Venezuela

NBEren ikerketa batek gizateriaren kontrako krimenak leporatu dizkio Venezuelako Gobernuari

Aditu independenteen talde batek egindako txostenaren arabera, Nicolas Maduro presidenteak eta Venezuelako Barne eta Defentsa ministroak hilketa arbitrarioen eta torturen erantzule dira. Caracasek salatu du agiria «gezurrez beteta» dagoela.

Nicolas Maduro Venzuelako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 16a
15:56
Entzun

Akusazio larria egin dio NBE Nazio Batuen Erakundeak Venezuelarako eratu zuen nazioarteko ikerketa independenteak Venezuelako Gobernuari. Aditu taldeak gaur argitaratu duen txostenean jaso duenez, Venezuelako Gobernuak eta estatuko beste zenbait erakundek ardura zuzenak dituzte 2014 urtetik gaur arte herrialdean izandako hainbat giza eskubideen urraketa larritan. Jorge Arreaza Atzerri ministroak erantzun du Venezuelako Gobernuaren izenean, eta esan du txostena «gezurrez beteta» dagoela.

Ikerketak ondorioztatu du «indarkeria eredu» jakin batzuk atzeman daitezkeela aztertu dituen eskubide urraketetan, eta kasu horiek «estatu politikekin» daudela lotuta. Ikerlariek gaineratu dute indarkeria eredu horiek «orokortuak eta sistematikoak» direla, eta, beraz, «gizateriaren aurkako krimenak» direla. Hori dela eta, «Nazioarteko Zigor Auzitegiari eta beste jurisdikzio batzuei» eskatu die azter dezatela urraketa horien erantzuleen kontrako legezko ekintzak abiatzeko aukera. Halaber, Venezuelako Gobernuari adierazi dio erantzukizunak exijitu beharko lizkiekeela txostenean jasotako krimenen arduradunei.

Bildu dituzten eskubide urraketen artean zerrendatu dituzte legez kanpoko hilketak, behartutako desagertzeak, atxilotze arbitrarioak eta torturak. Nazioarteko aditu taldeak 223 kasu ikertu ditu txostenean, eta beste 2.891 aztertu, eskubide urraketek eredu jakin bati jarraitzen diotela baieztatzeko.

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak 2019ko irailaren 27an eratu zuen Venezuelarako Nazioarteko Ikerketa Independentea. Taldeak ezin izan zuen herrialdea bisitatu, adituek azaldu dutenez, gobernuak ez zielako eskariei erantzun. COVID-19a dela eta «bestelako zailtasun batzuk» izan zituztela ere adierazi dute. Ikerketa egiteko, 274 laguni elkarrizketak egin dizkiete. Biktimak, lekukoak, biktimen senideak, estatuko funtzionario ohiak, abokatuak, GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeetako ordezkariak eta nazioarteko erakundeetako kideak tarteko. Horrez gain, sekretupeko hainbat dokumentu ofizial ere aztertu dituzte. Ikerketa taldeak NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan aurkeztuko du txostena, gaur zortzi, hilaren 23an.

«Mekanismo politizatu eta inkisiziozkoa»

«Txostena gezurrez beteta dago, urrutitik egina, zorroztasun metodologikorik gabe, Venezuelaren aurka zuzenduta eta Washingtonen menpe dauden gobernuak buru dituen sasi-misio batek egina», idatzi du Arreaza Venezuelako Atzerri ministroak Twitterren. Arreazaren ustez, txostena egin duen ikerketa batzorde hori «mekanismo politizatu eta inkisiziozkoa» da, eta «giza eskubideetan jarrera negargarriak dituzten herrialdeek sortu zuten helburu ideologikoekin»; esan duenez, «Venezuelari min egiteko» eta herrialde horrek Michelle Bachelet NBEren Giza Eskubideen mandatariarekin duen harremanari «kalte egiteko».  

Arreazak defendatu du Venezuelak NBEren Giza Eskubideen Kontseiluarekin izan duen «elkarlana modu koordinatuan eta eraikitzailean» egin dela Bacheletekin batera. «Lorpenak nabarmenak izan dira, eta horrela onartu du Bacheletek gure harremanaren berritzea iragarri duenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.