«Noizean behin entzuten ditugu misil suntsituen burrunbak eta ehiza hegazkinen soinua»

Imanol Arregi Kuwaiten bizi da, eta Tamara Dos Anjos, Jon Tolosa eta Ibon Arrieta, berriz, Dubain. Larunbataz geroztik, bi herrialde horietan ohiko bihurtu da Iranen erasoak gelditzeko misilen aurkako ezkutuek egiten duten hotsa.

AEBek Dubain duten kontsulatua. EFE
AEBek Dubain duten kontsulatua. EFE
kristina martin
2026ko martxoaren 4a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikara, tentsioa eta ziurgabetasuna. Hitz horiekin deskribatu dute Persiar golkoan gatazkaren erdian dauden zenbait euskal herritarrek egun hauetan bizitzen ari direna. Izan ere, AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaren eta Irango kontraerasoaren hondarrak ari dira iristen, esaterako, Qatarrera, Kuwaitera, Saudi Arabiara, Jordaniara eta Arabiar Emirerri Batuetara. AEBen base militarrak eta enbaxadak dira misilen jomuga, eta herrialde horietan dauden euskal herritarrak horren lekuko dira.

Imanol Arregi Kuwaiten bizi da, eta Tamara Dos Anjos, Jon Tolosa eta Ibon Arrieta, berriz, Dubain (Arabiar Emirerri Batuetan). AEBen base militarrak eta enbaxadak daude bi herrialde horietan. Gertu dituzte misilen aurkako ezkutuak, eta horiek misilak nola geldiarazten dituzten entzuten dute egunero. Burrunba larunbatean hasi zen, eta orain giroa baretu den arren, aldiro entzuten dituzte alertak eta leherketak. Aire espazioa itxita dago. Urduritasuna da nagusi. Ziurgabetasuna da okerrena, haien esanetan. Denek dute gatazka baretuko den itxaropena.

Tamara Dos Anjos alegiarrak (Gipuzkoa) ia hamabi urte daramatza Dubain bizitzen. Emirates hegazkin konpainian lan egiten du. «Emirerrietako agintariek lasaitasun mezuak zabaldu dituzte hedabideetan. Ekonomia ministroak esan du gutxienez lau hilabeterako hornidura dutela, Irango misilak baliogabetzeko ahalmena dutela, eta telebistan erakusten dute nola suntsitzen dituzten», adierazi dio Dos Anjosek BERRIAri. «Sare sozialetan xekeen irudiak daude, hiriko merkataritza zentrorik handienean kafea hartzen ari direla».

Tamara Dos Anjos
TAMARA DOS ANJOSEK UTZITAKOA

Herritar gehienek, ostera, ez dute horretarako umorerik. «Gehienak etxean gaude, baina gutxi batzuk hondartzan daude misilen bideoak grabatzen, eta sare sozialetan zabaltzen». Lantokietan enpresa bakoitzak erabakitzen du langileak etxera bidali edo ez... Eskolei dagokienez, hasieran hiru egunez itxi zituzten, eta online eskolak ematen aritu dira, baina atzo bidali zuten abisua momentuz aste osora luzatuko direla online eskolak.

Imanol Arregi irurtzundarra (Nafarroa) Kuwaiteko Al-Jarmuk futbol taldeko entrenatzailea da. Kontatu duenez, «Ramadanen gaudenez, kalean ez elkartzeko deia egin dute agintariek, baina bestela, normal samar dago dena. Jendea kalean dabil, baina tentsioa igartzen da». Kuwaiteko agintariek eta Espainiako enbaxadak lasaitu egin nahi dituzte. «Esaten digute lasai egoteko, etxean geratzeko», adierazi du. «Azaldu digute egoera kritiko jartzen bada ateratzeko operazioa jarriko dutela martxan, baina ez dakit haien ustez zer den egoera kritikoa».

