Netanyahuk Palestinako Estatua aitortu duten agintariei: «Juduak hiltzeak saria du»

Israelgo lehen ministroak ziurtatu du bere «eginkizuna» beteko duela Gazan, eta ez dela Palestinako Estaturik egongo. Hizketan hasi denean estatu kide gehienetako ordezkariek alde egin dute NBEren Batzar Nagusitik.

Netanyahu, gaur, NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran hitzaldia ematen, New Yorken (AEB). SARAH YENESEL / EFE
Netanyahu, gaur, NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran hitzaldia ematen, New Yorken (AEB). SARAH YENESEL / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko irailaren 26a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presioari ez dio men egingo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak: Nazioartean gero eta bakartuago badago ere, Israelek bere «eginkizuna» beteko du Gazan, eta Palestinako Estaturik ez du onartuko. Hala adierazi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran emandako hitzaldian. Israel «terrorismoaren» aurka borrokan ari den bitartean, «terrorismoa sustatzea» eta juduak hiltzen dituztenak «saritzea» leporatu die Palestina estatu gisa aitortu duten herrialdeei. 2023ko urriaren 7an Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek Israelen egindako erasoak behin eta berriz aipatu ditu Gazako sarraskia zuritzeko, eta gehitu du beste «edozein herrialdek» modu berean jokatuko lukeela. Erasoaldi hartan 1.200 israeldar inguru hil zituzten, eta 240 bahitu. Hari erantzunez, Israelgo armadak Gaza setiatu du, eta 65.500 pertsona inguru hil ditu Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Israelgo armadak bozgorailuak jarri ditu Gazan, Netanyahuk New Yorken (AEB) emandako hitzaldia zuzenean entzun dezaten. Lehen ministroaren arabera, Gazako mugan jarri dituzte bozgorailuak, baina zerrendaren barnean ere jarri dituztela kaleratu du The Times of Israel egunkariak armadako iturriak aipatuz. Hala, lehen ministroa Hamasek bahitutako israeldarrei mintzatu zaie, eta promes egin die etxera bueltan eramango dituztela. Ostean, Hamaseko milizianoei exijitu die armak uzteko eta bahituak askatzeko.

Bozgorailuen beharrik ez bazuten ere, NBEren bilkuran zeuden ordezkari gehienek uko egin diote Netanyahuren agerraldia entzuteari. Israelgo lehen ministroa hizketan hasi denean aretotik alde egin dute zenbait estatu kidetako dozenaka ordezkarik. 

Irailaren 16an, NBEren batzorde batek lehen aldiz adierazi zuen Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan. Gaur, Netanyahuk genozidioa egiten ari dela ukatu du, argudiatuta erasoak egin aurretik zerrendako biztanleei ihes egiteko ohartarazi izan dietela esku orrien, mezuen eta telefono deien bidez. Eta gehitu du: «Naziek ihes egiteko esaten al zien juduei?». Gainera, adierazi du Israelentzat «zorigaitz bat» dela zerrendan hiltzen den herritar bakoitza.

Israelgo lehen ministroak Hamas egin du zerrendako zibilen heriotzen erantzule: «alde ez egiteko esaten diete, mehatxu egiten diete». Gainera, Hamasek «munduko judu guztiak» hil nahi dituela gehitu du, eta genozidioa hori dela. Eta Netanyahuren arabera, Gazako gosetea ere Hamasek eragin du. Tel Avivek laguntza humanitarioa sartzeari bide eman diola ziurtatu du, baina Hamasek «lapurtu» egiten duela. Israeli egiten zaion akusazio bakoitzaren erantzule, Hamas.

«Urriaren 7aren ostean palestinarrei Jerusalem alboan estatu bat ematea, Irailaren 11ren ostean Al-Qaedari New York ondoan estatu bat ematea bezala da»»

BENJAMIN NETANYAHU Israelgo lehen ministroa

Ez da iritzi berekoa nazioartea. Israelen erasoaldiari erantzunez, zenbait estatuk —Frantziak, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak eta Portugalek, besteak beste— Palestinako Estatua aitortu zuten, astelehenean. Eta NBEko herrialdeen %80 inguruk aitortua dute jada. Herrialde horietako agintariei mintzatu zaie gaur Netanyahu: «Ongia eta gaizkia nahasi dituzte: ongia gaizki bilakatu dute, eta gaizkia, ongi». Israelen jarduna laudatu du, nazioarteko terrorismoaren aurka borrokan ari dela jakinarazi du, eta horrek mesede egiten dietela orain Palestinako Estatua aitortu duten zenbait herrialderi: «Gu terrorismoaren aurka ari garen bitartean, zuek gure aurka ari zarete». Horren harira, gehitu du «publikoki Israelen aurka egin duten agintari askok» eskerrak eman dizkiotela «atentatu terroristak ekiditeagatik».

Bi estaturen konponbidea ez du begi onez ikusten Israelgo lehen ministroak, eta ziurtatu du ez dela Palestinako Estaturik egongo. Iturririk aipatu gabe, jakinarazi du palestinarren %90ek babestu egin zutela urriaren 7ko erasoa; are, «ospatu» egin zutela. «Urriaren 7aren ostean palestinarrei Jerusalem alboan estatu bat ematea, Irailaren 11ren ostean Al-Qaedari New York ondoan estatu bat ematea bezala da».

NBEren Batzar Nagusiko aulkiak hutsik, Netanyahu hitzaldia ematen ari zen bitartean. ANGLE COLMENARES / EFE
NBEren Batzar Nagusiko aulkiak hutsik, Netanyahu hitzaldia ematen ari zen bitartean. ANGEL COLMENARES / EFE

Israelgo Gobernua soilik ez, «Israelgo herritarren gehiengo zabal bat» ere bi estaturen konponbidearen aurka dagoela ziurtatu du Netanyahuk. Are gehiago, esan du palestinarrek ere ez dutela halakorik nahi: «Ez dute estatu bat nahi gure alboan. Ez dute Israelgo Estatu bat nahi». Esan du ez Hamasek eta ez PAN Palestinako Agintaritza Nazionak ez dutela Israelgo Estatua aitortzen, baina PANek 1993an aitortu zuen Israel, Osloko Akordioetan. Atzo Mahmud Abbas PANeko presidenteak NBEren batzarrean esan zuen Israelekin «modu baketsuan eta seguruan» biziko den estatu bat eraiki nahi dutela. Netanyahu ez da fio, eta adierazi du PANek «hamarkadak» daramatzala erreformak egingo dituela promesten, eta ez duela halakorik egin.

Haren hitzaldietan ohikoa bihurtu den moduan, Iran eta Erresistentziaren Ardatza ere izan ditu hizpide. Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei deritzote hala. Azken urtean, horien aurka egindako erasoaldiak garaipen gisa zerrendatu ditu Netanyahuk. Iazko NBEren bilkuran erakutsitako mapa bera atera du gaur, eta banan-banan herrialde bakoitzaren izena zirriborratu du: «Yemenen, huthien buruzagien erdiak ezabatuta. Gazan, Yaya Sinwar ezabatuta. Libanon, Hassan Nasrallah ezabatuta. Sirian, Assaden erregimena ezabatuta. Irakeko miliziak, geldiarazita. Eta Irango buruzagi militarrak eta zientzialari nuklearrak, horiek ere ezabatuta».

Anexioaren inguruan, hitzik ez

Astelehenean, NBEren egoitza nagusian zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortu ostean, Netanyahuk Zisjordaniako lurralde okupatuak anexionatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Gaur, ez du halakorik aipatu. Donald Trump AEBetako presidenteak atzo gauean adierazi zuen Israelek Zisjordania okupatzearen aurka dagoela. «Nahikoa da. Ez da gertatuko», esan zien atzo kazetariei, Etxe Zurian egindako ekitaldi batean horri buruz galdetu ziotenean. «Ez dut onartuko», azpimarratu zuen. Eta gaur iragarri du «oso gertu» dagoela gerra amaiaraziko duen akordio bat. Netanyahu eta biak datorren astelehenean dira Etxe Zurian batzartzekoak. Horren guztiaren harira, esan beharra dago Nazioarteko Justizia Auzitegiak esana daukala Israelen okupazioa legez kanpokoa dela. 

Netanyahu baino are eskuin muturrerago dauden Israelgo Gobernuko kideek eskatu izan dute anexioa. Palestinako Estatuaren aitortzarekin lotuta, Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak astelehenean adierazi zuen estatu hori desagerrarazi egingo luketela. 

Israelek libano ekialdea bonbardatu du

Iazko azarotik su eten bat indarrean egonagatik, Israelek segitzen du ia egunero Libanori eraso egiten. Gaur, esaterako, herrialdearen ekialdea bonbardatu du, argudiatuta Hezbollahk misilak ekoizteko duen fabrika bat zuela helburu. Israelek ohar batean adierazi duenez, gisa horretako instalazioak erabiliz milizia xiita menia urratzen ari da. 

Horren ondorioz, alarmak piztu zituzten herrialde arabiarretan, eta horietako batzuetako liderrak Trumpekin bildu ziren New Yorken, asteartean. Anexioak Ekialde Hurbilean eragin zezakeenaz ohartarazi zioten AEBetako presidenteari, eta, Saudi Arabiako Atzerri ministro Saud al-Faisalek jendaurrean azaldu zuenez, Trumpek «oso ondo» ulertzen du haien jarrera.

Bien bitartean, Netanyahu New Yorken dago. Nazioarteko Zigor Auzitegiak emanda dauka hura atxilotzeko agindua, gizateriaren kontrako krimenak egotzita. AEBek, baina, ez zuten Erromako Estatutua berretsi; hortaz, auzitegi horren jurisdikziopean ez dagoenez, Netanyahu ez dago atxilotua izateko arriskuan. Kontrara, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak telematikoki mintzatu behar izan zuen atzo, Etxe Zuriak ez baitio baimenik eman herrialdean sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.