Hamabost urteko nerabe batek ikaskide bat hil du labanaz, eta beste hiru zauritu ditu, Naoneden, Bretainiako hiriburuan. Poliziaren arabera, erasoa gaur eguerdian izan da, 12:30 aldera, hiriko ikastetxe pribatu batean. Erasotzaileak bazkalorduko tartean egin die eraso bi ikasgelatan zeuden lau ikaskideri; ikastetxeko irakasleek harrapatu dute lehenbizi, eta Poliziak atxilo eraman du gero.
Polizia erasoaren nondik norakoak eta motiboak ikertzen ari da. Ouest France eskualdeko egunkariak zenbait ikasleren lekukotzak jaso ditu, eta ikasle batzuek aitortu dute gaur goizaldean «hogei orrialdeko dokumentu arraro bat» jaso dutela beren posta elektronikoetan, zeinetan aipatzen den iraultza dela lortu daitekeen «garaipenik handiena». Iturri ofizialak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, erasotzaileak ez zuen ez aurrekari penalik, ez motibazio «terroristarik».
Ikastetxeak ez du adierazpenik egin oraingoz. Elisabeth Borne Hezkuntza ministroak «elkartasuna eta babesa» helarazi die biktimen gertukoei eta ikastetxeari, eta jakinarazi du hara joatekoak direla bera eta Bruno Retailleau Barne ministroa.