Lehen ministroaren aurka hasitako ikerketaren arabera, Olmertek erakunde publikoei bidaia bera finantzatzeko eskatzen zien. Lortutako dirua, gero, bere senideen bidaiak ordaintzeko erabiltzen zuen Israelgo lehen ministroak. Poliziaren arabera, bidaia agentziak bazuten Olmertek egiten zuenaren berri. Polizia iturrien arabera, lehen ministroari formalki susmagarria dela jakinarazi diote; hortaz, hemendik aurrea aitortutako guztia haren aurka erabili ahal izango dute.
Jerusalemgo alkatea zela egin zuen iruzur, antza, akusatuak, 1993. eta 2003. urteen artean. Halaber, Industria eta Merkataritza ministro zela egindakoak ere susmagarritzat dauzka Poliziak. Ehud Olmert 2003. eta 2005. urteen artean izan zen Industria eta Merkataritza ministro.
Eroskeriagatik galdekatua
Morris Talansky AEB Ameriketako Estatu Batuetako enpresari judu baten eskupekoak onartu ote zituen ere ari dira ikertzen. Olmertek ukatu egin du halakorik egin izana; kontrakoa frogatzen bada, lehen ministro kargua utziko duela hitzeman du, gainera.
Bestalde, herenegun gauean, ustezko Hamaseko ekintzaile bat eta Israelgo zibil bat eta soldadu bat hil zituzten Zisjordania iparraldean. Israelek, gainera, hogei palestinar atxilotu zituen; tartean, hildako ekintzailearen semea. Karauat Beni Hasanen etxeratze agindua jarri zuten gero.
Datua
TRATU TXARRAKSalaketa. Mohammed Omer BERRIAko kolaboratzaile palestinarrak salatu duenez, Israelgo inteligentzia zerbitzuetako indarrek umiliatu eta kolpatu egin zuten joan dan ekainaren 26an, Alenbi zubian, Jordania eta Zisjordania artean. 90 minutuz konorterik gabe egon ondotik, Gazako ospitalera eraman zuten.