Venezuelako Asanblea Nazionalak onartu egin du Hagako auzitegia uzteko lege proiektua

AEBek petroliontzia konfiskatu dio Venezuelari, eta chavismoak leporatu die «aberastasuna lapurtzea». NBEren misio batek Guardia Nazional Bolivartarrari egotzi dio gizadiaren kontrako krimenak egitea.

Guardia Nazional Bolivartarreko kide batzuk Caracasen, maiatzaren 10ean. RONALD PENA / EFE
Guardia Nazional Bolivartarreko kide batzuk Caracasen, maiatzaren 10ean. RONALD PENA / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2025eko abenduaren 11
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Abendu hasieran, NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak jakinarazi zuen Caracasen duen bulegoa itxiko duela, iritzita ez dela «benetako aurrerabiderik» egon Venezuelako Gobernuarekin duen lankidetzan. Bada, chavismoak horren ondoren aurkeztu zuen auzitegi horretako kide izateari uzteko lege proiektua, eta gaur bertan onartu du Venezuelako Asanblea Nazionalak, aho batez. Orain, gobernuak erabakiaren berri eman beharko dio Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari, eta urtebeteko epearen ondoren utzi ahalko du auzitegia, Erromako Estatutuan jasotzen denez.

Venezuelako agintariek ez dute gauza onik esan auzitegiari buruz. Egunotan, Diosdado Cabello Barne eta Justizia ministroak salatu du Hagako auzitegiak ez duela ezertxo ere esan Karibe itsasoko «sarraskiei» buruz; izan ere, irailaz geroztik Ameriketako Estatu Batuek zenbait ontzi bonbardatu dituzte, argudiatuta narkotrafikorako baliatzen zirela, eta gutxienez laurogei pertsona hil dira eraso horietan.

Jorge Rodriguez Asanblea Nazionaleko presidenteak gaurko bilkuran adierazi duenez, auzitegi horrek «ez du ezertarako balio»; are, herenegun egindako bilkura batean, leporatu zion AEBetako Estatu Idazkaritzaren «mende» egotea —Washington ez da Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide—.

Palestinaren eta Gizadiaren Aldeko Lege Proiektua deitu diote gaur onartutakoari; Rodriguezen ahotan, Palestinari «elkartasuna» adierazteko, Hagako auzitegiak ez baitu «ezertxo ere» esan Israelen genozidioari buruz. Aintzat hartu behar da auzitegiak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman zuela iaz

Bestalde, Washingtonen eta Caracasen arteko tentsioa gora eta gora ari da oraindik. AEBek petroliontzi bat konfiskatu zuten atzo Venezuelako kostaldearen pareko uretan, argudiatuta «zigorren eraginpeko petrolioa» garraiatzen zuela Venezuelatik Iranera. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak esan du, gaur eman duen prentsaurreko batean, AEBetako portu batera eramango dutela. Venezuelako Gobernuarentzat, baina, Washingtonek «lapurreta nabarmen bat» egin du, eta, beraz, «aberastasuna lapurtzea» egotzi die AEBei. Hori azpimarratu du Atzerri Ministerioak gaur goizaldean —gaua Venezuelan—, ohar batean.

Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurian mintzatu zen atzo, eta jakinarazi zuen petroliontzi «handi bat» konfiskatu zutela. Kazetariek galdetu zioten ea zer egin behar zuten petrolio horrekin. «Pentsatzen dut guretzat hartuko dugula». Venezuelarentzat, «nazioarteko krimen larri bat» da gertatutakoa, eta operazio horren jomuga, finean, Venezuelako «petrolioa, energia eta baliabideak» dira. Are, Caracasi iruditzen zaio «nazioarteko pirateria» ekintza bat dela. 

AEBek ez dute jakinarazi nongo bandera duen ontziak, ez zehazki non konfiskatu zuten ere. Pam Bondi fiskalburuak X sare sozialean idatzitako mezu batean esan duenez, FBIk itxi zion bidea, eta operazioak Pentagonoaren babesa zuen. AEBek Venezuela inguruan konfiskatzen duten lehen ontzia da Caracasen eta Washingtonen arteko tirabirak berriro areagotu zirenetik.

Itsas ibilbideetako arriskuak kudeatzen ditu Erresuma Batuko Vanguard etxeak, eta adierazi du Skipper izenekoa izan daitekeela konfiskatutako ontzia. Lehen Adisa deitzen zen, eta, izen hori zuenean, AEBek zigortu egin zuten, Iranen petrolio salmentarekin zerikusia zuelakoan. 

Reuters berri agentziak TankerTrackers.com webgunearen datuak aipatuz kaleratu duenez, ontzia Venezuelatik irten zen abenduaren 4an edo 5ean, petrolioz beteta. The New York Times egunkariak kaleratu duenez, Skipper izenekoa da ontzia, eta AEBetako epaile baten aginduz konfiskatu dute.

Horren guztiaren harira, Bloomberg berri agentziak azaroaren erdialdean argitaratu zuen Errusiako bandera zuen petroliontzi bat Venezuelara zihoala, handik gertu zegoela, baina buelta eman zuela AEBen gerraontzi batekin topo egin ondoren; Kubarako bidea hartu zuen. Joan den abuztuaz geroztik, AEBetako soldadu gehiago daude Karibeko uretan: guztira, 15.000 inguru. Hedatze hori justifikatzeko, Washingtonek azaldu du narkotrafikoaren aurka egitea duela helburu.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak Caracasi errieta egin dio berriro. Izan ere, erakunde horren misio independente batek Guardia Nazional Bolivartarrari egotzi dio giza eskubideak urratzea eta gizateriaren aurkako krimenak egitea azkeneko hamarkadan. NBEk 2014an sortu zuen batzorde berezi hori, aztertzeko giza eskubideen egoera zertan den Venezuelan. 

Armadaren barruko atal bat da Guardia Nazional Bolivartarra, eta NBEren misio horrek gaur kaleratutako txostenean —123 orrialde ditu— haren buruzagiak egin dituzte atxiloketa arbitrarioen, torturen, sexu indarkeriaren eta «tratu krudelen» erantzule. Protestetarako ezarritako operazioetan eta «jazarpen politiko selektiboko» ekintzetan egin zituzten aipatutako urraketak. Marta Valiñas portugaldarra buru duen misioak ondorioztatu duenez, «inpunitate testuinguru batek» erraztu egin ditu gehiegikeria horiek.

30

Venezuelan aritzen diren zenbat ontzi zigortu ditzaketen AEBek. TankerTracker.com webguneak bildutako datuen arabera, atzo, AEBek ontzi bat konfiskatu zutenean, laurogei petroliontzi zeuden Venezuelako uretan edo horietatik gertu; batzuk petrolioz beteta, eta beste batzuk biltegia bete zain. Informazio horrek dioenez, horietatik 30i ezar diezazkiekete zigorrak AEBek.

Azken urteetan nahiko ohikoa bihurtu da NBEk Venezuela salatzea, giza eskubideak urratzen dituela leporatuta. Iazko urrian, esaterako, antzeko txosten bat kaleratu zuen misio horrek, eta adierazi uztailaren 28an egindako presidentetzarako bozen testuinguruan gizateriaren kontrako krimenak egin zituela Venezuelako Gobernuak.

Gisa horretako txosten bat kaleratua den aldiro, gezurretan aritzea egozten dio Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak NBEri. Gaur kaleratutako ikerketan dioenez, Caracasko agintariek erabaki zuten armadaren eta Poliziaren funtzioak Guardia Nazional Bolivartarrean uztartzea, eta horrek legitimatu zuen «herritarren segurtasunaren izenean» militarizazio bat bultzatzea. Aintzat hartu behar da Maduro bera dela armadaren burua.

Hainbat protesta ziklo

Armadaren adar horrek protestetan horrek izandako jokabidea hizpide, txostenak dio «arrazoizko motiboak» dituztela pentsatzeko suzko armak «bereizketarik egin gabe» baliatu zituztela, eta tiro egin zutela «bizitzeko ezinbestekoak diren gorputz atalen aurka».

Txostenean zera ikertu dituzte, batik bat, 2014an, 2017an, 2019an eta iaz gobernuaren aurka egindako protestak. Horietan Guardia Nazional Bolivartarrak indarra «neurriz kanpo» erabili zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.