Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek aurrez iragarritakoa ofizial egin du Barack Obama presidente hautatu berriak. Hillary Clinton aurkari ohia herrialdeko Estatu idazkari izendatu du, eta Robert Gates, berriz, Defentsa idazkari karguan berretsi du. Gates errepublikanoa lehenengoa izango da bi alderdi ezberdinekin boterean jarraituko duena. Clinton diplomazia arloan eta GatesPentagonoan, Obamaren segurtasun nazionaleko taldeko buru garrantzitsuenak izango dira. Bi horiez gain, beste hiru izendapen ere publiko egin zituen atzo presidente hautatu berriak, Chicagoko prentsaurrekoan. James Jones Etxe Zuriko segurtasun nazionaleko aholkularia izango da aurrerantzean, Eric Holder Justiziako idazkaria eta Janet Napolitano Barne segurtasun idazkaria.
Nortasun handia duten agintariak dira denak ere, AEBetan arerioen taldea deitu diote kabineteari, baina Obama ez du kezkatzen horrek. «Nortasun irmoa eta iritzi sendoak dituztenengan biziki sinesten dut, erabaki onenak era horretara bideratzen direlako». Aholkularien artean «debate handia» bultzatuko duela azaldu du, ikuspegi orokorra berak zuzenduko duen arren. Lidergo eredu berria ezarri asmo du AEBetan, botere militarra, diplomaziarena eta ekonomikoa bat eginda. Kabinetea osatzeko bidean, Clintonen izendapena bereziki babestu du Obamak agerraldian, «lagun handia» duela argudiatuz.
«Estatu idazkari bikaina izango da. Hori pentsatuko ez banu, ez nioke kargua emango; eta hark nik presidente izateko gaitasuna ez dudala pentsatu izan balu, ez zukeen eskaintza onartuko». Herrialdeko segurtasuna, diplomazia eta botere militarra uztartuta defendatu behar dela esatean biak bat datozela azaldu du Obamak. Dena den, atzerri politikari dagokionez, Alderdi Demokrataren hauteskunde primarioetan Clinton hura baino oldarkorrago mintzatu zen. Condoleezza Ricenlekukotza hartuko du, eta Obamak zehaztutako erronkei buru eman beharko die. «Gauza asko dago egiteko, Iranen eta Ipar Korean arma nuklearren hedatzea eragoztea, Israelen eta Palestinaren arteko bake iraunkorra lortzea eta nazioarteko erakundeak indartzea, beste batzuen artean», nabarmendu du Barack Obamak.
Uda bitartean elkarren aurka primarioen lehia estuan oldartu baziren ere, New Yorkeko senatari kargua utzi beharko duen Clintonek pozarren hartu du izendapena. «Harro nago zurekin batera aritzeaz abentura zail eta kitzikagarri honetan», ihardetsi dio presidente hautatu berriari. Adituen esanetan, demokraten artean barne bozek irekitako zauriak sendatzea du helburu Obamak, baita une zailean Clintonen eskarmentua baliatzea ere.
Pentagonoan egonkortasuna
Bestalde, Robert Gates Defentsa idazkaritzan mantenduta, egonkortasuna du helburu Pentagonoan Obamak, AEBak gerretan murgilduta daudenez gero. Gutxienez urtebete karguan izatea onartu du Gatesek: «Bi gerratan gaude, eta etxean eta mundu osoan beste zenbait erronka handi ere baditugu orain esku artean».
Gatesek Donald Rumsfelden lekukoa hartu zuen Pentagonoaren buruzagitzan, eta errepublikanoek ez ezik, demokratek ere hobetsi dute azken hilabeteetako haren eginkizuna. Obamaren erabaki batzuk sostengatu ditu errepublikanoak, baina ez dira bat etorri orain arte Irakeko soldaduen erretiratzean eta Iranekin negoziatzeko asmoan. Gatesek errepublikanoen ohiko jokabide zurruna izan du gai horiei buruz.
«Arerioei irabazteko, gure gaitasuna indartuko dugu kideei laguntzeko. Itun zaharrak berrituko ditugu, eta berriak sortu», dio Obamak. Ia berrehun hil eragin dituzten Bombayko atentatuei buruz zera esan du: «Ezin dugu onartu muturrekoek errugabeak ideologia faltsuetan oinarrituz hiltzen dituzten mundua».
Nazio Batuen Erakundean enbaxadore izan dadin Susan Rice proposatu du, bestalde. Halaber, hedabideen arabera, Bill Richardson energia idazkari izendatuko du, eta Tom Daschle Osasunekoa.
Estatu idazkari bikaina izango da; hori pentsatuko ez banu, ez nioke kargua emango»
Barack Obama
AEBetako presidente hautatua
«Harro nago zurekin batera aritzeaz abentura konplexu bezain kitzikagarri honetan»
Hillary Clinton
Estatu idazkari izendatua
Obamak Estatu idazkari izendatu du Clinton, eta Gates karguan mantendu
Etxe Zuriko kabinetea osatzeko, Holder, Jones eta Napolitano ofizialki izendatu ditu AEBetako agintari hautatu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu