Israel

Netanyahuk kargua «bere desira pertsonalen» mesedetan erabili du, fiskaltzaren arabera

Walla hedabideko zuzendari ohiak adierazi du presioak jasan zituela Netanyahuren aldeko eta aurkari politikoen kontrako artikuluak argitaratzeko.

Netanyahuren aurkako protestak, epaitegien atarian, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 5a
13:41
Entzun

«Erregimenaren ustelkeria kasu larri bat» ari dira epaitzen, eta «susmagarri nagusia Israelgo lehen ministroa da». Argi utzi du bere jarrera Liat Ben Ari fiskalak, Benjamin Netanyahuren aurkako epaiketa berri baten lehen auzi egunean. Kargua «bere desira pertsonalen» mesedetan erabili izanaz akusatu du. 

Avichai Mandelblit fiskan nagusiaren taldeak hiru ikerketa ditu hasiak haren aurka, eroskeriaz, iruzurraz eta konfiantza hausteaz akusatuta. Gaur hasi dena ez da, beraz, Netanyahuren aurkako auzi bakarra. Bada, ordea, larriena. 4.000 auzia izenaz ezaguna den horretan, Bezeq taldeko akziodun nagusi Shaul Elovitchi mesede egin zioten neurriak hartu izanaz akusatu dute, Walla hedabide digitalean haren aldeko informazioa argitaratzearen truke.

Ben Ariren arabera, froga «ugari» daude, «zuzenak eta zirkunstantzialak», adierazteko Netanyahuk lehen ministro kargua erabili zuela hedabide bati presio egiteko, komunikabideak «egingo zuenaren modu ezberdin batean informatzea eragiteko edo eragiten saiatzeko».

Walla hedabideko zuzendari ohi Ilan Yeshuaren adierazpenek bide beretik jarraitu dute. «Eskatu zidaten lehen ministroaren eta haren emaztearen, eta baita batzuetan haren semearen, inguruko artikulu positiboak idazteko», adierazi du, eta gehitu aurkari politikoen aurkako artikuluak idazteko agindua ere jaso zuela, besteak beste, Yamina koalizioko buru eta ministro ohi Naftali Benneten ingurukoak. Yeshua azalpenak ematen ari zela, hedabidearen jabeetako batek, Iris Elovitchek, moztu egin du haren adierazpena: «Zenbat gezur esan ditzakezu?».

Ez da hedabideetan eragiteko Netanyahuren nahiarekin lotutako auzi bakarra. 2.000 auzian ere iruzurraz eta konfiantza hausteaz akusatu dute. Kasu hartan, Yedioth Ahronoth hedabideko Arnon Mozesekin eginiko akordioengatik. Hedabide hartan lehen ministroaren aldeko informazioa argitaratzearen truke, Israel Hayom lehiakideari zailtasun legalak jartzea adostu zuten.

Gainera, iruzurraz akusatuko dute 1.000 auzian ere. Netanyahuk eta haren emazteak legez kanpoko opariak, 183.000 euro inguruko balioa luketenak, jaso zituztela uste du fiskaltzak, hainbat mesederen truke. 

Badira Netanyahuren inguruarekin lotutako beste bi kasu ere, hura zuzenean auzpetuta ez egon arren. 3.000 auzian, haren inguru pertsonal eta profesionaleko hainbat kide daude akusatuta, Israelen eta Alemaniaren arteko urpekari eta itsasontzi salerosketa bategatik. Haren emaztearen aurkako beste bat ere bada, 4.000 auziari lotua. Haren aurkako karguak ezabatzearen truke, Israelgo fiskal nagusi kargurako hautagai izendapena eskaintzeagatik. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.