Mezuak mezu, «alarmak entzuten ari gara egun osoan; misilen hotsa ere entzuten dugu aldiro». Arregiren esanetan, esaten diete ez direla herrialdearen aurkako erasoak, baina ez da fio: «Lehengo egunean nazioarteko aireportuan erori zen drone bat...». Asteburutik hona ez da lanera joan, kirol ekintzak eta lehiaketa guztiak bertan behera utzi dituzte eta. Bakarrik bizi da, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen dio. Orain dela gutxi izan du emaztearen eta hiru urteko semearen bisita, baina duela bi aste itzuli ziren Euskal Herrira. «Semea txikia da, eta ez da jabetzen, baina emaztea oso urduri dago».

Imanol Arregi, aretoko futbol entrenatzailea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Imanol Arregi, areto futboleko entrenatzailea, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Eraikin osoa suntsitu balute bezala

Larunbatean entzun zituzten leherketak lehen aldiz. Tamara Dos Anjosek kontatu duenez, «dantza eskola batera joaten naiz, Dubaiko palmondoan, eta eskolan ari ginenean jakin genuen Abu Dhabin leherketak egon zirela, eta aire espazioa itxi zutela. Baina, egia esan, ez ginen asko kezkatu, duela gutxi ere horrela ibili ginelako, eta ez zen ezer gertatu». 16:30ean, beste hiruzpalau leherketa entzun zituen, eta jendea balkoietara ateratzen hasi zen, zeruari begira. «Orduan ohartu nintzen oraingoan serioagoa zela. Sinesgaitza egin zitzaidan: Qatarren eta Abu Dhabin gertatzea, hor nonbait, baina Dubain ez genuen espero», azaldu du alegiarrak.

«Beldurra sentitu nuen, inoiz ez bainuen horrelako hots bat entzun. Eraikin oso bat suntsitu balute bezala... Etxeko kristalak dar-dar egin zuten. Hemen palestinar eta siriar asko bizi dira, eta haiek ohituago daude, baina niretzat ikaratzekoa da hau». Dos Anjosek erantsi du: «21:30ak arte ordu erdian behin entzun genituen leherketak, eta, handik gutxira, ehiza hegazkin bonbaketarien zarata ere entzuten hasi ginen».

«Beldurra sentitu nuen, inoiz ez bainuen horrelako hots bat entzun. Eraikin oso bat suntsitu balute bezala... Hemen bizi diren palestinarrak eta siriarrak ohituago daude, baina niretzat ikaratzekoa da hau»

TAMARA DOS ANJOS Dubain bizi den alegiarra

Dubaiko beste lagunekin hitz egin ostean, jakin zuen kostaldean entzuten zirela gehienbat misilen hotsak, «kostaldetik gertu baitago Abu Dhabi ‒AEBek base militarra dute han‒ eta Jebel Aliko portua». Ekialde Hurbileko porturik handiena da hori, eta AEBek geldialdiak egiteko erabiltzen dute. Bi horiek bonbardatzen ari zen Iran.

Argitu duenez, kalera ez ateratzeko aholkatu diete, misilak suntsitzerakoan sortzen diren hondakinek suteak eta kalteak eragin ditzaketela eta. «Halakoak erori izan dira berez erasoen helmugak ez diren lekuetan: Burj Khalifa etxe orratzean, Fairmont hotelean... Igandean jakinarazi zuten hiru lagun hil eta hainbat zauritu zirela puska horien ondorioz», jakinarazi du. «Igandean lasaitu zen giroa, eta bi leherketa bakarrik entzun genituen. Orduz geroztik, noizean behin entzuten ditugu suntsitutako misilen burrunbak eta ehiza hegazkinen soinua».

Kaleak, ohiko itxuran

Jon Tolosa 24 urteko urnietarra iazko abuztuan joan zen Dubaira. Hotel batean lan egiten du. Tamara Dos Anjosen moduan, berak ere larunbat goizean entzun zuen lehenengo leherketa, Abu Dhabin, eta arratsaldean Dubaira iritsi ziren eztandak. «Larunbata nire jaieguna da, eta hondartzara joan nintzen. Arratsaldean zerua oskarbi zegoen, eta bagenekien aire espazioa itxita zegoela. Baina, bat-batean, hegazkin handi batena zirudien izugarrizko soinua entzun genuen, eta gero, leherketa ugari. Hiri osoan entzuteko modukoa izan zen. Jendea hondartzatik alde egiten hasi zen», gogoratu du.

JON TOLOSA
JON TOLOSAK UTZITAKOA

Ekaitzaren ostean etorri zen barealdia. «Hoteleko langileak, oro har, lanera etorri gara, nahiz eta beste batzuk etxetik ari diren». Kaleen itxura nahiko normala da; mugimendu gutxiago ikusten da. Hala ere, «herrialdetik irten ezinik geratu diren turistak, esaterako, hiria ikusteko aprobetxatzen ari dira». Dendak zabalik daude, eta janaria erosteko arazorik ez du izan. Dena den, Tolosak ohartarazi duenez, gatazka luzatuko balitz, hornidura arazoak egon litezke, elikagai gehienak inportatzen dituztelako.

Ekaina arte Dubain geratzeko asmoa du, baina oraintxe bertan aukera izango balu, «giroa lasaitu arte etxera joango nintzateke, eta gero itzuli». Arregi ere Kuwaitetik ateratzeko irrikaz dago. «Entzun dudanez, batzuk ari dira Saudi Arabiara autoz joaten, han hegaldi batzuk ateratzen ari direlako, baina enbaxadan ez digute gomendatzen».

Duela sei urte Dubain bizi den beste euskal herritar bat Ibon Arrieta da. Ostalaritzan lan egiten du 26 urteko tolosarrak. Lasai dago, ez du beldurrik. Bere inguruan normal ari dira lan egiten, eta saltokiak eta kaleko jarduera ohiko moduan dago. Ez du herrialdea uzteko asmorik. «Duela astebete egon nintzen etxean, eta han bezain seguru sentitzen naiz hemen».

Dos Anjosek, berriz, nahiago luke gatazkak beste nonbait harrapatu izan balu, kontuan hartuta lanarengatik munduan atzera eta aurrera ibiltzen dela. Haren tripulazioko kide bat Delhin (India) geratu da, eta beste batzuk Bangkoken eta Lagosen daude. «Niri, zoritxarrez, hemen geratzea tokatu zait: Hegoafrikatik itzuli nintzen ostiralean, eta astelehenean neukan Madrilerako hegaldia, baina hemen nago». Lan egiten duen hegazkin konpainiak bertan behera utzi ditu ohiko hegaldiak: «Baina hegaldi batzuk irten ziren herenegun, batez ere Londresera, Munichera eta Parisera. Hegazkinak erdi hutsik doaz, tripulazioa behar dutelako, eta oraintxe gutxik nahi dugu hegazkin batera igo».

Ibon Arrieta
IBON ARRIETAK UTZITAKOA

Herrialde seguruaren irudia

Dubaik ia lau milioi biztanle ditu, eta %90etik gora dira atzerritarrak. «Dauden bertako gutxi horiek beren hiriaz eta herrialdeaz harro daude, eta ez dute irudi hori hondatu nahi», azaldu du Tolosak. Nolanahi ere, badaezpada ere, gomendatu diete erasoak ugarituko balira eraikinen azpiko aparkalekuetan edo bestelako leku seguruetan aterpe har dezaten.

Modu berean, Kuwaiteko agintariek herritarrentzako gune seguruak prestatu dituzte; ikastetxeak dira gehienbat. Horrek ez du asko lasaitzen Arregi. «Ikastetxeak dira babeslekuak, baina Iranen aurkako erasoan nesken ikastetxe bat bonbardatu zuten». Erasoak 150 bat hildako eragin zituen. «Gauzak okertzen badira, etxean geratuko naiz, inork ez baitizu bermatzen babeslekuak seguruagoak direnik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.