Venezuela

Urtebete inguru ezkutatuta egon ostean, Corina Machado berriro agertu da, Oslon

‘The Wall Street Journal’-en arabera, aurtengo Bakearen Nobel saridunak itsasontzian egin du ihes Venezuelatik Curaçaora, eta handik Norvegiara bidaiatu. Osloko Grand Hoteleko balkoitik agurtu zituen zain zeuzkan zaleak.

Venezuelako oposizioaren lider Corina Machado, Oslon. JONAS BEEN HENRIKSEN/EFE
Venezuelako oposizioaren lider Corina Machado, Oslon. JONAS BEEN HENRIKSEN/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 11
10:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Corina Machado Bakearen Nobel sariduna atzo iritsi zen Oslora, ia urtebetez ezkutuan egon ostean. Eta Norvegiako hiriburuko Grand Hoteleko balkoitik agurtu ditu bere zain zeudenak, gaur goizaldeko ordu biak pasatxo zirenean. Atzo egin zen Bakearen Nobel saria emateko ekitaldia, baina saridunak ez, haren alaba Ana Corina Sosak jaso zuen saria, Venezuelako oposizioko liderraren irudi handi bat ondoan zuela.

Ia urtebeteren ostean, gaur goizaldean agertu da berriz Corina Machado jendaurrean lehen aldiz. Izan ere, ezkutuan bizi izan da denbora tarte horretan, 2024ko uztailean Venezuelako hauteskundeak egin zirenetik; Nicolas Maduro presidenteak irabazi zituen, baina oposizioak iruzurra salatu zuen. The Wall Street Journal egunkariaren arabera, itsasontzian egin du Venezuelatik Curaçao uharterako bidaia, eta gero Norvegiako hiriburura heldu da. «Utzi bidaia honetako heroiei omenaldi bat egiten. Gure preso politikoei, haien senitartekoei eta giza eskubideak defendatzen dituzten guztiei», adierazi zuen Ana Corina alabak, amaren izenean, sariak banatzeko ekitaldian.

Hotelaren inguruan bildu ziren Venezuelako oposizioko buruaren zaleak, eta haren zein Venezuelaren aldeko aldarriak oihukatu zituzten, hala nola «ausarta» eta «askatasuna». Venezuelako ereserkia ere abestu zuten, eta gauza bera egin zuen Machadok berak, eskua bular parean jarrita. Horren ostean zaleen artera jaitsi zen.

Venezuelara itzulera

Erresuma Batuko BBC hedabideari egindako adierazpen batzuetan, Machadok esan du bere herrialdera itzuliko dela, horrek dakartzan «arriskuen» jakitun den arren. «Nola ez naiz ba itzuliko! Badakit zehatz-mehatz zer arrisku dakartzan horrek. Gure auziarentzat baliagarrien izan naitekeen tokian egongo naiz».

Elkarrizketan adierazi duenez, «oso arriskutsua» izan da Venezuelatik irtetea. «Venezuelako Gobernuak dio terrorista bat naizela, eta nire bila ari dira, bizitza guztia kartzelan igarotzeko». Horregatik, Maduroren gobernua «egitura kriminal» bat dela nabarmendu du, eta «narkotrafikoarekin eta pertsonen legez kanpoko trafikoarekin finantzatutako gobernu bat» dela salatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.