Erresuma Batua

NBEk salatu du Erresuma Batuak protesta baketsurako eskubidea mugatu duela

Erakundearen iritziz, berriki onarturiko Ordena Publikoaren Lege proiektua «guztiz kezkagarria» da, eta «ez da bateragarria» herrialdeak giza eskubideen arloan dituen nazioarteko betebeharrekin.

Errefuxiatuei harrera egitearen aldeko manifestazio bat, Londresen, joan den martxoaren 18an. ANDY RAIN / EFE
ander perez zala
2023ko apirilaren 27a
16:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka agertu du Erresuma Batuko Parlamentuak atzo onartu zuen Ordena Publikoaren Lege proiektua dela eta —erregearen baimena falta zaio lege bilakatzeko—. Erakunde horren Giza Eskubideetarako komisario Volker Tuerkek gaur esan du herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituela testu horrek, eta, batez ere, protesta baketsurako eskubidea mugatzen duela. «Lege hau ez zen batere beharrezkoa, Erresuma Batuko Poliziak lehendik badituelako eskumenak manifestazio biolentoen kontra ekiteko», argudiatu du Tuerkek, komunikatu baten bitartez.

Ordena Publikoaren Lege proiektuak jasotzen dituen neurrietako askok haserrea eragin dute. Kezkagarrienak, NBEren eta GKE gobernuz kanpoko erakundeen iritziz, honako hauek dira: poliziek edonor atxilotzeko eta miatzeko aukera izango dutela, susmagarriak ez badira ere; eta auzitegiek aukera izango dutela norbanakoei «toki eta une jakin batzuetan» egoteko debekua ezartzeko, baita zibil «jakin batzuekin» egotekoa eta Internet «modu jakin batzuetan» erabiltzekoa ere.

Horrekin batera, lege proiektuaren kontrako kritikoek esan dute «neurriz kanpokoak» direla protestetan parte hartzen dutenen edota halakoak antolatzen dituztenen kontra aurreikusitako zigorrak. Tuerkentzat, gobernuak «behartuta» daude manifestazio baketsuak «erraztera», eta, aldi berean, herritarrak «istilu serio eta aztoratzaileetatik babestera»; baina, Erresuma Batuaren kasuan, ohartarazi du «arrisku larri bat» badela agindu horien inguruan: «Mugatu egiten dute norbanakoek etorkizunean beren eskubideak legitimoki erabiltzea».

Hori guztia kontuan harturik, NBEren ordezkariak argudiatu du «guztiz kezkagarria» dela berriki onarturiko lege proiektua, eta ez dela «bateragarria» Erresuma Batuak giza eskubideen arloan dituen nazioarteko betebeharrekin. Are, Tuerkeren arabera, «justifikaziorik gabeko muga larriak» ezartzen dizkie oinarrizko askatasunei —«adierazpenekoa eta elkartzekoa» aipatu ditu, adibidez—.

Horregatik, NBEren Giza Eskubideetarako komisarioak Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroari eskatu dio Ordena Publikoaren Lege proiektua indargabetzeko —Ingalaterran eta Galesen sartuko da indarrean, Eskoziak eta Ipar Irlandak zeinek bere poliziak baitituzte—. «Tamalez, lege hau onartzeak giza eskubideen arloko betebeharrak ahultzen ditu».

Arraza diskriminazioaren afera

Amnesty Internationalek, berriz, uste du parlamentuak onarturiko neurriek «ziurrenik arraza diskriminazioa handitzea» ekarriko dutela.

Atxilotzeei eta miatzeei buruzko neurrietan jarri du arreta GKEak, argudiatuta polizien jardunean «arrazismo instituzionala» dagoela lehendik, eta esan du «diskriminazio» horretan eragina izango duela Ordena Publikoaren Lege proiektuak, protesta baketsurako «oinarrizko eskubidea» erabiltzeko «gogoa kenduko» dielakoan «muturreko polizia zaintza duten komunitateetako» kideei.

Kritika horiek jaso arren, Erresuma Batuko Gobernuak argudiatu du «erabat babesten» duela manifestazio baketsuak egiteko eskubidea, baina uste du protestarien «gutxiengo txiki batek» sortzen dituzten «istilu larriek agerian» utzi dutela «gehiago» egin beharra zegoela herritarrak eta enpresak babesteko «onargarriak ez diren ekintza horietatik».

Hala, Londresen arabera, lege proiektuko neurri berriak «beharrezkoak» dira Poliziaren eskumenak «indartzeko» eta modu «eraginkorrago batean» erantzuteko protesta «arriskutsuei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA