Gaurko egunez, duela urtebete, urak eta lokatzak Valentzia hartu zuten (Herrialde Katalanak). Tanta hotzaren ondorioz, metro karratuko ehunka litro bota zituen ordu gutxian, eta Valentziako hiriburuaren hegoaldeko udalerriak lokazpean geratu ziren. Europan azken hamarkadetan izandako uholde bortitzenetakoak izan ziren, 237 pertsona hil baitziren, eta milaka milioi euroren kalteak sortu. Hasiera-hasieratik, erakunde publikoen kudeaketa txarra jo da hondamendiaren erantzule nagusitzat, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentea eta haren gobernua bereziki. Orain, Catarroja udalerriko epaile baten eskuetan dago prozedura judizial bat, baina dokumentazioa biltzen ari dira oraindik.
Ikusi gehiago
Politikarien erabakiak erabakigarriak izan baziren ere, tanta hotzak iazko urriaren amaieran Valentzian sortu zuen txikizioa ezin da azaldu beste hainbat fenomeno ulertu gabe. Horietako bat, hain zuzen, Valentzia hiria zabaltzeko historian zehar hartutako hirigintza erabakiak dira. Metropoli horren hirigintza ereduari buruz galdetuta, XX. mendearen erdialdera jo du zuzen-zuzenean Jorge Ramon Rosek, historia garaikidean doktoreak, Francisco Francoren diktadura betean hartu ziren erabakiak azaltzera.
Plangintza txarra
1957. urtean mugarri izan zen gertakari bat ekarri du gogora: urte hartan, iaz gertatu bezala, tanta hotz batek probintzia hartu zuen, eta garai hartan Valentzia hiriaren erdigunea zeharkatzen zuen Turia ibaiak gainezka egin zuen. Uholde handiak izan ziren, eta 81 pertsona hil ziren. Hala ere, nabarmendu du mugarria ez zirela izan horrenbeste uholde horiek, baizik eta horiei eman zitzaien erantzun instituzionala: «Turia ibaia hirigunetik aldentzeko proiektu hidrauliko eta urbanistikoak egin ziren, Horta Sud aldera. Plan Sur deitu zitzaion proiektu horri: sei eta zazpi kilometro arteko hormigoizko ibilgu bat eraiki zen, eta Valentzia hiria inguruko udalerrietatik banandu zuen».
«Sei eta zazpi kilometro arteko hormigoizko ibilgu bat eraiki zen, eta Valentzia hiria inguruko udalerrietatik banandu zuen»
JORGE RAMON ROS Historia garaikidean doktorea
Azaldu duenez, desbideratze hori ez zen azpiegitura soil bat izan: «Harresi urbanistiko sozial bat bihurtu zen. Herritarren bizitza guztiz aldatu zuen azpiegitura horrek: batetik bestera oinez joateko moduan zeuden auzoak bat-batean bereizita geratu ziren». Nabarmendu du ibaiaren ibilgu berriak erakartze efektu moduko bat sortu zuela, «mota askotako azpiegitura kutsagarri, inbaditzaile eta arriskutsuak» egin baitzituzten ondoren, industrialdeak bereziki.
Ikusi gehiago
«Arazoa da horietako gehienak uholde eremuetan eraiki zirela; adibide oso adierazgarriak daude, Ribarrojakoak eta Quart de Pobletekoak esaterako. Horietan izan ziren kalterik handienak iazko uholdeetan, trokarte batzuen uholde eremuetan eraiki baitziren. Azkenean, ibaixka horiek ibilgu zehaztu bat izateari utzi zioten, eta errekek zekartena zabaldu egin zen». Turia ibaia desbideratzeak atzealde sakona duela ere azaldu du, uholdeetan ura Valentziako hirigunera ez sartzeko eginda baitzegoen: «Bost axola zitzaien zer pasa zitekeen hegoaldeko herrietan».
Klase arrakala
Baina kaltetutako eremuetan jende asko ere bizi da: ez zeuden soilik industrialdeak. Rosek nabarmendu du 1960ko hamarkadan asko handitu zela Valentziako hiriguneko biztanleria, Albacetetik, Ciudad Realetik, Cuencatik eta bestelako lekuetatik jende asko joan zelako lanera: «Hazkunde hori bereziki erregimenarekin lotura zuten promotore askok aprobetxatu zuten, uholde eremuak kontuan hartu gabe etxebizitzak masiboki eraikitzeko. Horta Sud, kalterik handiena izan den eskualdea, biztanleria migratzaile langile gehien heldu ziren ingurua izan zen. Ibaia desbideratu aurretik arrakala bazegoen Horta Nord eta Horta Sud artean, horren ostean are gehiago».
«Horta Sud, kalterik handiena izan den eskualdea, biztanleria migratzaile langile gehien heldu ziren ingurua izan zen»
JORGE RAMON ROSHistoria garaikidean doktorea
Hala ere, nabarmendu du inguru horren industrializazio eta urbanizazio azkarra ez zela izan sinpleki hazkunde demografikoari erantzuteko mekanismo saihetsezin bat: «Erabaki politiko horiek hari desarrollista bati jarraitzen zioten, eta nekazaritza eremuak sakrifikagarriak bihurtu ziren».
Ikusi gehiago
Alfafar udalerriko Orba auzoaren sorrera jarri du garai hartako trikimailuen adibidetzat. Iazko uholdeetan kaltetuenetakoa izan zen inguru hori, eta, azaldu duenez, Alfredo Corral izeneko promotore batek eraiki zuen; bada, hark garai hartako Valentziako alkatearekin zuen harremana aztertu du Rosek: «Erreferentziak topatu ditut non Alfredo Corralek Adolfo Rincon de Arellanori, garai hartako Valentziako alkate falangistari, bere burua eskaintzen zion etxebizitza mordoa eraikitzeko. Eta non egin zituen? Orba auzoan, Catarroja errekatik metro gutxira, iaz kaltetuena izan zen inguruan».
Rosek Ana Camarasa katedratikoak landutakoak ekarri ditu gogora, eta azaldu du hura izan dela gaia hobekien landu dutenetarikoa: «Hark ederki azaltzen du nola ibai edo erreka bati hormigoizko ibilgu bat egiteak eta bihurgunedun ibai bat zuzen bihurtzeak drainatze ahalmena kentzen dion eremuari eta abiadura handitzen dion emariari. Horregatik, sedimentu askoz gehiago biltzen da arroaren beheko eremuan, eta uholdeetan suntsipen handiagoa izaten da».