Gijongo (Espainia) 1. Instrukzio Epaitegiak Nucleo Nacional talde ultraeskuindarraren jarduna eteteko agindu du gaur, baita haren sare sozialetako kontuak, banku kontuak eta egoitzak ixteko ere. Astebete ere ez da igaro Nucleo Nacionaleko hamalau lagun atxilotu zituztenetik, talde kriminaleko kide izatea, gorroto delituak egitea eta armak legez kanpo edukitzea egotzita.
Ostiralean atxilotu zituzten, eta horietako hamar igandean utzi zituzten aske, kautelazko neurriekin: ezin dira Espainiako estatutik atera, pasaportea kendu diete, eta astero joan behar dute auzitegira. Akusatuen artean daude, besteak beste, Ivan Rico taldeko lider eta bozeramailea, eta Isabel Peralta ekintzaile ultra.
ElDiario.es atariak auziko dokumentuak irakurri ahal izan ditu, eta, kasua daraman epaileak horietan dioenez, talde «paramilitartzat» jo daiteke ekintza «biolentoak» planifikatzen dituztelakoan. Joan den asteko operazioetan, poliziek hogei suzko arma baino gehiago eta munizioa atzeman zituzten, baita arma zuriak eta taser pistolak ere. Epailearen arabera, akusatuetako gehienak armak edukitzeko baimenak dituzte, baina ez taser pistoletarako eta altzairuzko ukabiletarako —horiek legez kanpokoak dira—.
Ikerketa Gijongo eskola baten inguruan otsailean izan ziren istilu batzuen harira abiatu zuten; hainbat ikasle zauritu ziren. Orduko hartan, Polizia gazteez osatutako Asturiasko talde ultra bat ikertzen hasi zen, White Boys izenekoa, zeinak parte hartzen zuen Nucleo Nacionalek antolatutako ekintzetan.