Desagertuen bila jarraitzen dute Himalaian, eta beldur dira uholde gehiago izango den

Asteazkeneko uholdeen ondorioz, 682 pertsona hil dira, eta 3.000 desagertuta daude oraindik. Nepalgo Gobernuak berretsi du ez duela behar atzerriko erreskate taldeen laguntzarik.

Nepalgo herritar batzuk, herrialdeko armadaren helikoptero batean sartzen saiatzen, Hatigauda herrian, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Nepalgo herritar batzuk, herrialdeko armadaren helikoptero batean sartzen saiatzen, Hatigauda herrian, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Iraia Leon Pego - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko abuztuaren 29a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia 3.000 pertsona daude desagertuta Himalaian: gutxienez 2.418 Nepalen, eta 554 Tibeten. Haiek bilatzeko lanek ez dute etenik izan asteazkenetik. Glaziar baten erorketak luizi eta uholde bortitzak eragin zituen egun horretan bi herrialde horien arteko mugaren inguruetan; azken datuen arabera, Nepalen 675 pertsona hil dira, eta Tibeten beste zazpi. Orain, erreskate langileak erlojuaren aurka ari dira lanean; izan ere, datozen egunetarako iragarritako euriteek are kalte gehiago eragin ditzakete.

Hori nahikoa ez, eta asteazkeneko uholdeetako sedimentuek eta luiziek presa modukoak sortu dituzte. Hala, bi herrialdeen arteko mugan, laku handi bat sortu da Gyirong inguruan, agintariek jakinarazi dutenez; Xinhua Txinako albiste agentziaren arabera —Tibeteko Eskualde Autonomoa Txinaren menpean dago—, aintzira «ezegonkorra» da, eta «lehertzeko arrisku handia» dago; hango urak ibaian behera egin lezake, eta horrek asko zailduko lituzke erreskate operazioak.

«Aurreikuspenen arabera, lakura iristen den emariak hiru milioi metro kubikokoa ere izan liteke datozen hiru egunetan, etengabeko euriteak direla eta. Beraz, handia da pilatutako ur horrek ibaian behera egiteko duen arriskua, eta kalte gehiago eragin ditzake Gyirongeko portuan eta ibaian behera dauden beste leku batzuetan», adierazi zuen Xinhua agentziak atzo gauean.

Horren harira, Txinak bere erreskate taldeen jarduera geldiarazi du gaur goizaldean. Langileak bertan egotea «arriskutsuegia» zela eta, agindu diete eremura ez hurbiltzeko. Ordu gutxi igaro ondoren, ordea, gobernuak berriro baimendu die erreskate taldeei aintzirara hurbiltzea, eta oraindik desagertuta dauden pertsonen erreskatea berrabiarazi dute. Tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, egoerak «hobera» egin du, eta lakuko ur maila hamar metro jaitsi da. 

GLAZIAR HONDAMENDIRIK HILGARRIENAK

  • 1962. Ranrahirca (Peru). Izotz bloke bat jausi zen Huascaran menditik, Peruko mendirik garaienetik. Hamar milioi metro kubiko harkaitz, izotz eta elur isuri ziren mendian behera zazpi minutuan, eta Ranrahirca herria eta inguruko hainbat kokaleku lurperatu zituen. 4.000 pertsona inguru hil ziren. 
  • 1970. Yungay (Peru). 7,9 graduko lurrikara batek Huascaran mendia ezegonkortu zuen, eta glaziar baten ondorioz inoiz izandako hondamendirik hilgarriena eragin zuen. Izotza eta arrokak zeramatzan masa batek Yungay eta Ranrahirca herriak harrapatu zituen. Jausiak 25.000 pertsona inguru hil zituen, eta lurrikarak, 50.000.
  • 1981. Cirenma Co (Tibet). Izotz bloke bat jausi zen Txinaren eta Nepalen arteko mugatik hamalau kilometrora dagoen glaziar laku batera, eta olatu handi bat sortu zuen. Jausiaren ondorioz, ia hogei milioi metro kubiko ur, izotz eta hondakin iritsi ziren Nepalgo ibaietara, eta 200 pertsona inguru hil ziren.  
  • 2021. Chamoli (India). Nanda Devi Indiako bigarren gailur altuenetik gertu, glaziar bateko izotz bloke handi bat jausi zen. Indiako iparraldeko Uttarakhand estatuan uholde handi bat eragin zuen, eta 200 pertsona baino gehiago hil ziren.
  • 2026. Nepal eta Tibeten arteko muga. Himalaiako glaziar baten beheko zatia erori ondoren, izotz, harkaitz eta elur jausi bat iritsi zen ⁠Lhende Khola ibaira, eta uholde handiak sortu. Gutxienez 682 pertsona hil dira, eta 3.000 desagertu daude.

Bestalde, Nepalek baztertu egin ditu zenbait herrialdek egindako eskaintzak, eta adierazi du ez duela atzerriko bilaketa eta erreskate taldeen laguntzarik behar. Nepalgo Gobernuak, nolanahi ere, atzo adierazi zuen gai dela hondamendiaren kalteei aurre egiteko, eta gaur berretsi egin du. Atzerri Ministerioko bozeramaileak sare sozialetan adierazi du ezen, laguntza eskaintzea «naturala» den arren, beren taldeak lanean ari direla eta «oraingoz» ez dutela beharrezkoa atzerriko erreskate taldeen laguntzarik.

589 atzerritar, desagertuta

Ministerioak kaleratu duenez, laguntza bidaltzeko baimena eskatu dioten herrialdeak, nagusiki, hondamendian desagertu diren herritarrak dituztenak dira; besteak beste, India, Txina, Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Japonia, Hego Korea, Sri Lanka eta Bangladesh. Herrialde horietako ehunka turista eta langile desagertuta edo harrapatuta daude oraindik —Nepalen desagertutakoen artean gutxienez 589 atzerritar daude—.

Hego Koreak iragarri du erreskate talde bat bidali duela, baita kalteak konpontzeko beste bat bidaliko duela ere. Dena dela, herrialdeko Atzerri Ministerioak esan du Nepalek oraindik ez duela atzerriko erreskate taldeak onartzeko asmorik, eta «negoziatzen» ari direla.

Nepalgo agintariek azaldu dutenez, herrialdeko armadaren eta Poliziaren gomendioei jarraituz hartu dute eskaintza horiek baztertzeko erabakia, bereziki taldeen artean koordinazio arazorik ez izateko. Hala, nazioarteari eskatu diote laguntza ekonomikoa eta materiala bidaltzeko, erreskate taldeak bidali ordez. Hego Koreak, AEBek, Erresuma Batuak eta Indiak iragarri dute laguntza ekonomikoa bidaltzen ari direla. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA