Alarmak piztu ditu Thwaites glaziarraren egoerak. Izan ere, berriki argitaratutako azterlanak ikusirik, bistakoak dira kezkarako zioak. Mendebaldeko Antartidan dago izotz mendi hori, eta, adituek plazaratu dutenez, «ozta ozta» da desegin gabea. Ikertzaile talde baten arabera, baliteke haren egoera franko aldatzea denbora gutxian: urtu, zatitu eta itsas hondora erortzeko arriskua handia da. Ohartarazpena egin dute horrekin batera: diotenez, horrek erdiz-erdi eraginen luke itsas mailan.
Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dituzte ikerlanaren emaitzak. Datu bat beltz bat eman dute horien artean: izotz mendia urtuko balitz, itsas mailak 1-3 metro artean egin lezake gora. Ondorioz, gaur egun ur azalean diren lur asko lirateke urpean munduan.
Plazaratutako txostenean azaldu dutenez, halaber, ikerlariek ondorioztatu dute Thwaites glaziarrak lehendik ere izan dituela aldaketa nabarmenak, «denbora epe motzean» gainera. Hori dela eta, adituak erne dira. «Glaziarraren etorkizunaren gaineko kezka gero eta handiagoa da», argitaratu du Hego Floridako Unibertsitateak idazki batean –unibertsitate hori da azterlanean parte hartu dutenetako bat–.