Zientzialariak urte hasieran hasi ziren ohartarazten uda amaieran El Niño fenomeno indartsu bat sortzeko aukera handiak zeudela, eta aurreikuspenak bete egin dira. Munduko Meteorologia Elkarteak (MME) baieztatu du jada fenomeno bero hori sortuta dagoela, eta uste dute urtearen amaieran izango dela indartsuen. Horrez gain, azaldu dute fenomenoak gutxienez 2027ko otsailera arte irauteko aukerak ia %100ekoak direla.
Ozeano Barearen ekialdeko ekuatorean sortzen da El Niño fenomenoa, Peruko eta Ekuadorko kostaldean, ziklikoki. Bertako ura eta airea ohi baino beroagoak izatea eragiten du, eta, eremu eta masa oso handia hartzen duenez, mundu osoko tenperaturetan nabaritu ohi da; horrenbestez, batez besteko tenperaturak igo egiten dira. Horrez gain, bereziki Ozeano Barearen ekialdean eta Amerikako kontinente osoan asko aldatzen du klima. El Niño, bestalde, oso lotuta dago euri jasa indartsuekin, eta fenomeno hotza, La Niña, berriz, lehorteekin.
Munduko Meteorologia Elkarteak azaldu duenez, El Niño fenomenoa ez da inoiz orain bezain irmoa izan. «Indar oso handiko fenomenoa» espero dute, eta uste dute horrek muturreko fenomeno meteorologikoak gertatzeko aukerak handituko dituela. Hori dela eta, Celeste Saulo MMEko idazkari nagusiak azaldu du fenomeno horietarako prestatzeko beharra dagoela, baita erantzun azkarrak emateko ere: «El Niño-k munduko komunitateei eta ekonomiei kolpe handia emateko potentziala du. MMEren 50 urteko historian inoiz ez dugu horrenbesteko mobilizaziorik egin herrialdeetako meteorologia eta hidrologia zerbitzuekin batera».
'El Niño'-ren datuak
Ozeano Barearen ekialdeko ekuatoreko berotze azkarra erakusten duten datuak argitaratu ditu MMEk: maiatzaren eta uztailaren hasieraren artean, inguru hori ohi baino 1,5 gradu zentigradu beroago zegoen, baina uztailaren amaieran tenperatura anomalia hori jada bi gradukoa zen. Eta abuzturako, anomalia hori 2,6 gradura iritsi da.
Larriagoak dira gainazalaren azpiko uren tenperaturaren datuak: eremu batzuetan, ur sakonak ohi baino zortzi gradu beroago egon dira. MMEk azaldu duenez, aurreikuspena «oso fidagarria» da, eta uste du hori garrantzitsua dela aurretiazko neurriak hartzeko.