Niger

Nigerrek herrialdeko aire eremua itxi du

Bart gauean amaitu da Ecowasek junta militarrari Bazoum presidentea agintera itzularazteko eman zion epea eta ostegunean bilduko dira berriz egoeraz eztabaidatzeko. Nigerrek ohartarazi du blokea erasorako prestatzen hasi dela.

Junta militarraren 30.000 jarraitzaile bildu ziren atzo Niameiko Seyni Kountche estadioan. ISSIFOU DJIBO / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 7a
09:02
Entzun

Amaitu da kortesiazko epea, eta tentsioa areagotzen hasi da Afrika mendebaldean. Nigerko junta militarrak herrialdeko aire eremua itxi du, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak militarki esku hartzeko aukeraren harira, eta nabarmendu du «prest» daudela «herrialdearen osotasuna defendatzeko». Bide beretik, kolpistek ohartarazi dute «erantzun indartsua eta berehalakoa» jasoko duela Nigerko aire eremua urratzen duen edonork.

Blokeak astebeteko epea eman zion junta militarrari Mohamed Bazoum presidentea agintera itzularazteko; bart gauerdian amaitu da hori. Armetara jotzea Ecowasen «azken baliabidea» da; dena dela, junta militarrak ohartarazi du «gerra baterako plana» finkatu duela Ecowasek, eta eskualdeko bi herrialde hasiak direla erasorako prestatzen. «Atzerriko potentzia» bat ere horretan ari dela jakinarazi du.

Hamabost herrialdek osatzen dute Ecowas erkidegoa, eta gehientsuenak lerrokatu dira Nigerko estatu kolpearen kontra. Negoziazio politikoen bideak itxita direla dirudi, oraingoz; Ecowas militarrekin eta Bazoumekin elkartzen saiatu zen joan den astean, Niamei hiriburuan, baina bilerak ez zuen emaitzarik izan.

Ostegunean Abujan bilduko dira berriz blokeko ordezkariak, Tinubuk berak eskatuta. Sare sozialetan plazaratu duten oharraren arabera, «Nigerko testuinguruko politikoaz hitz egiteko». Erakundeak ez du xehetasun gehiagoren berri eman.

Nigeriak, Beninek, Boli Kostak eta Senegalek jada baieztatu dute beren armadak eskura dituztela Nigerren esku hartzeko eta «ordena konstituzionala berriz ezartzeko». Nigeriak du erkidegoko armadarik handiena eta indartsuena. Uzkur dira, ordea. Bola Tinubu Nigeriako presidente eta Ecowaseko buruzagiak erasoaldiaren alde egin zuen Bazoum agintera bueltatzeko. Atzo, baina, Nigeriako Senatuak uko egin zion presidentearen nahiari, eta beste bideren bat bilatzeko eskatu zuen.

Dena den, ez litzateke lehen aldia Nigeriak militarki esku hartzen duena Senatuaren onespenik gabe. 2017an, Muhammadu Buharik, orduko gobernuburuak, militarrak bidali zituen Gambiara, goi ganberaren nahiaren aurka. Esku hartzearen ondorioz, kargutik kendu zuten Yahya Jammeh jarduneko presidentea —oposizioko buru Adama Barrowk irabaziak zituen hauteskundeak, baina Jammehk uko egin zion kargua uzteari; hori argudio hartuta bidali zituen militarrak Nigeriak—.

Agerikoa da Ecowasen parte diren herrialdeen arteko zatiketa. Junta militarrak daude agintean Gineako Errepublikan, Malin eta Burkina Fason. Eta azken bi horiek jada argi utzi dute Nigerren kontrako oldarraldia haien kontrako «gerra deklarazio bat» litzatekeela. Hori dela eta, Nigerko estatu kolpetik bi astera, Frantziak iragarri du Burkina Faso ekonomikoki laguntzeari utziko diola «beste agindurik eman arte».

Aurretik, laguntzak eten zizkion Frantziak Nigerri ere. Ecowasek ere zigor ekonomikoak ezarri zizkion; besteak beste, energia salerosketak etetea. Neurria presio handikoa da Nigerrentzat, kontsumitzen duen energiaren %90 eskuratzen baitu Nigeriatik, Energia Berriztagarriaren Nazioarteko Agentziaren arabera.

Militarren kolpearen ondotik, herrialdeko muga guztiak itxi zituzten. Hortik astebetera, junta militarrak mugako bide batzuk ireki zituen. Aljeriarekin, Burkina Fasorekin, Libiarekin, Malirekin eta Txadekin dituen mugak zabalik daude; aldiz, oraindik itxita daude Beninekin eta Nigeriarekin dituenak.

Atzo, Nigerko junta militarraren 30.000 jarraitzaile inguru bildu ziren Niameiko Seyni Kountche estadioan. Juntako buruzagien irudiekin eta Errusiako banderekin bertaratu ziren zenbait.

Nazioarteko babesa

Gaur-gaurkoz, esku hartze militar batek ez luke izango NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren babesik, hartako kideen artean ere jarrerak ez baitatoz bat. Frantziak, zeinak interes ekonomikoak dituen herrialdean, argi utzi du sostengatu egingo duela Ecowasen edozein ekintza. Errusiak, aldiz, ez du esku hartzerik nahi, baina Wagner talde paramilitarrak laguntza eskaini die kolpistei. Ez litzateke lehen aldia mertzenario taldeak estatu kolpe bat jo duten militarrei laguntzen diena: Malin, esaterako, 2021etik ari dira armadari laguntzen, eta haien eragina handia da Afrika Erdiko Errepublikan eta Libian ere.

Bestalde, Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik itxaropena agertu du Ecowasek luzatu egingo duela junta militarrari ezarritako epemuga eta elkarrizketak lehenetsiko dituela. Hala adierazi du La Stampa egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: «Diplomazia da bide egoki bakarra». Hala ere, okerrenerako prestatu da Italia bera ere, eta balizko borroketatik ihesi hel daitezkeen italiar zibilentzako tokia egin du herrialdean duen base militarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.