauean, gobernuak atzera bota zuelako Israeli zigorrak ezartzeko berak egindako proposamena. NSC Kontratu Sozial Berria alderdikoa da Veldkamp, eta, harekin batera, Barne, Osasun eta Hezkuntza ministroek ere eman dute dimisioa; NSCkoak dira denak. Dick Schoof lehen ministroak gaur adierazi du, ohar batean, oraindik goiz dela jakiteko mugimendu horiek zer «ondorio politiko» eragingo dituzten herrialdean. Behin-behinean ari da koalizio gobernua joan den ekainetik, Geert Wilders ultrak, PVV Askatasunaren Aldeko Alderdiko buruzagiak, koalizioa utzi zuenetik. Urriaren 29an dira egitekoak hauteskunde orokorrak.
Horren harira, IPCk dokumentuan nabarmendu zuen hilabete inguru barru gosete maila gorena nozituko dutela Deir al-Balahn ere, zerrendaren erdialdean. Hain justu, hori bera berretsi dio Al-Jazeerari Dan Stewart-ek, Save the Children GKE gobernuz kanpoko erakundearen prentsa arduradunak, eta salatu du «munduko lider guztiak» goseteaz ohartarazita zeudela IPCk atzo iragarpena egin aurretik ere.
Babesa zalantzan
Eta Leku guztietan gose dira izenburupean, Haaretz Israelgo egunkariak erreportaje bat kaleratu du Gazako osasun instalazioetako egoeraren berri emateko. Horretarako, zuzeneko bideo konexioak egin dituzte haietan lanean ari diren dozena bat medikurekin. Ikusitakoa eta entzundakoa aintzat hartuta, erreportajearen ondorio nagusietako bat da ez dagoela «izugarrikeriaren tamainari buruzko zalantzarik».
Israelek, berriz, aurrera segitzen du Gaza hiria okupatzeko asmoan. Tel Avivek mehatxu egin du, eta esan hiria suntsituko duela Hamasek armak utzi eta bahitu guztiak askatu ezean. Bada, Panel4All etxeak hilaren 20an eta 21ean egindako inkesta bat kaleratu du gaur Israelgo Maariv egunkariak, eta, horren arabera, israeldarren %18 bakarrik daude Gaza hiriaren kontrako lurreko ofentsibaren alde. Gainera, oro har gatazkaz galdetuta, %46k erantzun dute akordio baten alde daudela; hamarretik seiren iritziz, bestalde, Netanyahuk jada ez du herritarren babesa.
Eta Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa da Netanyahuren eskuin muturreko kabinetean edozein akordioren aurka daudenetako bat. Gaur, Israel erdialdeko Kfar Malal herriko sinagoga baterako bidean, protestari batzuek, bahituen argazkiak eskuetan, «ituna boikotatzea» aurpegiratu diote, eta «terrorista» eta «kriminal» deitu, besteak beste.