Umaru Yar'Adua Nigeriako presidentea hil egin da, bihotzeko arazoak direla-eta. 58 urte zeuzkan eta azkeneko hilabeteetan zebilen arazoekin. Iazko azarotik Goodluck Jonathan presidenteordea egon da haren ordez agintean, behin-behinean -karguan ofizialki, baina, otsailaren 9tik dago-. Jonathanek gaur egin dio zin presidente karguari, eta hor egongo da 2011ra arte; hauteskundeak egingo dituzte orduan.
Azaroan gaixotu zen, Saudi Arabian. Jidan zegoela, peritonita bat izan zuen azaroaren 23an; hots, bihotzaren inguruko ehunaren sukarraldia. Han bertan premiaz artatu egin zuten eta geroztik ez zen jaioterrira bueltatu. Gaixoaldi horretan, senide eta inguruek baino ez zuten ikusi. Nigeriara otsailaren 24an itzuli zen, baina harrezkero ez da jendaurrean azaldu.
Gaur emango diote lur Yar'Aduari, bere estatuan: Katsanan, Nigeria iparraldean. 2007ko maiatzaren 29an izendatu zuten herrialdeko presidente.
Munduko zortzigarren petrolio ekoizle handiena da Nigeria, eta azkenaldian Ameriketako Estatu Batuak eta Europako Batasuna kezkatuta agertu dira hango presidentzia egoeraz.
Afrikan bizilagun gehien dituen herrialdea da: 150 milioi lagun.
munDUA
Nigeriako presidentea hil da, bihotzeko arazoengatik
Umaru Yar'Aduak 58 urte zituen eta gaixorik zegoen. Hurrengo urtean egingo dituzte hauteskundeak; ordura artean, Goodluck Jonathan izango da presidentea. Afrikan bizilagun gehien dituen herrialdea da Nigeria: 150 milioi lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu