Israelgo armadak Gaza hiria lurrez hartzeko operazioa hasi duen egunean, NBE Nazio Batuen Erakundearen batzorde batek zera esan du, aurrenekoz: Israel genozidio bat egiten ari da Gazan. Hori adierazi du Navi Pillayk, Palestinako lurralde okupatuetako egoera aztertzeko NBEk hauspotutako batzordeko buruak. Haren esanetan, gainera, Benjamin Netanyahu lehen ministroa, Isaac Herzog presidentea eta Yoav Gallant Defentsa ministroa dira erantzuleak. Hori azpimarratu du gaur Genevan (Suitza), egoeraren berri ematen duen txostena aurkezteko agerraldian.
Iazko azaroan, jada urtebete igaroa zenean Israel zerrenda setiatzen hasi zenetik, batzorde horrek beste txosten batean azaldu zuen Israelen ekintzak «bat» zetozela genozidio baten ezaugarriekin. Ia urtebete geroago berretsi du genozidio bat dela. Gazako iturri ofizialen arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik ia 65.000 pertsona hil ditu Israelek zerrendan —106 gehiago azken orduetan, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez—. Israelek erantzun du, baina, «faltsua» dela txostena. Atzerri Ministerioak ohar batean esan du Hamasen «gezurretan» oinarritzen dela, eta «beste batzuek» gezur horiek «zuritu eta errepikatu» dituztela. Bide batez, batzorde hori desegiteko eskatu du. Tel Avivek uko egin dio batzorde horrekin elkarlanean aritzeari; azken hilabeteetan adierazi izan du beren kontrako agenda politiko bat duela NBEk.Â
Pillayren hitzetan, baina, Israelgo agintariek «ekinaldi genozida bat» eraman dute aurrera azkeneko bi urteotan, Gazan palestinarrak «suntsitzeko». 72 orrialde ditu txostenak, eta horretan jasotzen dituzte, egindako akusazioaren oinarri gisa, hilketak, laguntza humanitarioaren sarrerari ezarritako blokeoak, behartutako desplazamenduak eta, besteak bestek, osasun azpiegituren kontra egindako erasoak. Hortaz, giza eskubideen aldeko hainbat taldek azken hilabeteetan esandako berbera ondorioztatu du NBEren batzorde horrek ere.
Izan ere, HRW Human Rights Watch, AI Amnesty International eta Mugarik Gabeko Medikuak GKE gobernuz kanpoko erakundeek esan izan dute genozidio bat dela Israel Gazan egiten ari dena, eta Francesca Albanese NBEren Palestinarako kontalari bereziak berak txosten bat kaleratu zuen iazko martxoan, zeinari Genozidio baten anatomia izena jarri zion.

Horren guztiaren harira, kontuan hartu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegia —NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusia da— genozidioa egotzita ari dela Israel ikertzen, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak emana duela Netanyahu atxilotzeko agindua, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak leporatuta.
Zer ekintza hartzen ditu NBE-k genozidiotzat
Talde bateko kideen hilketa.
Hilketak eragitea, talde bat guztiz edo partzialki suntsitzeko asmoarekin.Â
Kalte larria, fisikoa edo psikologikoa.
Horrek barne hartzen ditu tortura, gizateriaren kontrakoak edo umiliagarriak diren ekintzak, bortxaketak, sexu indarkeria, eta biktimen osotasunari kalte larriak eragin diezazkioketen gainerako ekintzak.
Talde bat nahita menderatzea, partzialki edo guztiz txikitua izan dadin.Talde horretako kideei kentzea bizirik irauteko ezinbestekoak diren baliabideak, hala nola elikagaiak eta sendagaiak. Bestela, beren bizilekuetatik kanporatuak izatea.
Taldean jaiotzak eragoztea.Â
Hori egiteko modua litzateke emakumeak antzutzea, abortuak behartzea, eta herritarrak sexuaren arabera banatzea.Adingabeak behartuta desplazatzea
Hori egiteko modua litzateke adingabeak desplazatzera behartzea, izan mehatxuekin, atxilotuta, edo hertsatzeko beste modu batzuen bidez.
Hain zuzen, naziek 1940ko hamarkadaren hasieran sei milioi judu inguru hil ondoren onartu zuen NBEk genozidioari buruzko hitzarmena, 1948an. Hitzarmenean zehaztu zutenez, genozidio bat gertatzen da egiten diren krimenen helburua denean «guztiz edo partzialki suntsitzea talde etniko, erlijioso, arrazializatu edo nazional bat». Hitzarmen hori oinarri gisa hartuta, NBEren batzorde horrek deliberatu du Israel genozidio bat egiten ari dela Gazan, talde bateko kideak hil dituelako; kalte fisiko edo psikologiko larriak eragin dituelako; nahita ezarri dituelako bizi baldintza jakin batzuk, palestinarrak guztiz edo partzialki txikitzeko; eta neurri batzuen bidez jaiotzak eragotzi dituelako.
Hori guztia baieztatzeko froga gisa, biktimekin, lekukoekin eta medikuekin egindako elkarrizketak jaso ditu batzordeak txostenean; baita egiaztatutako dokumentuak eta setioa hasi zenez geroztiko satelite bidezko irudiak ere.Â
Batzordearen buru Pillay jubilatzear dago —84 urte beteko ditu hilaren 23an—, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko magistratua izan zen. Esaterako, Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren presidentea izan zen. Afrikako herrialde horretan genozidio bat gertatu zen 1994an, eta milioi bat pertsona baino gehiago hil zituzten. Hegoafrikarra da Pillay. Hain zuzen, Hegoafrikak leporatu dio Israeli «genozidio kalkulatu bat» egitea, eta iazko urtarrilean Nazioarteko Justizia Auzitegian eserarazi zuen.
Luxenburgok ere esan du palestinako estatua aitortuko duela
Luxenburgok ere iragarri du Palestinako Estatua aitortuko duela datorren astelehenean, bi estaturen irtenbideari buruz New Yorken (AEB) deituta dagoen goi bileran. Luc Frieden lehen ministroak agerraldi bat egin du gaur erabakiaren berri emateko, eta nabarmendu du hautu hori egin dutela Gazan egoera «asko» okertu delako azken hilabeteetan. «Europan eta munduan mugimendu bat ari da azaleratzen, zeinak erakusten duen bi estaturen irtenbidea mahai gainean dagoela oraindik», gehitu du.Â
Frantziak eta Saudi Arabiak deitu dute bilera horretara, eta Luxenburgo ez ezik, Erresuma Batua, Belgika, Australia eta Kanada ere, besteak beste, Palestinako Estatua aitortzekoak dira.
Eta txosten hori argitaratu duten egunean, Israelgo armadak jakinarazi du ekin diola Gaza hiria lurrez hartzeari, abuztu erdialdean Netanyahuk onartutako planari jarraituz. Armadak prentsaurreko bat egin du hori jakinarazteko, eta, zehaztu duenez, hiriaren aldirietan asteak daramatzaten arren, atzo gauean hasi ziren «sakontzen» hiri barruko operazioan. «Pixkanaka egingo da, baina atzo aurrerapauso handi bat eman zen indarrak hedatzeko orduan».
Senideak, Netanyahuren etxean
Lurreko erasoaldia justifikatze aldera, Tel Avivek dio Gaza hiria dela Hamasen gotorleku nagusia, eta 2.000-3.000 miliziano islamista daudela han. Hirian milioi bat pertsona inguru zeuden abuztu hasieran, baina, Israelen esanetan, azkeneko asteetan 300.000 palestinarrek alde egin dute handik. Zerrendan 2,1 milioi pertsona daude guztira.
Bestalde, Hamasen bahituen senideek iragarri dute egunero, 19:30ean, elkarretaratze bat egingo dutela Netanyahuren etxebizitzaren kanpoaldean, Jerusalemen. Egozten diote gatibuen auziari ez ikusiarena egitea.
Â