Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn. Nabil Shaath. PAEko Batzorde Exekutiboko kidea

«Negoziazioak erraztuko dira NBEk aitortza ematen badigu»

NBEk 1967ko mugetan oinarrituko den estatu palestinarra onartzea ezinbesteko ikusten du Nabil Shaathek, Israelekiko bake negoziazioak sendotzeko bidean.

Ramala
2011ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Al Fata alderdiko Batzorde Exekutibo Zentraleko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko Batzorde Exekutiboko kide iraunkorra da Nabil Shaath. Argi eta garbi dauka ezinbestekoa dela NBE Nazio Batuen Erakundeak 1967ko mugetan etorkizuneko estatu palestinarra aitortzea, berriz ere israeldarrekin negoziazio mahaian esertzeko. Bere ibilbide politikoaren ondorioz hartu du jarrera hori. Shaathek 72 urte ditu, eta Mendebaldean gehien ezagutzen diren figura palestinarretako bat da. Urte askoan, palestinarren atzerri politika izan zuen bere gain: kantzilerra zein negoziatzaile nagusia izan zen. Denbora gutxian, jarduneko lehen ministro ere izan zen.

Jerusalem ondoko herri batean jaio zen, Safaden, zeina Israelek okupatu zuen 1948ko maiatzean, Palestina oraindik Erresuma Batuaren mende zegoenean. Oso gazterik hasi zen politikan, Jasser Arafaten eskutik. Arafati bidaia askotan lagundu zion, bereziki AEB Ameriketako Estatu Batuetara, eta «haren eskuin eskua» izan zen; horrez gain, lekuko ere izan zen PAEk lehenengo aldiz NBEra jo zuenean. Europarren erako politikari horietako bat da, edo hala definitu du Jerusalem Post-ek. Shaathek oraindik ez dauka gogorik politika alde batera uzteko, eta argi asko uzten du PAN Palestinako Aginte Nazionaleko bozeramaile gisa jarduten duen bakoitzean.

Aspalditik aritu da PAN irailari begirako plana egosten, eta iritsi zaio NBEn estatu palestinarra aldarrikatzeko garaia. Baina, ia beti bezala, gauza bat dira bulegoak, eta beste bat kalea. Ez dirudi gizarte palestinarra ez ados dagoenik ez ados ez dagoenik gai horrekin, eta agintea, berriz, esan eta esan ari da azkenaldian eman den pauso garrantzitsuenetako bat dela. Batasunik ere ez dago. Hamasek ez du erabakirik hartu gai horri dagokionez, eta bi alderdiak adiskidetzeko elkarrizketak, berriz, ez atzera ez aurrera daude.

PANek urrian udal hauteskundeak egitea espero du; hori bai, Zisjordanian bakarrik. Diotenez, iraila hilabete funtsezkoa izango da, NBEren Batzar Nagusiak estatu palestinarraren alde edo aurka egiten badu ere.

Zure ustez, zer gertatuko da azkenean NBEk ez badu estatu palestinarra aitortzen?

Balizko aukera guztiak ari gara aztertzen, baina, egia esan, ez dut uste azkenean halakorik gertatuko denik. Israelek dio pauso honekin alde bakarreko ekintza bat ari garela aurrera eramaten… Eta nik galdetzen dut ea orain ezer txarrik ba ote duen estatu batek bere burua estatu gisa adierazteak, eta, hala egin nahi izanez gero, aldebakartasuna ez den zein beste bide aukeratu ditzakeen.

Herrialde bakoitzak eskubidea dauka alde bakarretik independentzia adierazteko. Gero etorriko da alde biko aitortza, baita alde askotako aitortza ere, nazioarte mailan.

Zergatik erabaki duzue orain NBEra jotzea?

Uste dugu nazioartearen babes handiagoa dugula lehen baino, eta aukera hau baliatu behar dugula. Pauso irmo bat da bake elkarrizketei eusteko.

Uste duzu Israelgo Gobernuak beldurra diola zuek eman behar duzuen pauso honi?

Uste dut hein batean pentsatzen dutela hau oztopo izan daitekeela negoziatzeko, baina ezin dute ukatu NBEri eskatzen dioguna erabat bidezkoa dela gure herriarentzat. Israeli esaten diogu aitortza honekin negoziazioak errazago egingo direla eta, batez ere, berdinen artekoak izango direla, edo horretara joko dutela, NBEkoak izateko eskubide osoa baitute biek ere.

Israel lanean aritu da, neurriak hartzen erabakian atzera egin dezaten eta negoziatzera eser daitezen, azkenean ez bazenuten NBEra jotzen…

Bai, egia da, saiatzen aritu dira ez gintezen joan ez Batzar Nagusira, ez Segurtasun Kontseilura, baina joan egingo gara.

Imajina ezazu azkenean Nazio Batuek aitortu egiten dutela estatu palestinarra eskubide osoa duen kide gisa… Zein izango dira ondorio praktikoak?

NBEn erabateko eskubidea duen kidea izateak lehenik eta behin esan nahi du estatu palestinarra aitortzea 1967ko mugetan, bidezko estatu gisa. Bestetik, estatus iraunkorra izango genuke, eta ez behatzaileena, orain daukaguna bezalakoa. Horretaz gain, NBEko erakunde garrantzitsuetan egongo ginateke, Unicef, Unesco eta Nazio Batuen Garapen Programan, esaterako, eta, horrenbestez, horietan parte hartuko genuke. Baina garrantzitsuena da Batzar Nagusiko gainontzeko herrialdeen estatus bera edukitzean nazioarteko hitzarmenak sinatu ahal izango genituzkeela.

PANeko presidentea, Erekatekin batera, Europako herrialde batzuetan izan da, presio egiten eta laguntza eskatzen… Obamaren gobernu taldearekin ere aritu al zarete elkarrizketak izaten beto eskubidea erabil ez dezan Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor gisa?

Bai, noski. Hala aritu gara egiten, israeldarrak aritu diren bezalaxe. Esperantza daukagu azkenean ez dutela betoa erabiliko, nahiz eta erabiltzen badute badagoen aukerarik ebazpen baikor bat lortzeko.

Al Fatak eta Hamasek berriz elkarrizketak izatearen aldekoa al zara?

Jakina… Ez dut uste palestinarrik egongo denik horren kontra dagoenik.

Ez duzu uste PAN sinesgarritasun apur bat galtzen ari dela, palestinarren herriari dagokionez aurrerapenik lortu ez duelako?

Zaila da batuta mantentzea okupazioa ikusirik, eta zaila da gure pauso politiko guztiak zuzenak izatea Israelen okupazio basatiko egoera ikusirik. Ez da erraza, eta ohoratu egiten gaitu gure okerrak onartzeak.

Orain, irailean, ahal dugun guztia egiten saiatuko gara herri palestinarrari merezi duen horixe emateko: estatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.