2015az geroztik, antolatzen hasiak dira Mailisabako Sifa auzoko zaborrak kalez kale biltzeko, inoren laguntzarik gabe. Lehen, kriminalak ziren, eta hainbat kide galdu dituzte, pobreziaren kriminalizazioaren ondorioz. Beste askok espetxean amaitu zuten. Baina dagoeneko hamazazpi kide dira hainbat jarduera kudeatuz euren burua ahalduntzen ari direnak. Oinarrizkotzat jotzen dute norberak bere jarduera kudeatzea, ahalduntzea lortuko bada. Larunbatero, irabazitakoaren zati bat taldera ekartzen dute, eta inbertsio txikiak egiten dituzte auzoa hobetzeko asmoz. Autoa garbitzeko gune bat sortu dute berriki.
Zabortegian biltzen dituzten hondakin ia guztiak baliatzen dituzte. «Dirua da», azaldu du Shakim Gitonga taldeko lehendakariak. Gazte horien amak joaten dira zabortegira baliagarriak izan daitezkeen gauzak biltzera, baita plastikozko esne poltsa txikiak ere. Zabortegia ustiatu ondoren, ezin aprobetxatu diren soberakinak Dandorako zabortegira joaten den kamioi batek eramaten ditu aldiro, eta hori ere dirua da haientzat.
Egitasmoak mesede egiten dio auzoari ere. Jolasteko eta atseden hartzeko eremu garbi bat berreskuratu dute auzoan, arbolak eta loreak landatuz. Horretaz gainera, kirola egiteko eremu bat bermatu dute, eta auzoko gazte talde batekin harremanetan daude, horiek ere formatu daitezen. Futbol partidak ere antolatzen dituzte hilero. «Gauza sinplea da, baina jende asko biltzen du», esan du Gitongak.
Emakume gazteen taldeak arazo gehiago ditu ahalduntzea bultzatzeko. Indarkeria matxistako kasuak asko dira auzoan. Emakumeek gizonei haurren zaintzarako dirua eskatzen dietenean, gizonezkoek kolpeka erantzuten diete. Hala, emakumeak hasi dira diru iturriak euren kabuz bilatzen. Artisau lanak egiten dituzte, eta gero horiek saldu; modu horretan ez dute inoren menpe egon beharrik aurrera egiteko. Euren artean elkartzen dira hitz egiteko, esperientziak elkarri kontatzeko, baina baita indarkeria matxistaz hitz egiteko eta horri nola aurre egin hausnartzeko ere.
Laguntzarik ez
Beren burua antolatu dutenek ez dute gobernuaren laguntzarik jaso. «Gure dirua aurreztean sinesten genuen, baina konturatu gara hori ezinezkoa dela, gehienok ez baikara egonkorrak finantza gaietan», azaldu du emakumeen taldeko kide Wambuik. Kontainer bat nahi lukete artisautza lanen inguruko jarduera osagarriak antolatu eta komunitatea indartzeko. «Barazkiak, xaboiak, eklosiorako inkubagailua…beharko genituzke, baina arazoa kapitala da», azaldu du Carolinek, beste taldekide batek. Bada, orain arte ez dute konponbiderik aurkitu.
«Gure dirua aurreztean sinesten genuen, baina konturatu gara hori ezinezkoa dela, gehienok ez baikara egonkorrak finantza gaietan»
WAMBUI Emakumeen taldeko kidea
Gazteek ere ideia ugari dituzte, asko baitago egiteko auzoaren garapenean. Zaborren kudeaketa sistema hobetu nahi dute, eta ingurumena zaindu, besteak beste, zabortegiko hondakinak sailkatzeko kontainerrak erabiliz, baina ez dute finantza baliabide nahikorik. «Ahal bezainbeste saiatzen gara», azaldu du Peterson Chegek. «Gazte askorentzako diru iturri izan litezkeen ekoizpenak sortu ahal izango lituzkete auzoan, baina ez dute laguntzarik lortzen, nahiz eta jakin gazteak diru faltagatik jotzen dutela delituak egitera».
Entzunak izatea eskatzen dute, horixe dio Shakimek. Orain arte, baliabide faltari aurre egiten lagundu ahal izan dietenek ez diete telefonorik hartu.
Kenyan azken urtean izan diren protesten aldekoak dira auzo informaletako bizilagunak, nahiz eta protesten inguruan sortutako indarkeria eta nahasmena arbuiatzen dituzten. Gakoa pobrezia da. Politikariek dirua eskaini diete premia gorrian dauden gazte talde batzuei manifestazioetara joan eta liskarrak eragiteko. Hala salatu dute komunitate horietako kideek. Carolineren esanetan, manifestazioak piztu izanaren arrazoi nagusia ekonomikoa zen hasieran orain ordea, «hilketak eta bahiketak dira nagusi».
Boterea eskuratzen
Oinarrizko beharrei dagokienez, auzoetako bizilagun askoren egoera gaiztotu egin da, eta, aldi berean, estatuen militarizazioa zabalduz doa. Hala ohartarazi du Irene Assuwa gizarte ikerlariak. Nairobiko auzoetako gizatalde txikiak bateratzen dituen Justizia-Ekologikoa egitasmoaren koordinatzailea da.
«Aurreko agintaldian sabaia jo genuen, eta orain harrizko hondoa zulatzen ari garela esango nuke»
IRENE ASSUWA Gizarte ikerlaria
Assuwaren esanetan, lege eta politika esparruan nabarmena da 2010eko konstituzioaren elementu progresiboak kentzen ari direla emendakinen bidez, boterea presidentearengan eta ministroengan uzteko. «Iaz, uraren pribatizazioa onartu zuten. Lankidetza publiko-pribatua deitu zioten, baina uraren pribatizazioa da. Baso publikoetan ere inbasioa ikusi dugu. Esku hartzeak egin dituzte lurrak berreskuratzeko aitzakian, baina harrapaketak dira, eta merkatuan oinarritutako beste proiektu batzuetarako bideak zabaltzen dituzte». Horri zorraren arazoa gehitu behar zaio: «Aurreko agintaldian sabaia jo genuen, eta orain harrizko hondoa zulatzen ari garela esango nuke».