Pervin Buldan (Hakkari, Kurdistan, 1967) DEM Herrien Berdintasunaren eta Demokraziaren Aldeko Alderdiko diputatua da, eta Turkiako Parlamentuko presidenteordeetako bat. 1994ko ekainaren 3an, bi «ezezagunek» senarra bahitu zioten, Savas Buldan, beste bi lagunekin batera. Biharamunean, Bolun aurkitu zituzten haien gorpuak: modu izugarrian torturatuak eta exekutatuak. Handik urtebetera, Buldan Larunbateko Amak elkartera batu zen, estatuak eta paramilitarrek desagerrarazitakoen senideen elkartera, eta, aldi berean, HADEP Herri Demokraziaren Alderdi kurduan sartu zen.
Hauteskunde orokorretan diputatugai izan zen hainbat aldiz, eta, azkenean, 2007an, independente gisa hautatu zuten Igdir probintzian; hain zuzen, hango lehen diputatu emakumezkoa izan zen. Aurrerago, HDP Herrien Alderdi Demokratikoko diputatu gisa hautatu zuten, eta HDPren Ohiko III. Batzarrean, berriz, 2018ko otsailaren 11n, presidentekide aukeratu zuten.
2013tik 2015era, Konponbide Prozesua esan zaion horretan, Imraliko kartzelan (Turkia) Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillaren sortzaile eta liderrarekin bildutako ordezkaritzaren parte izan zen Buldan —Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek amaiarazi zuen prozesu hura, alde bakarrez, 2015ean—. Orain dela gutxi, uztailaren 25ean, Buldan berriz izan da Imralin, eta bisita horri buruzkoak kontatu dizkio BERRIAri.
Nolakoa izan da Ocalanekin berriz elkartzea hainbeste urteren ondoren?
2013tik 2015era bitarteko negoziazioetan, maiz bildu nintzen Ocalanekin, eta bilkura probetxuzkoak izan ziren oso. Gero, ordea, bakartu egin zuten, modu ikaragarri zorrotzean, eta hamar urtez ez genuen haren berririk izan. Prozesu berri honetan berriz harekin egon ahal izatea eta prozesu hori abiarazteko borondate sendoa duela ikustea oso gauza baliotsua izan da niretzat.
Izan ere, eragin handiko lider bat da Ocalan: eskualde honetako mugez haraindi ere iristen da haren itzala. Haren figuraren bitartez, begien bistan ditugu herri baten patua ez ezik baita eskualdeko arazoak konpontzeko proposamen zehatzak ere.
Niretzat, ohore izugarria da prozesu honen parte izatea, konponbidearen bila jardun ahal izatea. Pribilegioa da ekarpena egitea inguru honetako herriek gerrarik eta gatazkarik gabeko etorkizuna izan dezaten.
Ocalanek 2025eko otsailaren 27an egindako dei hartatik, kurduen mugimenduak pauso nabarmenak eman ditu. Iruditzen zaizu Turkiako Gobernua ere zintzotasun berberaz ari dela erantzuten?
Aurreko garai batzuen aldean, badirudi oraingoan bi aldeek borondate argiagoa eta sendoagoa dutela gatazka bukatzeko. Gatazkak konpontzeko eredu bat sortzen ari da hemen, mundu osorako eredu historiko bilaka daitekeena. Gaur egun ikusten ari garena sekula ez zen aurrez inon ikusi; parerik gabeko prozesu bat da hau.
«Aurreko garai batzuen aldean, badirudi oraingoan bi aldeek borondate argiagoa eta sendoagoa dutela gatazka bukatzeko»
Otsailaren 27ko deia, PKKren XII. Kongresuko erabakiak [su etena deklaratzea, armak uztea eta oraindik erabakitzeko dauden fase eta modu jakin batzuetan taldea desegitea] eta uztailaren 11n armak entregatzeko egin zen zeremonia pauso ausartak dira, eta historikoak, lehenago pentsaezintzat joko zirenak. Egia da Ocalanek eta kurduen mugimenduak arrisku handiak hartu dituztela eta urrats garrantzitsuak egin dituztela. Era berean, ikusten ari gara hala estatua nola gobernua serio prestatzen ari direla ekiteko.
Prozesu hau aztertzean, ez da nahikoa kontuan hartzea zenbaterainoko zintzotasunez ari diren jokatzen bi aldeak; baldintza eta premia jakin batzuk daude, aurrera egitera behartzen dutenak. Esan dezakegu bi aldeak erakusten ari direla borondate irmoz ari direla. Nahiz eta oraindik ez garen iritsi arlo guztietan nahi genukeen helmugara.
Zer pauso espero dira hurrena?
Bake duin eta iraunkor bat lortu nahi dugu. Herri kurduaren eta turkiar herriaren arteko aliantza historiko bat da, bizikidetzan eta elkarren errespetuan oinarritutako senidetasun bat. Oraindik asko dago egiteko. Gatazkak dozenaka urte iraun du, eta zauri sakonak utzi ditu. Baina gure indargune nagusietako bat zera da: gertatu den guztia gertatuta ere ez dela gorroto konponezinik sortu bi herrien artean.
Lur honetan bizi diren herriek oraindik ere esaten dute elkarrekin bizi nahi dutela, berdintasunean eta nork bere nortasunari eutsiz. Bakerako eta elkarbizitzarako borondate kolektibo hori da arrakasta izateko berme nagusia. Hori erdiesten badugu, sekulako lorpena izango da, Turkiarentzat ez ezik eskualdeko herri guztientzat ere: elkarrekin bakean bizitzea posible delako erakusgarri nabarmen bat.
Prozesu honetan, paradigma berri bat proposatu da; alegia, «norbait hil, ala norbera hil» logikaren ordez beste bat hartzea: «Bizi, eta utzi besteri ere bizitzen». Eta, era berean, «ukazioa, arbuioa eta matxinada» ziklo horren ordez onarpen eta elkarbizitza oinarri bat ezartzea.
Egunotan batzorde bat sortu da parlamentuan, eta, aurrera egiteko, nahitaezkoa da esparru legal eta politikoa indartzea. Ardura handia da hori bai politika instituzionalarentzat eta bai parlamentuarentzat. Bi aldeek bakerako borondatea erakutsi dute; orain, erakunde demokratikoei dagokie bake horretarako zutarriak jartzea.
Hobekuntza batzuk izan dira, baina Imraliko bakartzea ez da oraindik guztiz bertan behera utzi. Zure ustez, zer egin behar da horrekin?
Ocalanek askotan esan du bere libertatea ez dagoela libertate kolektibotik bereizita, eta filosofikoki ez diola inolako balio indibidualik ematen bere askatasunari. Hori oso-oso esanguratsua da.
Hala eta guztiz ere, prozesu honetan funtsezko figura da Ocalan, eta, modu eraginkorragoan jardun ahal izan dezan eta zuzenean fase honen gidari izan dadin, baldintza jakin batzuk bermatu behar dira.

Komunikazioaren aldetik, neurri batzuk pixka bat laxatu dira, baina, prozesuak benetan aurrera egitea nahi badugu, Ocalanek modua izan behar du gizarteko sektore guztiekin libre komunikatzeko. Eta hori ezin da lortu txikikeria batzuk doituz edo malgutuz.
Espero dugu prozesua sendotu ahala urratuko dela horretarako bidea. Are gehiago: bide hori finkatzen bada, oraindik ere indarrean diren muga, presio eta ilegaltasunek jada ez dute izango inolako zuribiderik.
Oso pauso sinboliko garrantzitsua izan zen PKK-k uztailaren 11n Irakeko Kurdistanen egindako zeremonia. Prozesua negoziazio fase jakin batean sartu ahala, beste zenbait gai azaleratuko dira, hala nola borrokalarien eta preso politikoen gizarteratzea. Lanean hasita al daude horretarako?
Halako gaietan, gizartea urrats bat aurrerago dabil. Begirada inklusibo eta libertarioagoa dute herritarrek. Esparru politikoan, ordea, parlamentua da halako auziak lantzeko leku egokia.
Turkiako Asanblea Nazional Handian sortu berri duten batzordearen eginkizunik garrantzitsuenetako bat, hain zuzen, auzi horiei konponbidea aurkitzea da. Aurrera egin nahi badugu, esparru legal eta politiko sendo bat sortu behar da.
Zer esango zenieke urte hauetan guztietan munduko hainbeste herrialdetan kurduen kausa babestu duten gizarte zibilei?
Lehenik eta behin, nazioarteko botereak eta munduko gizarte zibilak bereizi beharra dago. Munduko herriek erakutsi dute herri kurduaren lagunak direla. Haien borroka babestu dute, beste herri zapaldu batzuena bezala. Gerrak eta gatazkak bukatzea nahi dute, eta herrien eskubideak aitortzea.
«Prozesuak benetan aurrera egitea nahi badugu, Ocalanek modua izan behar du gizarteko sektore guztiekin libre komunikatzeko»
Horregatik, espero dugu munduko gizarte zibilek ahotsa ozentzea eta mundu osoko bakearen aldeko borroka internazionalista indartzea. Espero dugu Turkiako prozesu honetan ez ezik iraganean bezala ahotsa ozentzea eta kontra egitea Palestinan eta Ekialde Hurbileko beste hainbat tokitan egiten ari diren menperakuntza gerra horren kontra ere.
Eta nazioarteko komunitatearen jarrera, berriz, zer iruditzen zaizu?
Zoritxarrez, ez nago, ez gaude oso baikor. Eragin txarra izan dute, are eragin suntsigarria, gaur egun eskualde honetan konpontzeko dauden gatazka historikoetan. Askotan, gerrak eta zatiketak luzarazi dituzte. Guk zera baino ez diegu eskatzen: laguntzeko asmorik ez badute, gutxienez ez daitezela tartean sar, eta ez dezatela oztoporik jar.
Nolanahi ere, ni sinetsita nago bakean bizi nahi duten herrien borondatea sendoagoa dela gatazkari etekina ateratzen diotenena baino. Eta uste sendoa dut patu zail hori aldatu egingo dela.
Besterik gehitu nahi duzu?
Aukera hau aprobetxatu nahi dut senidetasun agur bero bat eta gure errespetu guztia bidaltzeko euskal herriari, zeina borroka eredugarrian aritu baita dozenaka urtez.
Herri zapalduok patu berbera dugu, eta, adiskideen eta aliatuen laguntzaz, elkarrekin aurrera jarraituko dugu mundu justuago, baketsuago eta bizigarriago baterantz.