Herri mugimenduak

Norena da kalea?

Dirurik ez dagoen argudioarekin bazter utzi ditu Burgosek Gamonaleko bizilagunen aldarrikapen oinarrizkoenak. Ondorioz, auzokoen babesik gabe zortzi milioiko kostua duen bulebarraren lanak hasitakoan, giroa lehertu da.

Manifestazioa, protestetan atxilotutakoak askatzeko eskatuz. SANTI OTERO / EFE
2014ko urtarrilaren 19a
14:36
Entzun

Gamonalen sorrerari buruzko istorioa hiri inguruko beste hainbat langile auzorena bezalakoa izan zitekeen, zeinak abiada bizian eraiki zituzten diktadurapean, nekazaritza guneetako baldintza gogorretatik ihesi aukera berri baten bila hirira migratzea erabaki zuten familiei tokia egiteko asmoz.

Herri independentea izan zen 1955ean Burgosek bere egin zuen arte, eta hazten jarraitu zuen 80ko hamarraldian migrazioa eten zen arte. Garapenaren Polo gisa ezagutu izan da —industrialdearen baliokide frankista—; fabrikarik gabeko inguru bat industrializatzeko helburuarekin sortu zen, eta 60ko hamarraldiaren erdi aldean hazi zen gehien bertako biztanlegoa. Ondorioz, eta herri txiki baten barruan auzo oso bat asmatzeko, gauza asko inprobisatu ziren. Gauetik goizera, etxebizitza sail handiak hazi ziren, bizilagunen artean sehaska etxe gisa ezagutuak, bikote ezkonberri eta iritsi berriei begira eginak zirelako.

"Egiturazko hutsuneak daude, eta plangintza eskasa izan da. Ez dago lorategi, ez berdegunerik. Vitoria kaleko etxebizitzen atzealdeak, duela urte batzuk arte, lokatzezko zelaiak ziren, eta eskolara beti lokatzez beteta iristen ginen", dio Albertok, egun langabezian dagoen historia irakasleak. Gamonaleko 40 urteko bizilagun horrek zerbitzuen etengabeko eskasiaz hitz egiten du, zeintzuetan egin diren aurrerapauso gutxiak gizarte borrokari esker lortu diren zentimetroz zentimetro. Eta lorpenak asko izan ez diren arren, auzoari buruz harrotasunez hitz eginarazten diote: "Gure belaunaldiak aukera gutxi batzuk lortu zituen, nolabaiteko ongizatea ezagutu genuen, baina, alde horretatik, gazteentzat ez dago inolako itxaropenik, dena da ezkortasuna eta babesgabetasuna, eta haserrea adierazten bada kalean, zail da hori kontrolatzea".

Hala ere, oraindik badira konpondu gabeko aldarrikapen historiko handiak, zeintzuengatik hamar urte baino gehiago daramatzaten udalarekin borrokan, "besteak beste, eskola baten ondoan lurpean sartutako goi tentsioko kablea, euria egiten duen aldiro urez betetzen diren garajeak, liburutegiaren erabateko utzikeria...". 2010etik 2012ra, udalak ez zituen zebrabideak ere margotu, dirurik ez zuelako.

Lehertzeko arrazoia

Martinianok, 57 urteko igeltseroak, ezin die emozioak eragindako malkoei eutsi azken egunetan gazteek erakutsitako jarreraz hitz egiten duenean. Maskurrez beteriko eskuekin malkoak lehortzen dituen bitartean, emozioz beterik kontatu du nola azken egunetan gazteek herri borrokari buruzko bere istorioak entzun dituzten. Gamonalen bizi da 1970eko hamarralditik, eta denek izenez agurtzen dute. "Azken egunotan gertatutakoa atxiloketa eta istiluetara murriztea oso sinplista da". Harentzat, atzean gehiago dago: "Guretzat bulebarra garrantzitsua da, noski, baina gazteentzat lehertzeko arrazoi bat besterik ez da. Denak oso erreta gaude", esan du, hasierako emozioa haserreagatik aldatuz. "Askok ez dute zer jan, eta gazteek ez dute ez lanik eta ezta aukerarik ere". Gamonaleko 60.000 herritarretatik —Burgosko biztanlegoaren herena—, 18.000 langabezian daude, eta gazteen langabezia %70ekoa da.

Norbaitek herriaren erdigunea bilatuko balu, Antiguako Andra Maria Erreginaren parrokiaren inguruan aurkituko luke alde zaharraren baliokidea, non oraindik zutik mantentzen diren bi solairuko hainbat etxe txiki eta zahar, haietako gehienak hutsik. Lehen begiradan, utzikeria nabari daiteke, ateak murrutuak, leihoak itxita eta hormak zartatuak.
"Ez dituzte bota oraindik, ondare historiko izendatu zituztelako, baina udalari ondarea ez zaio batere axola", azaldu du Alvarok. Ez da auzokoa, nahiz eta harreman estua duen bertakoekin. Espacio Tangente artearen inguruko zentroko kidea da, eta auzoari buruzko bi dokumental zuzendu ditu: De quien es la calle (Norena da kalea) 2005eko gatazkaren ingurukoa eta Gamonal(es), auzoaren historiari buruzkoa. "Utzikeria dago", dio, aparkaleku lanak egiten dituen eremu bat seinalatuz, putzuak adina auto dituena. "Zenbat diru kostako litzateke hau asfaltatzea? Baina nahiago dute inork eskatu ez dien 8 milioiko bulebar bat egitea".

Vitoria kalea gurutzatuta dago Eladio Perlado kalea, 2005ean Gamonal mapan kokatu zuena, ehunka bizilagun kalera irten zirenean, Poliziari aurre eginez, lurpeko aparkaleku pribatu baten aurka protestatzeko. Langileak gauez eta Poliziaren babespean lan egitera behartu zituzten. Hainbat egunez, bizilagunek antolatu eta hesiak apurtu zituzten. Azkenik, herri protesta handien ostean, udalak lanak gelditu zituen, eta eraikuntza bertan behera utzi zuen. "Alkateak, gerora hamabi urterako gaitasunik gabe utzi zutenak, lanen kostua bizilagunei ordainarazi nahi izan zien", jarraitu du Alvarok. Eraikitzailea, Antonio Miguel Mendez Pozo, zazpi urteko kartzelara zigortu zuten, baina soilik bederatzi hilabete bete zituen: "Indartuta atera zen, eta Merkataritza Ganbera zuzendu zuen, hainbat komunikabideren jabe izateaz gain". "Borrokatzera ohitua dagoen auzo bat da hau. Trantsizioan, ogiaren prezioa ez igotzeko manifestazioak egitera heldu ziren", esan du, historiari gainbegiratu bat emanez.

Bizilagunek hilabeteak daramatzate lanak gelditzeko protestetan. Bi manifestazio handi egin dituzte, baina udalak ez die harrerarik egin talde horiei. "Nahita kriminalizatu dituzte. Telebistako eztabaida batean, zioten indarkeriak ez daramala inora, baina azken egunotakoa gertatu ez balitz, honek tokian tokiko gatazka izaten jarraituko zukeen, eta udalak lanekin jarraituko zuen, bizilagunen gainetik igaroz. Planto egin eta harrika gelditu dituzten arte, ez dira komunikabideak etorri", esan du, etsita. Burgosko egunkari nagusiak ozta-ozta egin zien kasu aurreko protestei, guztiak baketsuak izanik—Mendez Pozo da egunkari haren jabea, eta bulebar berriko lanak egin behar zituen enpresaren jabea ere bai—.

"Inoiz ez nuen horrenbeste txorakeria entzun. Atzo [asteazkena] telebistan jarraitzen zuten esaten atxilotuetako asko kanpokoak zirela. Eta, noski, gezur bat askotan errepikatuz gero egia bilakatzen da, baina ez digute ziria sartu", dio, ziur. Azken asteko istiluetan atxilotutako 47 lagunetatik 45 auzokoak dira, eta haietako batzuk, adingabeak. "Honek ezin du horrela jarraitu; indarkeria erabiltzen du estatuak hiritarrekin. Zer nahi dute, jendea isiltzea?".

‘0 eremua’

Carmelok 43 urte ditu, eta paseatzen dabil txakur txiki bat besoetan duela. Hara-hona dabil, hotza engainatu nahian. Hamabietako eguneroko batzarra hasi zain dago, gaur ere [osteguna] manifestazioa egingo duten jakiteko. "Hemezortzi hilabete daramatzat langabezian; beraz, denbora soberan dut".

0 eremu gisa ezagutzen den tokian biltzen dira egunero bizilagunak, ingurua zainduz, lanak hasteko makinak sar ez daitezen. Alkateak horiek geldituko dituela hitzeman duen arren, ez dira fidatzen. Norbaitek banku bat ekarri zuen, eta geroago beste bi. Belaki batek aterki erraldoi baten lanak egiten ditu, eta, era horretan, zaintzak giro hotzean egiten dira, baina lehorrean. Goizetan salda eta kafea banatzen dute.

"Onean entzuten ez badigute, beste era batera egin beharko dute", esan du, hilabeteetako mobilizazioei erreferentzia eginez. "Auzokoak gara hemen gaudenak. Kanpotar bakarrak zuek eta istiluen aurkakoak zarete", berretsi du, txakurra laztantzen duen bitartean. Bitartean, adineko gizon batek eten dio, "presoei ordaintzeko borrokari buruz" galdetzeko. "3.000 euroko bermea? Hori izugarrikeria da langabezian dagoen familia batentzat".
Kafetegi batean, Manuel eta Cristina euritik babesten dira. Auzokoak izan dira, nahiz eta orain hemen bizi ez. "Oso harro gaude", diote, irribarre batekin. Une horretan, tabernan, norbaitek isiltasuna eskatu du. Telebistan auzoko irudi batzuk agertu berri dira. Profil kontserbadoreko hizketaldikideak protestak kriminalizatzen ari dira beren iruzkinekin. Manuelek hasperen egin du, eta burura eraman ditu eskuak: "Kaltegarriak dira, gaiztoak. Euren gezurrak ere sinetsi egiten dituzte!". Zerbitzaria gerturatu da, eta telefonoan dituen argazki batzuk erakutsi dizkigu. Gamonalen alde beste hiri batzuetan egindako bilkurak dira. "Begira, Madril, Oviedo, Salamanca... Jendea nazkatuta dago, nazkatuta!", dio. Kalean Loli eta Gloria, erretiratutako bi ahizpa, manifestazioa hasi zain daude. "Langile auzo baketsu eta lasai batekoak gara, baina udalak ez digu inoiz kasurik egin. Konpon ditzatela lehenik konpondu beharrekoak, eta utz ditzatela bulebarrak".

Hasiera batean lanak behin-behinean geldituko zituztela iragarri arren, ostiralean eginiko bilkuran lanekin aurrera egitea erabaki zuen udalak, PPren gehiengoa baliatuz. Bide batez, "manifestariek eragindako istiluak" gaitzetsi zituen Burgosko alkate Javier Lacalle popularrak. Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamariak babesa helarazi zion Lacalleri, ohartaraziz manifestazioek «baketsuak» izan behar dutela, eta ezin dela "indarkeria erabili iritzia adierazteko baliabide gisa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.