«Nire seme-alabetako lau nire parean hil zituzten. Nire kalean bakarrik, 11 gazte tiroz hil zituzten, eta inork ez digu azalpenik eman egin zutenaren inguruan». Nigeria ipar-ekialdeko Maiduguri hiriko Malam Aji Mustapha imamak (apaiz musulmanak) BBC kateari eginiko salaketa da, armadak egindako operazio baten inguruan. Ospitaleko gorputegian beste 48 gazteren gorpuak ikusi zituela azaldu du Mustaphak. BBCk dioenez, Maiduguriko beste herritar batzuengandik ere «antzerako» adierazpenak bildu ditu. Sagir Musa teniente koronelak hilketa horien berririk ez duela adierazi dio Erresuma Batuko kateari, baina salatutakoa ikertuko dutela esan du.
Maiduguri hirian, Boko Haram talde armatu islamistak presentzia handia du. AI Amnesty Internationalek txosten bat argitaratu eta biharamunean egin dituzte Maiduguriko herritarrek armadaren aurkako azken salaketak. AIk txostenean salatu du militarrek Boko Haramen aurkako borroka aitzakiatzat hartuta gehiegikeriak egin dituztela Nigeriako musulmanen aurka. Exekuzioak, desagerrarazteak, torturak, atxiloketa arbitrarioak eta etxe erretzeak ere salatu ditu AIk. Nigeriako Gobernuak ukatu egin ditu akusazio guztiak.
Nigeriako hiri batean armadak egindako exekuzioak salatu dituzte
Dozenaka gazte tiroka hil dituztela salatu dute Maiduguriko herritarrek; nagusiki musulmana da hiri hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu