Kezkatuta dago. Israelgo jarduneko lehen ministro Benjamin Netanyahuk gero eta hurbilago ikusten du kargua uzteko unea; hori geratzen denean, babes gutxiago edukiko du epaitegietan. Horregatik, haren aurka zabalik dauden ustelkeria kasuak artxibatzeko eskatu zuen atzo, Jerusalemgo epaile batzuek herrialdeko fiskal nagusiari Netanyahuren aurkako hainbat kargu baztertzeko gomendatu ostean. «Auziak behea jo du», adierazi zuen Israelgo Parlamentuan gauean emandako hitzaldi batean.
Israelen, lehen ministroak eta diputatuek ez dute berezko immunitaterik, baina parlamentuari eskatzeko aukera dute. Halere, gobernuburuak badu nolabaiteko babesa auzi judizialen aurrean. Horren erakusgarri, 2024ko abendutik orain arte, Netanyahuren aurkako kasuekin lotuta, 215 auzi saio zeuden deituta; bada, horietatik 142 ez dira egin.
Lehen ministroak, besteak beste, Palestinaren, Iranen, Siriaren eta Libanoren aurkako operazio militarrak erabili ditu saio horiek atzeratzeko arrazoi gisa. Gainera, parlamentuaren gehiengoaren babesa eduki du. Kargua galtzen badu, galdu egingo du epaiketetan eragiteko ahalmen hori ere. Netanyahuren alderdia izan bazen ere hauteskundeetan boto gehien lortu zuena, gobernua osatzeko ardura Gadi Eisenkot Yashar alderdiko buruari eman dio Isaac Herzog presidenteak. Orain koalizioa osatzeko negoziazioetan ari da Eisenkot. Abenduaren 6ra arteko epea du horretarako.
israelgo armadak gazako hezkuntza idazkariordea hil du
Israelek gaur ere bonbardaketak egin ditu Gazako zerrendan zehar; eta, gutxienez zortzi pertsona hil ditu. Horien artean zegoen Khaled Abu Nada Gazako Gobernuko Hezkuntza idazkariordea. Israelgo armadak berak baieztatu du Abu Nadaren heriotza, eta esan du Hamasen hezkuntza eta ekonomia arloen arduraduna zela; ez du, ordea, Hamasen adar armatuarekin lotu. Deir al Balahn izan da eraso hori, zerrendaren erdialdean, eta Abu Nadaren emaztea ere hil dute. Gainera, Gaza hirian egindako hainbat erasotan, beste sei pertsona hil dituzte.
Netanyahuren aurkako auziak ikertzen ari diren epaileak, Jerusalem Barrutiko Auzitegikoak, atzo arratsaldean Gali Baharav-Miara Israelgo fiskal nagusiarekin batzartu ziren, eta gomendatu zioten arintzeko Netanyahuren aurkako karguak. Hiru ustelkeria auzigatik ari dira epaitzen Israelgo lehen ministroa. Ikerketa 2016an hasi zen, 2019an fiskaltzak Netanyahuren aurkako karguak aurkeztu zituen, 2020ko maiatzean epaiketari ekin zioten, eta 2024ko abenduan deklaratu zuen Netanyahuk lehen aldiz.
Israelgo hedabideek zabaldu dutenez, hiru kasu horietako batean eroskeria kargua baztertzeko gomendatu zioten atzo epaileek fiskaltzari, baita beste kasu batean argudio gehiago aurkezteko eskatu ere.
Epaileen eskaera horiek erakusten dute, Netanyahuren ustez, haren aurkako «jazarpen politikoa» abian izan dela. Horregatik, auzi guztiak artxibatzeko exijitu zuen: «Duela hamar urte esan nuen ez zela ezer aterako, baina hamar urte behar izan dira hori argitzeko». Hamar urte horietan bere familia «sufritzen» aritu dela ere gaineratu zuen.
Indultu eskaera
Iazko azaroan ere egin zuen bere aurkako auziak alboratzeko saiakera bat Netanyahuk. Horretarako, Israelgo presidenteari indultua emateko eskatu zion. Herzogek oraindik ez du erantzunik eman.
Bestalde, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua emana du, eta lehen ministro kargua utzita ere agindu horrek indarrean jarraituko du. Are gehiago, zenbait estatuk esan izan dute ez dutela Netanyahu atxilotuko herrialde bateko gobernuburu izateagatik duen immunitateagatik. Kargua utziko balu, ostera, galdu egingo luke babes hori.