Netanyahuk bozen kanpainarako baliatu nahi du NBEren Batzar Nagusiko mintzaldia

Israelgo lehen ministroak Gazako, Libanoko eta Irango erasoaldietako «lorpenez» hitz egingo du gaur, hauteskundeen atarian. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak bideokonferentzia bidez hartuko du parte.

Netanyahu NBEren Batzar Nagusian ematekoa den hitzaldia prestatzen, atzo. EFE
Netanyahu NBEren Batzar Nagusian ematekoa den hitzaldia prestatzen, atzo. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 24a
12:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete pasa falta da Israelgo bozetarako, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak erronka handia du aurrean: abian dituen gatazken harira, gero eta herrialde gehiagok gaitzetsi dituzte haren politikak, eta gobernu koalizioko bazkideek ere presioa areagotu dute. Horren harira, lehen ministroak gaur iluntzean NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian emango duen hitzaldia baliatu nahi du balantza bere aldera mugiarazteko: nazioartean Israelen inguruan zabaldutako «gezurren» aurka borroka egingo duela adierazi zuen atzo sare sozialetan. Urriaren 27an egingo dituzte boz orokorrak Israelen.

Gazako sarraskia, eta Libanoko zein Irango erasoaldiak, baina, ezingo ditu ezkutatu; horren erakusle, New Yorken protestak daude deituta Netanyahuren bisitaren harira. Hain justu, hiri horretako alkate Zohran Mamdanik gogor egin du Israelgo lehen ministroaren aurka. Gerra kriminala izatea, eta genozidioa egitea leporatu dio, eta Donald Trump AEBetako presidenteari eskatu dio betetzeko Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahuren aurka ezarritako atxilotze agindua. Trumpek, ordea, esana du ez duela inola ere onartuko Netanyahu atxilotzea.

Israelgo lehen ministroak, frogarik eman gabe, Hamas babestea eta juduen aurkako istiluak hauspotzea egotzi zion Mamdaniri, asteartean sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Eta gaineratu zuen New Yorkeko alkatearen inguruko «egien» berri emango zuela NBEren egoitza nagusian. New York da Israeldik kanpo munduan judutar gehien bizi den hiria.

New Yorkeko alkateaz gainera, espero da Netanyahuk Frantzia eta Erresuma Batuko agintariak ere jomugan izango dituela gaurko hitzaldian. Bi herrialde horiek berriki neurriak hartu dituzte Israelek Zisjordanian ekoitzitako produktua esportatu ez ditzan. Gainera, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, Gazako egoera kritikatu du asteon, NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran: «Guztiok lotsarazten gaitu». Iazko biltzarrean Macron bera izan zen hainbat herrialdek Palestinako estatua aitortzea hauspotu zuen ekimenaren bultzatzaile nagusia.

Bada, Palestinako estatuak ez du ordezkaritzarik izango NBEren Batzar Nagusiaren aurtengo bilkuran ere. AEBek ez diote herrialdean sartzea baimendu Mahmud Abbas PAN Palestinako Agintaritza Nazionaleko presidenteari, eta bideokonferentzia bidez hartuko du hitza gaur arratsaldean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA