NBEren ustez, AEBen «narkotrafikoaren aurkako» erasoak gizateriaren aurkako krimenak izan daitezke

AEBetako armadak 223 pertsona hil ditu iaztik Karibe itsasoan eta Ozeano Barean egindako operazioetan. Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen arloko aditu batek ondorioztatu du eraso horiek nazioarteko legeadia urratu dutela.

AEBetako armadak irailaren 19an zabaldu zuen Karibe itsasoan egindako eraso baten bideoa.
AEBetako armadak irailaren 19an zabaldu zuen Karibe itsasoan egindako eraso baten bideoa.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 22a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek narkotrafikoari aurre egiteko operazio moduan aurkeztutakoa gizateriaren aurkako krimentzat har daitekeela ondorioztatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Washingtonek iazko abuztuan zabaldu zuen armada Karibeko uretan, eta segidan hasi zen ontziak bonbardatzen, argudiatuta droga trafikorako erabiltzen zituztela ontzi horiek. NBEk atzo zabaldutako txosten baten arabera, AEBetako armadak 68 itsasontzi suntsitu ditu Karibe itsasoan eta Ozeano Barean iazko irailetik aurtengo abuztura, eta 223 pertsona hil.

Ben Saul giza eskubideen arloko adituak ondu du AEBen operazio horien inguruko txostena; hartan, argitu du Washingtonek nazioarteko zuzenbidea urratu duela, eta litekeena dela gizateriaren aurkako krimenak egin izana: «AEBek egindako eraso militarrak nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak dira, bizitzeko eskubidea urratzen dute, eta posible da gizateriaren aurkako krimenak izatea». Nazioarteko uretan egin dituzte operazio horiek.

Hain justu, NBEk txostena hori argitaratu du AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak Kariben beste ontzi bat bonbardatu zuela jakinarazi eta bi egunetara; eraso horretan lau pertsona hil zituzten. Itsasontzia suntsitu zuen uneko bideoa zabaldu du armadak. Ohikoa izan da hori azken urtean Kariben eta Ozeano Barean egindako erasoetan; Pentagonoak hildakoen kopuruaren berri ere eman du, baina ez du informazio askorik eman hildakoen inguruan, ezta biktimak narkotrafikoarekin lotzen zituen frogarik erakutsi ere.

4.700

Zenbat milioi dolar erabili dituzte «narkotrafikoaren aurkako» operazio militarretan. NBEren txostenean estimatu dute AEBk 4.700 milioi dolar —4.100 milioi euro inguru— bideratu dituztela operazio militar horietara. Diru hori frogetan oinarritutako neurrietara edo osasun publikora bideratzea eraginkorragoa litzakeela ondorioztatu dute.

AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak Hegoaldeko lantza operazioa abiarazi zuen iazko udazkenean, eta, besteak beste, Karibe itsasora eraman zuen USS Gerald R. Ford hegazkinontzia, munduko handiena. Operazio militar horiek justifikatzeko Pentagonoak esan izan du «norbere defentsan» aritu dela, eta «narkoterrorismoaren» aurka gerran dagoela. Donald Trump AEBetako presidentea operazio horien alde agertu izan da Kongresuaren aurrean.

NBEren txostenak, aldiz, ziurtatu du AEBek ez dutela eskubiderik indarra erabiltzeko «ustezko» droga trafikoaren aurka. Izan ere, nazioarteko zuzenbidearen arabera, «norbere defentsan» jarduteko «eraso armatu» bat jasan beharko lukete AEBek. Gainera, estatuak ez diren aktoreen aurka eskubide hori erabiltzeko, erasotzaileak estaturen batek bidalitakoak izan behar dute. Txostenaren arabera, ezin da egiaztatu AEBek «terroristatzat» dituzten taldeek estatu baten mesederako jarduten dutela. Esaterako, Washingtonek Tren de Aragua erakundeari leporatu izan dio Venezuelako estatuarekin lotura izatea. Narkoterrorismoa erabili zuten AEBek Venezuelari eraso egiteko argudiotzat ere, eta narkotrafikoa leporatuta bahitu zuten urtarrilean Nicolas Maduro presidentea.

«Hilketa sistematikoak»

Txostenean argudiatu dute nazioarteko uretan egindako hilketa horiek gizateriaren aurkako krimentzat har daitezkeela; «sistematikoki» egin dituztelako, estatu batek horretarako abiarazitako politikak atzean egon direlako, eta «orokortuak» izan direlako. Horiek horrela, hilketak ikertzeko exijitu diete AEBei, arduradunak epaitzeko, eta biktimen familiei kalte ordainak emateko. Gainera, NBEko adituaren arabera, horren hilkorrak ez diren bideak erabili litezke narkotrafikoari aurre egiteko; ontziak atxiki hartzea, besteak beste.

Gainera, operazio horiek abian direnetik AEBetan sartu den droga kantitatea ez dela murriztu jakinarazi du NBEk; ez, behintzat, mugan atzemandako kokaina kantitatea. Venezuelatik ateratzen den droga gehiena kontainer ontzietan iristen dela ere gaineratu dute; ez ontzi txikietan —horieen aurkako erasoak egin ditu AEBetako armadak—. Adituaren ustez, «behe mailako susmagarriak» hiltzea baino eraginkorragoa litzake kartel sareak desegitera eta horien buruak epaitzera bideratzea indarrak. Bestalde, txostenean gehitu dute opioideak eta fentaniloa direla AEBetan heriotza gehien eragiten dituzten drogak, eta horiek ez direla Venezuelatik itsaso bidez iristen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA