NBEk gizateriaren aurkako krimenen erantzule egin du Nikaraguako presidentea

Torturak eta epaiz kanpoko exekuzioak bultzatzea egotzi diote Ortegari. Urraketak «arrazoi politikoetan» oinarrituak daudela salatu du erakundeak

Nikaraguako presidenteorde Rosario Murillo eta Daniel Ortega presidentea, Managuan, artxiboko argazki batean. CESAR PEREZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak Nikaraguako egoera aztertzeko osatutako batzorde bereziak atzo aurkeztu zuen bere lehen txostena. Hartan, gizateriaren aurkako krimenen erantzule egiten dituzte Nikaraguako presidente Daniel Ortega eta Rosario Murillo presidenteordea, baita hainbat poliziaburu eta bestelako goi kargudun ere. Leporatzen dizkieten krimenen artean daude epaiz kanpoko exekuzioak, sexu abusuak, torturak eta atxilotze arbitrarioak.

Txostenaren arabera, herrialdean gobernuak ezarritako zentsura neurriak «oso handiak» dira, eta, ondorioz, herritarrek ezinezkoa dute modu askean adieraztea, eztabaida publikoetan parte hartzea, biltzea edota erlijio askatasuna edukitzea. «Herritarrak beldur dira gobernuak bere aurka har ditzakeen neurriez», salatu zuen batzordeko buru Jan Simonek.

Giza eskubideen urraketak «orokortuak» direla ohartarazi dute adituek, «arrazoi politikoetan» oinarrituak, eta helburu dutela «edozein oposizio desegitea, edozein bide baliatuta». Hori dela eta, nazioarteko komunitateari eskatu diote har ditzala zigor neurriak Nikaraguako agintarien eta instituzioen aurka.

«Botere legegilea, judiziala eta exekutiboa instrumentalizatu egin dituzte gobernuko agintariek, eta, modu horretan, oposizioko kideei jazartzeko eta oinarrizko askatasunak mugatzeko modua ematen dien lege testuinguru bat osatu dute», adierazi zuen Simonek. Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, 2018tik 3.100 gizarte erakunde desegin dituzte, eta giza eskubideen alde jarduten duten erakunde guztiek atzerrira jo dute, baita komunikabide independente askok ere.

Azken asteetan, egoerak okerrera egin du, eta 316 laguni herritartasuna kendu die Ortegaren gobernuak, herrialdeari «traizio» egitea leporatuta; haietatik 222 erbesteratu egin ditu. Adituen batzordeko kide Ana Maria Buitragok zehaztu du gobernuak bultzatu duela «ahots kritiko oro isiltzea, haiek kriminalizatuz eta haiei jazarriz», modu horretan instituzioak «tresna gisa» baliatu ahal izateko. Ondorioz, milaka izan dira herrialdea uztea beste aukerarik ikusi ez dutenak. «Desagertutzat geneukan figura bat sortu dute: erbesteratuarena. Baina, gainera, biktimek pentsioak jasotzeko eskubidea ere galdu dute, haien datuak estatuko sistematik ezabatu baitituzte, eta horrekin galdu egiten dute bizirik irauteko aukera ere», azaldu zuen Buitragok.

Oztopoak

Urraketen inguruan orain arte egin diren ikerketa saiakerak ere oztopatu egin ditu Ortegak, batzordeak jaso duenez. Besteak beste, 2018ko protestetan parte hartu zuten manifestarien hilketen gainekoa. Dokumentuan jaso dutenez, Poliziako kideek epaiz kanpoko exekuzioak baliatu zituzten manifestarien aurka, baina, salaketa horren berri izan arren, Ortegak geldiarazi egin zuen ikerketa oro.

Gobernuarekin kritikoak zirenak atxilotu ostean ere, haien aurka torturak, tratu txarrak eta sexu erasoak baliatzea egozten die batzordeak bi buruzagiei. Dokumentuaren arabera, espetxeko funtzionarioek presoen eskubideak urratu dituzte, informazioa lortzeko. Atxiloketa askoren kasuan, «indarkeria» baliatzea ere leporatzen diete Poliziari eta gobernuaren aldeko miliziei, baita jendea atxilotze agindurik gabe atzeman eta hainbat egunez bakartuta edukitzea ere. «Hori guztia posible izan da estatua arma gisa baliatu dutelako herritarren aurka», salatu zuen Buitragok.

Urraketen atzean «estatuaren erantzukizuna eta errudun diren banakoena» dagoela nabarmendu du Simonek, eta horiek ikertu eta epaitzeko eskatu du, bai Nikaraguan bertan, bai nazioartean. Baina, atzerriko agintariei ez ezik, Nikaraguako Gobernuari ere eskari zuzena egin diote txostengileek: aska ditzala modu arbitrarioan askatasunik gabe utzitako pertsonak, eta eten ditzala gehiegikeriak, indarkeria eta, batez ere, jazarpen politikoa. Horretaz gain, eskatu diote Managuari egin dezala ikerketa independente bat urraketen erantzuleak aurkitu eta zigortzeko.

Ortega 1985ean heldu zen lehen aldiz boterera, eta 2007an bigarrenez. Bere bosgarren agintaldia da iaz hasitakoa, baina azken urteetan ugaritu egin dira haren aurkako kritikak, batez ere 2018ko protestez geroztik. Orduko hartan, gizarte segurantzan egindako erreformen aurkako protesta handiak izan ziren herrialdean, eta Poliziak indarrez jo zuen manifestarien aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500