Klima larrialdia

NBEk ezinezkotzat jo du munduko tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea

Parisko Itunak jarritako 1,5 graduko langa hamarkada honetan gaindituko dela ondorioztatu du Nazio Batuen Ingurumen Programak, eta, hamarkada batzuetan goia jo ostean, helburu gisa jarri du mende amaieran tenperatura horretara itzultzea.

Nepalgo Bidur herria, berriki herrialde horretan glaziar baten kolapsoak eragindako uholde hondamendiaren ostean. YONHAP / EFE
Nepalgo Bidur herria, berriki herrialde horretan glaziar baten kolapsoak eragindako uholde hondamendiaren ostean. YONHAP / EFE
inaki petxarroman
Nairobi
2026ko irailaren 2a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Klima aldaketari buruzko Parisko Hitzarmenak jarritako helbururik anbiziotsuena zera zen: planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzea, industria aurreko tenperaturarekin alderatuta betiere. Hitzarmena sinatu zenean, 2015ean, helburu hori betetzea zaila izango zela jakina zen arren, lortzea ezinezkoa izango dela iragarri du, lehen aldiz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE). NBEren Ingurumen Programak (NBIP) gaur argitaratutako txosten batean ziurtzat jo dute tenperatura igoera hori berehala gaindituko dela Lur planetan. Horrenbestez, klimaren arloan beste helburu bat jarri dio munduari: hurrengo hamarkadetan goia jo ostean, mende amaierarako 1,5 graduko berotze horretara itzultzea. Horrek alimaleko ahalegina eskatuko duela ziurtzat jo arren, munduari geratzen zaion «aukerarik onena» dela iragarri du. «Mundua berotzen ez den gradu frakzio bakoitzak bizitzak salbatzeko aukera emango digu, eta galera ekonomikoak gutxitzekoa», adierazi du Inger Andersen NBIPeko zuzendariak.

NBEren txostenak dio hamarkada honen amaieran gaindituko dela 1,5 graduren berotzea. Dagoeneko 2024an gainditu zen; orain arte neurtu den urterik beroena izan zen hori. Langa hori gaindituta, munduaren segurtasun klimatikoa kolokan egongo dela ziurtzat jo du NBIPk. Bero boladen iraupena eta indarra gero eta handiagoa izango direla iragarri du, eta glaziarren urtzea gero eta bizkorragoa. Halaber, itsasoko uraren mailaren igoerak uharte txikiak irentsiko ditu. Gizakien osasunean eta bizimoduan eragin handiak izango direla ondorioztatu du: ur hornidurarako gero eta arazo handiagoak izango dira, eta elikagaien ekoizpena nabarmen mugatuko da. Aldi berean, mugarri batzuk gainditzea ere ekarriko du egoerak, esate baterako, Mendebaldeko Antartikaren eta Groenlandiaren izotz geruzen galera eta Amazoniaren narriatzea.

Zaila izango dela ziurtzat jo arren, egoera horretatik abiatuta, bide bat posible dela diote txostenaren egileek, «teorikoa» eta «ziurgabea» izanik ere. Hots, 1,5 graduren langa gainditu ostean, 2100 urtearen bueltan, bertara itzultzea. «Gainditu, goia jo eta itzuli» deitu dion estrategia horrek baldintzak batzuk exijitzen dituela uste dute txostena egin duten zientzialariek: lehenik eta behin, giza jarduerarekin lotutako berotegi gasen isurketak zorrotz gutxitzea. Horretara iristeko bideak ezagunak dira: erregai fosilen erabilera murriztea eta erregai fosilen beste azpiegiturarik ez egitea; metano isurketak apaltzea, epe laburreko berotze gaitasun handia baitu gas horrek. Eta, azkenik, energia berriztagarrien garapen eta ezarpena bizkortzea. Eta horrekin batera, energia eskaera ere gutxituz joatea.

Karbono dioxidoa xurgatzea

Isurketak murrizteaz gain, atmosferan dauden berotegi efektuko gasak xurgatu eta biltegiratzea ere garrantzitsua izango dela uste dute txostenaren egileek. Horretarako, baso sartzea bide bat izango dela uste dute, baina irtenbide teknologikoak ere beharrezkotzat jo dituzte: CO2-a xurgatu eta biltegiratzea, besteak beste. Modu teknologiko horiek oraindik ez daude behar bezain garatuta modu zabal eta iraunkor batean erabiltzeko, NBEk berak aitortu duenez. «Karbonoa deuseztatzeak ezin du ekarri XXI. mendean zehar modu sinesgarri batean 1,5 gradutik beherako egoerara itzultzea, ez bada ziurtatzen tenperaturak goia joko duela bi gradutik behera —1,8 gradu aipatzen dute txostenean— eta ez bada ziurtatzen CO2-a, metanoa eta bestelako gas isurketak murrizten direla».

Edozein modutan ere, tenperatura igoera horri aurre egiteko egokitze neurriak martxan jarri beharko dira munduan. Eta horretan, NBEk berriro gogoratu du egoera honetara iristeko herrialde batzuek ardura handiagoa izan dutela besteek baino, eta, beraz, indarrean jarriko diren politika eta finantzaketetan «justizia eta multilaterlismoa» ezarri beharko direla. Bereziki kontuan hartuta komunitate zaurgarrienek pairatuko dituztela egoeraren kalterik latzenak, NBIPk berak nabarmendu duenez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA