Fukushimako istripuak 10 urte. Marcel Coderch. Ingeniaria

«Nuklearrak berpizteko saioa zapuztu zuen istripuak»

Energia nuklearra hilzorian dagoelakoan dago Coderch. Istripu nuklearrek eragina izan dute horretan, baina beste arrazoi bat ere ikusten du: ekonomikoki ez dira errentagarriak.

BERRIA.
inaki petxarroman
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Telekomunikazioetako ingeniaria da Marcel Coderch (Olot, Herrialde Katalanak, 1953), eta Kataluniako Generalitateko energia gaietako aholkulari izan zen. El espejismo nuclear liburua idatzi zuen 2009an (Ameskeria nuklearra), Fukushimako istripua izan baino bi urte lehenago.

Hamar urte pasatu dira Fukushimako hondamendi nuklearretik. Zer ondorio atera litezke?

Nagusiki bi ondorio atera litezke. Batetik, posible dela hondamendi handi bat gertatzea indarrean zegoen segurtasun esparruaren barruan. Bestetik, hondamendiaren ondorio ekonomikoak oso garrantzitsuak direla. Zorionez, eragindako giza ondorioak ez ziren izan izan zitezkeen bezain larriak.

Japonian gertatu izanak erakutsi zuen herrialderik garatuenetan ere izan litezkeela istripuak.

Erakutsi zuen ez dagoela herrialderik halakoetatik salbu. Japonian tsunami batek eragin zuen, baina azken arrazoia izan zen zentralak energia hornidura independenterik gabe geratu zirela, eta, ondorioz, ezin izan zituztela erreaktoreak itzali modu ordenatu batean. Hori edozein instalaziotan gerta daiteke.

Ze ondorio izan ditu istripuak energia nuklearrarentzat?

Ondorio nagusia izan da errotik eten zuela batzuk bultzatzen ari ziren nuklearrak berpizteko saioa. Industria nuklearra ahalegin horretan ari zen, eta istripuak eten egin zuen hori, herrialde askok birplanteatu egin zituztelako instalazio horiekiko planak.

Europan, esate baterako, iraganeko kontua direla esan liteke?

Europan, AEBetan eta Japonian itzaltzen joango dira zentralak, prozesu hori hornidura elektrikoa bermatzearekin uztartuz. Fukushimakoaren ondoren, zentral horien segurtasun irizpideak zorroztu egin dira, eta horrek kostuak garestitzea ekarri du. Horrez gain, kostuak gero eta handiagoak dira, eta, horren ondorioz, zentral nuklearrak ez dira lehiakorrak.

Baina zenbait herrialdetan ari dira zentralak eraikitzen.

Tira, segurtasun irizpide horiek aintzat hartzen diren herrialdeetan oso zaila da proiektu berriak abiatzea. Non ari dira bultzatzen? Errusian eta Txinan. Txina eredu propioak garatzen ari da, non irizpide ekonomikoak bigarren mailan daudela ematen duen. Edonola ere, Txinak bere mix energetikoaren %2 betetzen du energia nuklearrarekin, eta haren helburua da %5era iristea. Haien ondoan India dago, baina ez dirudi haren plan nuklearra arrakasta handikoa denik.

Segurtasuna hobetzeko zerbait aurreratu dute erreaktore berrietan?

Duela hamarkada batzuetako teknologia bera ari dira erabiltzen. Ez dago berrikuntza handirik. Segurtasuna hobetzeko bide bakarra kostuak handitzea da, eta horrek bideragarritasun ekonomikoa galarazten du.

Istripu nuklearrek hondoratu egiten dute energia nuklearra merkea delako mitoa?

Zentral nuklearrak inoiz ez dira izan saldu duten bezain errentagarriak. Kostu asko ezkutatu egin ziren, edo etorkizunerako utzi zituzten. Ez dira kontuan hartu hondakinak, desmuntatzea eta istripu baten ondorioak kudeatzeko aukeraren kostuak. Fukushimako istripua kudeatzeak ekarri duen gastua Japoniako azpiegitura nuklear guztiaren parekoa da. Beraz, kilowatt-orduaren prezioa bi aldiz garestiago kobratu beharko zuten, gastuak pixka bat orekatze aldera.

Esaten ari dira agian erreaktore txikiagoak direla irtenbidea.

Hori asmatu duten beste aitzakia bat da, zeren esan zuten erreaktore handiak egin zituztela kilowatt-orduaren prezioa merkeagoa izango zelako ekoizpen handiko zentraletan. Orain zentral txikiagoak nahi dituzte, baina kostu finkoak ekoizpen txikiago batekin estali beharko dituzte, eta, beraz, garestiago ere irten litezke.

Zentral nuklearren eraikuntza, gainera, ez da merkatzen ari.

Hori da beste teknologia batzuen aldean duen beste desabantaila bat.

Klima larrialdiaren garaian isuri gutxiko teknologia bat dela aldarrikatzen dute.

Garbi dago CO2 isurketak gutxitu behar direla. Kontua da zer eraldaketa behar den murrizketa ahalik eta handiena izan dadin egindako inbertsioaren truke. Kalkulu hori egiten bada, nuklearrak ez dira ongi ateratzen. Zeren eta askoz merkeagoa da CO2 isuriak gutxitzea beste teknologia batzuen bidez: esate baterako, berriztagarriak eta elektrizitate biltegiratzea uztartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.